EHU-N GRADU OSTEKO IKASKETAK EGIN ETA HIRU URTERA, IKASLEEN % 86,55 LANEAN ARI ZEN 22.06.11
Posted by consejosocialupvehu in Prentsa Oharrak.trackback
José Manuel de la Sen, lehen aldiz Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkuraren buru
- 2007an gradu osteko ikasketak egin zituzten pertsonen langabezia-tasa % 7,3 zen.
- Arloko enplegu-tasa % 97 inguru zen.
- Hileko batez besteko diru-sarrerak 2.100 euro inguru ziren
Gradu osteko ikasketak egin eta hiru urtera, EHU-ko ikasleen % 86,55 lanean ari zen eta, horietatik, ia % 97k arlo-enplegua zuten, hau da, bere titulazioarekin bat zetorren, 2007az geroztik Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak, LANBIDErekin lankidetzan, egiten duen Gradu Osteko Trebakuntzaren Laneratzeari buruzko azken azterketaren arabera. Horretan, lau promozioren lan-egoera aztertu da (2004-2007).
Gaur Bilbon bildu den Kontseiluaren osoko bilkuran azterketaren ondorioak aztertu dira. Osoko bilkura hori pasa den maiatzaren 24an, Emilio Guevararen kargua hartzeko, EHU-ren Gizarte Kontseiluko Lehendakari izendatu zen Jose Manuel de la Senek zuzendutako lehena izan zen. Jose Manuel de la Sen ingeniari industriala da, Zuzendaritzako Master bat du IESEn, MBA Master Honoris Causa da ESEUNEn eta industriaren ordezkaria da Bilboko Merkataritza Ganberaren osoko bilkuran. Hasiera batean ingeniaritza zibileko enpresetan aritu ondoren, PETRONORen sartu zen eta hura abian jartzen parte hartu zuen 1972an. Han jarraitu zuen lanean 2009an erretiratu zen arte, Kontseilari ordezkari gisa.
Gradu Osteko Prestakuntza duten pertsonen Laneratzeari buruzko azterketak egiaztatzen du aipatu ikasketak egin zituzten ikasleen langabezia tasa % 7,3 bakarrik zela 2007an eta % 87,8k bere ikasketa-mailekiko egokia zen enplegu bat zutela enpresetan. Unera arte aztertu diren lau urteetako enpleguaren eboluzioa aztertzen badugu, nabarmentzekoa da EHU-ko ikasle ohien arlo-enplegua 5 puntutik gora igo zela aztertutako aldian, nahiz eta enplegu-tasa % 91,9tik (2004ko promozioa) % 86,5era jaitsi zen (2007ko promozioa). Aldi horretan bertan, langabezia-tasa arinki handitu zen, % 6,4tik % 7,3ra.
Hurrengo taulan azterketako enplegu-adierazle nagusietan lau promozioek izandako eboluzioa ikus daiteke:
Azterketako alderdi adierazgarrienetako bat da ikasketak bukatu osteko jarduera- eta enplegu-tasak asko handitu direla. Horrela, gradu ondoko ikasketen aurretiko jarduera-tasa % 70 izatetik % 93,3 izatera pasatzen da ikasketak bukatu ostean, hots, ia 23 puntuko gorakada dago; bien bitartean, enplegu-tasa % 56,6tik % 86,5ra igotzen da, hots, 30 puntu inguru.
Lau promozioen prestakuntzaren eta enpleguaren arteko erlazioaren adierazleen eboluzioa xehetasunez aztertu eta gero, honako hauek ere ikusi dira:
- 2004/07 aldian, lehendik enplegu bat zuten pertsonen ehunekoa egonkor mantendu zen, % 55 inguruan.
- Bestalde, arlo-enplegua igo egin zen seriean zehar eta % 92,1era iritsi zen 2007an.
- Ikus daiteke 2007an (serieko azken urtean) gradu osteko prestakuntzaren inpaktua murriztu egiten dela bost adierazleetan (jarduera-tasa, enplegu-tasa, langabezia-tasa, arlo-enpleguaren tasa, enpleguaren eta ikasketa mailen egokitzapena eta enpleguarekiko asebetetze-maila).
