jump to navigation

GIZARTE KONTSEILUAK UPV/EHU-REN 2013KO AURREKONTUAREN LIKIDAZIOA ONARTU DU. HORREZ GAIN, TITULUDUNEN LANERATZEARI BURUZKO INKESTAREN EMAITZAK ETA GIZARTEARI KONTUAK EMATEKO ADIERAZLE-SISTEMA AZTERTU DITU 23.07.14

Posted by consejosocialupvehu in @@ notas de prensa.
trackback
  • UPV/EHUko lizentziadunen enplegu-tasa %69,4 izan zen 2010ean; hortaz, aurreko ikasturteko lizentziadunen tasarekin erkatuta, 2,6 puntu txikiagoa da 2010ekoa. Teknika-arloko eta osasun-arloko titulazioetan, tasak %75era eta %82ra iritsi dira, hurrenez hurren (ohar honetako 2. orrialdean).
  • Prestakuntzari, ikerketari, hezkuntza-normalizazioari, entzute akademikoari eta gizarte-erantzukizunari lotutako adierazle gehienak hobetu egin dira. Bestalde, finantzaketan, ikerkuntzan eta egokitzapenean krisiaren ondorioak hautematen dira (6. orr.)
  • Osoko Bilkurak onartu ditu UPV/EHUren 2013ko kontabilitate-egoerak. Ekitaldi horren amaieran 116.000 superabita zegoen.

UPV/EHUn 2010ean lizentziatu ziren 10 pertsonatik 7k lana dute. Horrekin batera, Unibertsitatearen adierazle gehienak hobetu egin dira, prestakuntzari, ikerketari edo entzute akademikoari dagokienez. Bi ondorio nagusi horiek jakinarazi dituzte, batetik, «UPV/EHUk gizarteari kontuak emateko adierazleen sistema» azterlanak, eta, bestetik, UPV/EHUn unibertsitate-titulua lortu zuten pertsonen laneratzeari buruzko azterlanak (Encuesta de Inserción laboral de titulados universitarios). Gizarte Kontseiluak sustatu ditu bi azterlan horiek, eta osoko bilkurak gaur aztertu ditu Bilbon egin duen bileran.

Bestalde, osoko bilkurak UPV/EHUren aurrekontuaren kontabilitate-egoerak, 2013ko ekitaldikoak, onartu ditu. Ekonomiari eta finantzaketari buruzko informazio hori Kontseiluari aurkeztu zitzaion gizarteari kontuak emateko prozesuan. Horren arabera, 2013ko ekitaldiaren amaieran 116.000 superabita zegoen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari honako proposamen hauek egitea erabaki du: UPV/EHUn 9 master-ikasketa ofizial berri eta doktorego-ikasketa berri bat ezartzea, zazpi master-ikasketa aldatzea eta lau master-ikasketa kentzea (ikasleei dagozkien deialdiak bermatuta).

Bilera berean, osoko bilkurak graduondoko 3 ikasketaren eta sortu berria den graduko berezko titulu baten tasak ezarri ditu, graduondoko 25 ikasketaren eta 2 gradu lotetsiren prezioak ez aldatzea erabaki du, eta graduondoko 5 ikasketaren tasak aldatu ditu.

Osoko bilkuraren bilera berean, Kontseiluak erabaki du Hezkuntza Ministerioaren 6 lankidetza-beka esleitzea, Eusko Jaurlaritzak onartutako ikerketa-taldeen puntuazioari jarraituta. Beka horiek 2014-2015 ikasturtekoak dira, eta sail batzuei zuzenduta daude. Hona hemen sailok: Kimika Organikoa I, Kimika Analitikoa, Neurozientziak, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak I, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia eta Telekomunikazioko Ingeniaritza.

Osoko bilkurak, halaber, Gizarte Kontseiluaren finantzaketa-informazioaren egoerak, 2014ko ekainaren 30ekoak, onartu ditu, bai eta UPV/EHUren aurrekontuaren aldaketa batzuk ere.

Azkenik, osoko bilkuraren bilera horretan honako kontseilukide hauek hasi dira Gizarte Kontseiluan: Félix Tobar, Josu Aboitiz eta Adolfo Apiñániz, Eusko Legebiltzarraren izenean. Hutsik zegoen kargu bat hartuko dute, eta Paulino Corcuera eta Joseba Gurutz Gómez de Segura ordeztuko dituzte, azken horiek ere Eusko Legebiltzarraren ordezkariak baitziren.

