UPV/EHU-KO GIZARTE KONTSEILUAK ORDAINSARI OSAGARRIAK ESLEITU DIZKIE 1.212 IRAKASLE ETA IKERLARIRI ETA BESTE 1.718 IRAKASLEK LORTUTAKOAK FINKATU DITU 8.06.16
Posted by jmlosada in notasprensa-2016.trackback
• Osagarriak funtzionarioek eta lan-kontratua daukatenek eska ditzakete.
• Osoko bilkurak, halaber, 2011ko promozioari dagokion azken Tituludunen Laneratzeari buruzko Txostenaren emaitzak ere aztertu ditu.
• UPV/EHU-n ikasketak amaitu eta hiru urtera, tituludunen %73,5 lanean ari zen.
UPV/EHU-ko Gizarte Kontseiluak bosgarren deialdiko B1, B2, B3, A1, A2 tarteei dagozkien eta unibertsitate-eskolako titularren berariazko ordainsari osagarri gehigarriak 1.212 irakasleri (irakasle eta ikerlariri) esleitzea onetsi du, baita aurreko deialditan beste 1.718 irakaslek lortutako tarte berdinak finkatzea ere.
Osagarriak modu berezian eta banaka esleitzen zaizkio irakasle bakoitzari eta Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuan xedatutakoaren esparruan epaia behin-behinean exekutatuz Gizarte Kontseiluak 2015eko ekainean bosgarren deialdirako ezarritako terminoei jarraiki burutu da. Aipatutako deialdi horrek ordainsari osagarriak eskatu ahal izateko edo aurreko deialdietan esleitu izandakoak finkatu ahal izateko irakasleek bete beharreko epeak, modua eta betekizunak ezartzen zituen eta ordainsari osagarriak hiru mailatan sailkatzen zituen: A maila, bikaintasuna aitortzera zuzendua; B maila, kalitatea eta etengabeko hobekuntza baloratzen duena; eta C maila, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekiko dedikazio profesionala aitortzen duena.
2011ko promozioko unibertsitate-tituludunen laneratzeari buruzko txostena.
Bestalde, Kontseiluaren Osoko Bilkurak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak LANBIDErekin elkarlanean burutzen duen 2011ko promozioari dagokion Unibertsitate Tituludunen Laneratzeari buruzko Azterketaren emaitzak aztertu ditu. Txosten horretan egiaztatzen da azterketak amaitu eta hiru urte ostean, ikasleen %73,5 lanean ari zirela; hortaz, %4,1 puntu gora egin du aurreko promozioarekin alderatuta eta horietatik ia %79,6 bere titulazioarekin bat datozen lanetan ari ziren, 1.419 euroko batez besteko diru-sarrerarekin, lanaldi osorako 14 ordainsaritan.
Hauek dira azterketa horretako beste ondorio nabarmengarri batzuk:
• Bitarteko sozialen sareak (pertsonalak, senidekoak, profesionalak) laneratzeko lehendabiziko sarbidea osatzen du (%24). Horren ostean enpresetara CVa edota auto-hautagaitzak bidaltzea dator (%17). Prentsa eta Internet erabiltzea %15era heltzen da.
• Gehienak ETE nazionaletan aritzen dira.
• Tituludun gehienak enpresa pribatuetan ari dira lanean (%71,8), esparru nazionalekoetan oro har (%57) eta gutxiago nazioartekoetan (%14,8). Edonola ere, sektore publikoak (enpresa publikoek + publiko-pribatuek) tituludun horien %20ri ematen die lana, osasungintzari eta hezkuntzari loturiko esparruetan bereziki.
• Hauek dira jarduera-ildorik ohikoenak: Hezkuntza (%19), ondoren Higiezinekin loturiko Jarduerak, Informatika, I+G eta Enpresa Zerb. (%17), Industria (%16) eta Osasungintza eta Gizarte Zerbitzuak (%14).
• Lanaren kalitateak okerrera egin du: Titulazioari loturiko enpleguak (%78,6) okerrera egin du aurreko promozioarekin alderatuta Enplegu egonkorra (%43,1) serie osoko baxuena da.
Lanaldi murriztua (%25,9).
• Batez besteko diru-sarrera, lanaldi osorako eta 14 ordainsaritan (1.419 €), azken urteotako behera egiteko joera hautsi da, baina 2007ko amaieran elkarrizketatutako promozioaren azpitik dago, aurreko promozioarekin alderatuta %1,5 hobera egin badu ere. Lanean ari direnen %26,3k 1.500€ baino gehiagoko diru-sarrerak eskuratzen dituzte hilero; zenbateko hori bere horretan mantendu da 2010eko promozioarekin alderatuta.
• Lanarekiko gogobetetasuna 6,95era heldu da promozio honetan (10etik), 2010eko promozioa baino zertxobait gehiago.