- Murriztapen horrek gizon eta emakumeei berdin eragiten die, nahiz eta emakumezko ikasleen artean enplegu-tasa % 33tik gora mantendu den serie osoan.
- Enpleguaren gradu osteko ikasketa motaren eta ezagutza-arloaren araberako inpaktuari dagokionez, nabarmentzekoa da enplegu-tasaren inpaktua handiagoa dela doktoretza-tesia egin duen ikasleen artean eta Zientzia Esperimentaletako gradu osteko ikasketak egin zituzten pertsonen artean.
- Enpleguarekiko asebetetze-maila, oro har, oso altua da eta egonkor mantentzen da, nahiz eta Osasun Zientzien arloan murriztu egin den 2007ko promozioan.
Enpleguaren kalitatearen eta egonkortasunaren adierazleei dagokienez, nabarmentzekoak dira honako hauek:
- Aztertutako aldian, ikus daiteke egonkortasunak joera arinki beherakorra duela ikasle guztien kasuan.
- Joera hori bi sexuetan mantentzen da, nahiz eta gizonezkoen egonkortasuna % 10 handiagoa den emakumezkoena baino, serie osoan.
- Espezialista eta Master gradu ostekoek egonkortasun-ehuneko altuenak dituzte.
Diru-sarrerei dagokienez, hau hauteman da:
- Hileko batez besteko diru-sarrerak egonkor mantendu dira, 2.050 eta 2.100 euro bitartean, serie guztian.
- Egonkortasun hori bera mantendu egiten da gizonen eta emakumeen arteko batez besteko soldata-distantzian, zeina % 10 inguru altuagoa baita lehenen kasuan.
- Doktoretza Tesien eta Osasun Zientzien arloko gradu ostekoen kasuan lortzen dira hileko batez besteko diru-sarrera altuenak eta baxuenak, berriz, Unibertsitate Masterrak, Espezialista ikasketak eta Zientzia Esperimentaletako ikasketak egin dituzten ikasleek lortzen dituzte.
Azkenik, egindako ikasketekiko asebetetze-mailari dagokionez, hauek nabarmentzen dira:
- Hirugarren Zikloko ikasketak egitea edo Doktoretza Tesia egitea dira gradu osteko ikasketa egiteko motibazio nagusia.
- Curriculum-osagarria arinki jaitsi da 2007 urtean, hots, serieko azken urtean.
- Itxaropenen betetze-maila egonkor mantendu da kasuen % 95ean.
- Batez besteko asebetetze-maila globalak goranzko joera arina mantentzen du eta hori gradu osteko ikasketa mota guztietan eta ezagutza-arlo guztietan hautematen da, sexu arteko diferentziarik gabe.
EHU-ren Gizarte Kontseiluak Lanbiderekin lankidetzan abian jarri duen Euskal Herriko Unibertsitateko Gradu Osteko Prestakuntzari buruzko azterketa 2007an jarri zen martxan eta lau promozioren lan-egoera aztertu du (2004-2007), ikasketak bukatu eta hiru urtera. Proiektuaren helburua ikasleen lan-egoera gradu osteko ikasketak egin aurretik eta hiru urte ondoren aztertzea zen, orobat trebakuntza-mailaren eta enplegu motaren arteko doikuntza aztertzea, enpleguaren ezaugarriak ikertzea inkestaren unean eta gradu osteko ikasketak egindako ikasleen asebetetze-maila eta itxaropenen betetze-maila ezagutzea.
2007ko promozioari dagokion azterketarako, inkestak 2010eko urria eta azaroa bitartean egin ziren. EHUn 2006-2007 ikasturtean gradu osteko ikasketak bukatu zituzten 2.190 ikasletik, 1.234 ikasle elkarrizketatu ziren telefonoz.
Beste gai batzuk
Osoko bilkura berean, Gizarte Kontseiluak zenbait aurrekontu-aldaketa egin dira eta EHUko irakasle eta ikertzaileen zenbait ordainketa-osagarri berrizendatu dira.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.