UPV/EHU-N 2010EAN LIZENTZIATU ZIREN 10 PERTSONATIK 7K LANA DUTE. TITULUDUNEN LANERATZEARI BURUZKO INKESTAREN ARABERA, SEI HILABETE IGARO BAINO LEHEN ENPLEGUA AURKITU ZUTEN

UPV/EHUko lizentziadunen enplegu-tasa %69,4 izan zen 2010ean; hortaz, aurreko ikasturteko lizentziadunen tasarekin erkatuta, 2,6 puntu txikiagoa da 2010ekoa. Tasa hori 25 eta 34 urte bitarteko euskal gazte-multzoaren enplegu-maila baino handixeagoa da. Teknika-arloko eta osasun-arloko titulazioetan, tasak %75era eta %82ra iritsi dira, hurrenez hurren.

JARDUERA-, ENPLEGU- ETA LANGABEZIA-TASAK, EZAGUTZA ARLOAREN ETA SEXUAREN ARABERA

tabla1

Ikasketak amaituta, enplegua aktiboki bilatzen hasi eta lehenengo kontratua lortu arte iragan zen batez besteko epea 5,76 hilabetekoa izan da, eta alde nabarmenak egon dira, graduatuen ezagutza-arloaren arabera. Hori horrela, osasun-arloko lizentziadunek hiru hilabete igaro aurretik lehenengo lanpostua aurkitu zuten. Humanitateen arloan lizentziadunek, ordea, ia zazpi hilabete eman behar izan zuten enplegu bila. Teknikoak eta ekonomiko-juridikoak batez bestekoaren azpitik jarri ziren; esperimentalak eta gizarte-arlokoak, ordea, batez bestekoaren gainetik.

KARRERA AMAITU ETA LEHENENGO LANPOSTUA LORTU ARTEKO EPEAK

tabla2

Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuak, Gizarte Kontseiluak eskatuta, UPV/EHUn unibertsitate-titulua lortu zuten pertsonen laneratzeari buruzko azterlan bat egin zuen, zehazki, Estudio de Incorporación a la vida activa de personas tituladas universitarias en la UPV/EHU (2010ekoa). Azterlan hori Gizarte Kontseiluaren osoko bilkuran aurkeztu zen joan den uztailaren 23an. Segidan, txosten horretan jasotako ondorio batzuk azaldu ditugu. Azterlan hori egiteko, urte horretan Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu ziren 7.197 ikasleren %76,2ren iritzia jaso zen.

Txostenak eman dituen datu garrantzitsuenen artean, nabarmentzekoak dira honako hauek:

  • Karrera amaitu eta lehenengo enplegua lortu arte iragan den denbora guztira 9 hilabetetik gorakoa izan da; beraz, ia hiru hilabete gehiago behar izan dira 2008. urteko emaitzekin erkatuta. 2008an nabarmentzen hasi ziren krisiaren ondorioak.
  • Jarduera-tasa %91,2ra iritsi zen (eta 2008koa %92,2 izan zen). Lanposturik ez duten gehienek ikasten jarraitzen dute.
  • Hirugarren mailako prestakuntza duten ikasleen %79,7k lortu dute beren ikasketekin bat datorren enplegu bat. Beraz, lehenengo inkestan (1998koan) jasotako emaitza baina 7 puntu handiagoa da; 2008koaren aldean, ordea, 7 puntu txikiagoa da. Enpleguen %71k ikasketekin lotura handi samarra edo oso handia zuen.
  • Guztizkoaren gainetik, enplegu egonkorra (enplegu-emailea, kontratu finkoak, autonomoak eta kooperatibistak) %45,2 da; 2008koa baino 3,2 puntu handiagoa.
  • Autonomoen enplegu-tasa (langile autonomo gisa edo kooperatibista gisa) %8ra iritsi zen. Arkitektura-ikasketak egin dituzten erdiak autonomoak dira (%54), bai eta Arte Ederrak eta Odontologia ikasi dizuten ikasleen herenak ere. Zuzenbidean, ikasleen laurdenak ere autonomoak dira.
  • Soldaten beherakada orokorra lizentziadunei ere ezarri zaie. Horren harira, batez besteko diru-sarrera hilean 1.398 eurokoa izan zen (2008an, ordea, 1.511 eurokoa zen, eta 2009n 1.493 eurokoa). Kalkulua urteko 14 ordainsariren eta lanaldi osoaren arabera egin da. Emakume tituludun baten batez besteko soldata 1.354 eurokoa izan zen, gizonezkoena baino 110 euro txikiagoa. Soldata handienak osasun-arloan jaso ziren (1.660 euro) eta txikienak zientzia esperimentalen arloan (1.134 euro).