• Gehienek hizkuntzak darabiltzate beren lanpostuetan: %49k euskara maiz erabiltzen du (ia %69 Sozialetan) eta %31k ingelesa (gehiago teknikoetan, esperimentaletan eta humanitateetan).
• %69k uste du bere lana egindako ikasketekin nahiko edo oso lotuta dagoela.
• Gaur egungo enpleguari dagokionez, proposatutako alderdietatik, pertsonen arteko harremanak eta burututako egitekoak dira baloratuenak. Soldata, lan-egonkortasuna gutxien baloratzen direnak.
• Promozio hori krisialdi betean lizentziatu zen eta, beraz, datuek testuinguru ekonomikoaren eta lan-merkatuaren eragin nabarmena dute.
• Lan-merkatura BPG eta unibertsitate-ikasle gazteen lan-jarduera EAEn behera egiten ari diren unean heldu dira.
• Pertsona hauek 2011-2014 (4. hiruhilekoa) epealdian etorri dira lan-merkatura tituludun gisa eta epealdi horretan elkarrizketatutakoen enplegu-tasak 3,2 puntu behera egin du, eta langabezia-tasak 1,2 puntu gora.
• Tituludun horien enplegu-tasa PRAk (Eustat) 25 eta 34 urte arteko unibertsitate-ikasleen kolektiborako agertzen duena baino txikiagoa da.
• Emakumezko unibertsitate-ikasleen egoera gizonezkoena baino okerragoa da oraindik ere.
Laneratzeari buruzko Azterketak ikasleen arteko langabezia-tasa %18koa dela ere egiaztatzen du. Enpleguaren kalitateari dagokionez, ezagutza-alorrei erreparatuta, ikasketekin loturiko enplegu-mailarik handiena Osasungintzaren esparruko ikasketak egin dituztenen artean ematen dela nabarmendu daiteke (%99) eta txikiena, berriz, alor ekonomiko-juridikoko ikasketak egin zituztenen artean (%61). Tartean, titulazio teknikoak (%91), esperimentalak (%85) eta sozialak (%73) egin zituztenak. Txostena
UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak, Egailan-ekin batera lehenik eta Lanbide-rekin batera geroago 1997an abiarazitako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Tituludunen laneratzeari buruzko Txostenak promozio guztien egoera aztertu du, ikasketak amaitu eta hiru urtera. Proiektuaren helburua ikasleen lan-egoera eta lortutako prestakuntza-mailaren eta lanpostuaren arteko doikuntza aztertzea da, gradu ondoko ikasturtea hasi baino lehen eta amaitu eta hiru urtera, baita enpleguak inkestaren unean dituen ezaugarriak aztertzea eta ikasle egresatuek gradu ondoko prestakuntzarekiko duten gogobetetasuna edo beren igurikimenak bete ote diren ikertzea ere.
Master berrien ezarpena
Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari bost master ofizial berri ezartzea (Kontu-ikuskaritza eta Goi mailako Kontabilitatea, Aktuariotza eta Finantza Zientziak, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia, Meatzaritza eta International Master in Sociology of Law), beste lau aldatzea (Zahartze Osasungarria eta Bizi Kalitatea, Osasungintzako Psikologia Orokorra, Antolakuntza Industrialeko Ingeniaritza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, LH eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza) eta bi gradu (Finantzak Eta Aseguruak eta Geomatika eta Topografiako Ingeniaritza) eta hiru master kentzea (Soziologia Juridikoko Unibertsitateen artekoa, Prestazio Altuko Konputazioa eta ikasketa-plana aldatu duen Euskal Hizkuntzalaritza).
Atal akademiko berean, Osoko Bilkurak Emuylsion Poymerization Processes ikasketa osagarriko ikastaroaren tasak ezarri eta beste biren matrikula-prezioak baliozkotu ditu (Scientific diving, 2. edizioa, Ingeniaritza Zibileko eta Meatzaritzako Atzemate Masiboko Sentsoreak).
Osoko Bilkurak jorratutako beste gai batzuk
Gizarte Kontseiluak UPV/EHUk Itzulpengintza eta Interpretazio Zentroen eta Sailen Batzarrean (CCDUTI) parte hartzea onetsi du; Itzulpengintza eta Interpretazio titulazio ofizialak dauzkaten unibertsitateen elkartea bat da, 25 irakaskuntza-erakundeek osatzen dute eta graduko eta gradu ondoko ikasketa horiek irakasten dituzten zentroak koordinatzea du helburu, kalitaterik handieneko irakaskuntza eta ikerkuntza eta egresatuen prestakuntza profesionalaren aitortza lortzea ere.
Azkenik, Osoko Bilkura berean, Kontseiluak UPV/EHUk eskatutako aurrekontuaren zenbait aldaketa ere onetsi ditu.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.