ENPLEGU-KALITATEAREN ADIERAZPENAK, SEXUAREN ARABERA

tabla 3

 

ENPLEGU-KALITATEAREN ADIERAZPENAK, JAKINTZA-ARLOEN ARABERA

tabla5

 

 

  • Gehienek hizkuntzak erabiltzen dituzte lanpostuan. Haietako %52,7k euskara erabiltzen dute (ia %71k gizarte-titulazioetan) eta %30ek ingelesa (batez ere, titulazio teknikoetan eta esperimentaletan).
  • Tituludunen %72,1ek enpresa pribatuetan lan egiten dute (oro har, estatu-esparrukoak, %53,1). Multinazionaletan txikiagoa da kopuru hori (%15,7). Tituludunen %27,9k sektore publikoan (enpresa publikoak eta enpresa publiko-pribatuak) lortu dute enplegua; bereziki, osasun-arloko eta hezkuntza-arloko lanpostuak dira.
  • Honako jarduera-adar hauetan jarduten duten maizago: hezkuntzan (%19,9); higiezin-jardueretan, informatika-jardueretan, B+Gn eta enpresa-zerbitzuetan (%17,4); industrian (%15,5); eta osasun-arloan eta gizarte-zerbitzuetan (%15,4).
  • Lehenengo lanpostua lortzeko faktore nagusiak unibertsitate-titulazioa edo espezialitatea izaten jarraitu zuen (%45,0). Atzetik, honako hauek datoz: «zortea» (%31,7); norberaren ezaugarriak (%27,5) , hots, aurrea hartzeko gaitasuna, motibazioa, etab.; hizkuntzak jakitea (%20,1); lan-elkarrizketa (%19,5) eta unibertsitate-praktikak (%19,3).

Datu horiei erreparatuta, Asier Aloriak, Gizarte Kontseiluko presidenteak, honako hauek nabarmendu nahi izan ditu:

  • Hamahiru urtean UPV/EHUn lizentziatu eta egoera oso ezberdinetan lan-merkatura sartu diren pertsonen emaitzak aztertuta, behar adinako informazio dago, zenbait hausnarketa egiteko: garatutako lanaren eraginkortasunari buruz, Unibertsitatearen eta lizentziadunen etorkizunari buruz eta unibertsitate-zerbitzua hobetzeko hartu ahal diren neurriei buruz.
  • Inkesta krisialdiko une txarrenean egin bada ere, enplegu-tasa ia %70era iritsi da. Enplegu-maila are handiagoa da titulazio teknikoetan (%75), eta, bereziki, osasun-arlokoetan (%82).
  • Negozio berriei ekiteko tituludunen gaitasunak erritmo motelean jarraitzen du gora egiten, eta %3,2 (2008an) izatetik %4,9 (2010ean) izatera pasatu da. Hala eta guztiz ere, oraindik oso urrun gaude Europan ohikoak diren ehunekoetatik. Horrez gain, aurre egin behar diogu ekintzailetza-arloko oinarrizko gaitasunak garatzeko erronkari, enpresa-proiektuetan erakutsiko baitira.
  • Tituludun bat lehenengo enplegua bilatzen hasten denetik aurkitu egiten duen arte igarotzen den batez besteko epea bost hilabete eta erdi baino handixeagoa da. Prestakuntza-maila txikiagoa duten pertsonen taldean, ordea, handiagoa da epe hori.
  • Unibertsitatea gako da prestakuntza handia eskatzen duen enplegu bat aurkitzeko, eta datu hori berretsi du jasotako iritzien sailkapenak: lehenengo lanpostua lortzeko faktore nagusia unibertsitate-titulazioa edo espezialitatea (%45) da; ondoren, norberaren ezaugarriak (%27,5), prestakuntzari buruzkoak, hala nola aurrea hartzeko gaitasuna, motibazioa, etab.; hizkuntzak jakitea (%20,1); lan-elkarrizketa (%19,5); eta unibertsitate-praktikak (%19,3).
  • Titulazioa aukeratzerakoan, generoaren araberako joerak daude. Horrek azaltzen du, hein batean, emakumeei buruzko adierazleak hain onak ez izatea. Hori horrela, emakumeen %15 soilik lizentziatu dira titulazio teknikoetan. Arlo horretan, hain zuzen, eta osasun-arloan jasotzen dira soldata handienak (1.452 euro). Hortaz, orientazio handiagoa eman behar da, batez ere, unibertsitate-aurreko hezkuntza-etapetan emakumeen ehunekoak diru-sarrera txikiagoak edo lanaldi laburragoa bereizgarri dituzten ezagutza-arloetako lanpostuetan nagusi izan ez daitezen.
  • Enplegua duten tituludunak, oro har, pozik daude lortu duten lanpostuarekin, eta, batez beste, 6,91 puntuko nota ematen diote. Ildo horretatik, kontuan hartzen dituzte, bereziki, lanpostuaren egitekoak (7,54) –hots, lana bera– eta pertsonen arteko harremanak (8,16), lanpostuan garatu dituztenak.

Txostena UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren webgunean (www.gizartekontseilua.com) kontsulta daiteke. Txostenaren emaitzak aintzat hartuta, Gizarte Kontseiluko presidenteak honako ondorio hauek atera ditu:

  • UPV/EHUk jarraitzen du prestakuntza-maila handiko profesionalak prestatzen, eta profesional horiek ezinbesteko funtzioa betetzen dute gure gizartean.
  • Enpresek, erakundeok eta gizarteak indar guztiak bildu behar ditugu, ezagutza-ahalmen guzti horren gramo bat ere ez galtzeko: ahalmen hori sortzeak kostua izan duelako, eta ekarpen oso handia ere egin dezakeelako.
  • Euskal herritarrek eta Gizarte Kontseiluak, UPV/EHUn gizartea ordezkatzen duen organoak, kontuan izan behar dute Unibertsitateak gizarteari eta enpresei eskuratzen dizkiela gaitasun handiko tituludunak. Horregatik, lotura egonkorrak eta sendoak sortu behar dira, ikasgeletatik lan-merkatura joateko bideak bermatzeko. Izan ere, hori eskatzen digute Europatik. Prestakuntza-maila ezin hobea lortzen ahalegindu diren milaka gazteri lan-aukera onak eman behar dizkiegu; ez da premia, gure obligazioa baizik.

«KONTUAK EMATEKO ADIERAZLE-SISTEMAREN ARABERA», UPV/EHU-K AURRERAPENAK EGIN DITU GIZARTE-HELBURUAK BETETZEN
Ekonomia-krisiak eta aurrekontuen murrizketek eragin dituzten inguruabar latzak izanda ere, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazle gehienak hobetu egin dira, prestakuntzari, ikerketari, hezkuntza-normalizazioari, entzute akademikoari eta gizarte-erantzukizunari dagokienez. Ondorio hori jakinarazi du «UPV/EHUk gizarteari kontuak emateko adierazleen sistema» azterlanaren 2014ko bertsioak. UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak urtero egiten du azterlan hori, eta Herriko Unibertsitatearen gizarte-helburuak 2008tik gaur egun arte zenbateraino bete diren neurtzeko aukera ematen du. Gako diren 20 adierazleren bidez egiten da neurketa.
2014ko azterlanak (2012ko informazioa jasotzen du, adierazle guztien datu osoak urte horretan azkeneko aldiz jaso zirelako) erakusten du hobekuntza are nabarmenagoa dela epe luzeko bilakaera aintzat hartzen baldin badugu. Horren harira, azken azterlanaren datuek erakusten dute 10 adierazlek hobekuntza nabaria izan dutela, eta 8 adierazlek apur bat egin dutela atzera (haietako bi ez dira aldatu). Epe luzeko datuak, 2008tik aurrerako segida historiko osoa eta 2006ko datuak jasotzen dituztenak, aintzat hartzen badira, 20 adierazletik 16 hobetu dira.
Txostenak UPV/EHUri buruzko ikuspegi orokorra ematen du, bai eta epe laburreko eta epe luzeko bilakaera ere. Horrekin batera, honako oinarrizko datu hauek ere jasotzen ditu: emandako balioa, gizarte helburuen betetze-maila eta konparazio bat, ezaugarri antzeko unibertsitateen emaitzen eta UPV/EHUren emaitzen artean. Txostenaren seigarren edizioa da hori, 2008an informazioa biltzen hasi zenetik. Hortaz, datu fidagarriak eskaintzen ditu, eta gako diren honako arlo hauetan ondorioak atera daitezke UPV/EHUren bilakaerari buruz: testuinguruan, sartze-mailan, prestakuntzan, inguruneari egokitzea, ikerkuntzan, hizkuntza-normalizazioan eta gizarte-erantzukizunean. Azterlan osoa Gizarte Kontseiluaren webgunean (www.gizartekontseilua.com) kontsulta daiteke.
Azterlanaren azken bertsioaren arabera, Unibertsitateak zenbait alderdi hobetu ditu. Hona hemen alderdiok:

  • Prestakuntza-arloko adierazleek oso bilakaera ona erakusten dute epe laburrera zein epe luzera. Etekin- eta arrakasta-tasak nabarmen hobetu dira. Horrekin batera, aldiz, eskola-uztearen tasa ere igo egin da, aurreko urteko emaitzekin erkatuta.
  • Nazioartekotze-atalari dagokionez, emaitzak xume samarrak izan arren, agerikoa da gero eta ikasle atzerritar gehiago daudela, bai graduko ikasketetan (lehen eta bigarren zikloetan), bai master-ikasketa ofizialetan matrikulatuta.
  • Unibertsitatearen entzutea neurtzen duen adierazleak, «kalitate- edo bikaintasun-aipamena duten doktoregoen proportzioa» neurtzeari dagokionez, maila onari eutsi zion azken urtean.
  • Ikerkuntzari dagokionez, irakasleek defendatutako doktorego-tesiak eta ekoizpen zientifikoa neurtzen dituzten adierazleak hobetu egin dira.
  • «Hizkuntza-normalizazioa»ri dagokionez, hots, graduko eta lehen eta bigarren zikloetako euskarazko kredituen kopurua aintzat hartuta, euskaraz eskaintzen diren irakasgaien kopurua pixkanaka ari da gora egiten: bost urtean ehuneko 11 puntu handitu da.
  • «Gizarte-erantzukizun»ari dagokionez, «irakasle eta ikerlari diren emakumezko doktore»en kopuruak hobetzen jarraitu du, nahiz eta graduetan eta lehen eta bigarren zikloetan matrikulatuta dauden emakumezko ikasleen tasak behera egin.

Bestalde, txostena egiteko ikertu diren adierazle batzuek («Finantzaketa», «Ikerkuntza» eta «Ingurunearen beharrei egokitzea/laneratzea») krisiaren ondorioak erakusten dituzte, batez ere, epe laburreko bilakaeran. Zehatzago esanda:

  • Finantzaketa-atalean transferentzia arrunten eta gastu arrunten arteko tasa murriztu da ikasle bakoitzeko, aurreko urteko emaitzekin erkatuta. Dena den, adierazle horien epe luzeko bilakaera, duda barik, ona da.
  • Txostenaren arabera, «Ingurunearen beharrei egokitzea/laneratzea» arloko adierazle batzuek okerrera egin dute; beraz, pertsona tituludunek, herritar guztien aldean, lan-merkatuan emaitza hobeak dituztela egia bada ere, ikasketekin bat datorren enplegu-tasa, 2009koa, aurreko urtekoa baino txikixeagoa da (laneratze-tasa titulua lortu eta hiru urte igaro ondoren aztertzen da). Gainera, lehenengo lanpostua lortzeko beharrezkoa den denbora ere areagotu egin da, eta aurreko urtean antzeman zen joera txarra indartu egin da.
  • Ikerkuntza-arloan, datuek erakusten dute nolabaiteko joera dagoela B+Grako finantzaketa murrizteko. Neurketa hori egiten da zuzeneko kontratuetatik etorritako diru-sarrerak erabilita. Bestalde, patente-eskaeren kopuruak ere behera egin du.

 

ultimaTabla


Iruzkinak»

No comments yet — be the first.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: