jump to navigation

Gizarte Kontseiluak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen 2018ko kontuak onartu ditu 17.10.19

Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2019.
trackback

UPV/EHU-REN KONTU EMATEKO HOGEI ADIERAZLETATIK HAMABIK BILAKAERA POSITIBOAREKIN JARRAITZEN DUTE

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkura Bilbon elkartu da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) adierazle-sistema gizarteari kontuak emateko txostenaren 2019ko azken edizioa landu du gaurko saioan. Gizarte Kontseiluak urtero neurtzen du unibertsitate publikoaren gizarte-helburuen betetze-maila 2008az geroztik.

 

2019ko azterlanak jasotzen duenez (2016-17 ikasturteko informazioa biltzen du, eta aurreko urtearekin eta serie historikoarekin alderatzen), unibertsitate publikoak aztertutako 20 adierazleetatik hamabitan izan du hobekuntza. Hain justu ere, finantzaketa, trebakuntza, inguruneko beharrizanetara egokitzea, I+G+B ikerketa, nazioartekotzea, hizkuntza-normalizazioa eta gizarte-erantzukizuna dira hobetutako alderdi horiek.

Txostenaren helburua EHUri eta haren epe luzeko bilakaerari buruzko ikuspegia ematea da, erabakigarritzat jotako 20 adierazle baliatuta; horrez gain, eskuratutako emaitzei buruzko oinarrizko xehetasunak eta gaineratutako balioa ematen ditu, gizarte-helburuak zenbateraino bete diren zehazten du, eta alderaketa egiten du ezaugarri antzekoak dituzten unibertsitateen adierazleekin. Txostenaren azken edizio honetan, EHUren bilakaerari buruzko ondorioak ateratzeko datu fidagarriak eskaintzen dira erakundearen funtzionamendurako gako diren bederatzi alorretan (informazio xeheagoa nahi izanez gero, 20 adierazle horietako bakoitzaren fitxak kontsulta daitezke). Txosten osoa.

Azterlanaren ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmenduko genituzke.
• Finantzaketa eta gastuen alorrean, nabarmentzekoa da unibertsitate-jardunaren finantzaketa-maila handiari eutsi izana, sektore publikotik etorritako transferentzia korronteen bidez (% 86,3 izan zen 2017an). Horri esker, ehuneko 20 puntuko aldea ageri du, Estatuko aurrez aurreko unibertsitate publiko guztien aldean. G9 taldeko unibertsitateen testuinguruan, ikus dezakegu UPV/EHU ez dagoela zerrendaren buruan, Errioxako Unibertsitateak aurrea hartu ostean.
• Aurtengo edizioko berrikuntza gisa, eta STEM izeneko profil profesionalen faltak eragindako kezka orokorra kontuan izanik, diziplinotako matrikulazioaren bilakaera aztertu da (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak, alegia). Diziplina horiek UPV/EHUn duten pisua % 31 da 2018-19 ikasturtean; 2014-15 ikasturtean, berriz, % 32 izan zen. Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiken alorreko ikasketetan diharduten emakumeen proportzioa murritza da (% 33), kontuan izanik gradu-ikasketak egiten dihardutenen % 54 emakumeak direla.
• Prestakuntzaren esparruan lortutako emaitzen adierazleetan ikusten den hobekuntza da ondoriorik nabarmenenetako bat. Areagotu egin dira arrakasta-tasak (% 88,6 graduko titulazioetan) eta errendimenduari dagozkionak (% 77,9). Eskola-uztearen tasak ere hobera egin du. Enpresetan borondatezko praktikak egiteko tasak irmo eusten dio goranzko joerari, eta koherentzia gordetzen du unibertsitatearen eta inguruneko errealitate ekonomiko eta profesionalaren arteko lotura handiagoa sustatzeko estrategiarekin.
• UPV/EHUn graduatutako pertsonak laneratzeari dagokionez, eskura ditugun azken datuak 2015eko promozioarekin lotutakoak dira, eta emaitza hobeak ageri dituzte txertatutako enpleguari dagokionez (% 85); halaber, murriztu egin da enplegu-bilaketa aktiboko epea.
• Ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoaren alorrean, emaitza berrienek hobekuntza nabariak erakutsi gabe jarraitzen dute, kontuan izanik Euskadi posizioak galtzen ari dela berrikuntzako Europako indizean, sektore publiko zein pribatuan.
• Irakasleen produkzio zientifikoari eta doktorego-tesiei dagokienez, emaitzek posizionamendu ona eta bilakaera positiboa erakusten dute UPV/EHUn.
• Nazioartekotze-adierazleei dagokienez, berriz, gradu-ikasketetan atzerriko ikasleen kaptazio handixeagoa suma daiteke.
• Hizkuntza-normalizazioarekin lotutako adierazleari dagokionez, ugaritu egin da graduetan euskaraz eskainitako nahitaezko kredituen ehunekoa, eta orain artean ikusitako kopuru maximoa lortu da (% 75,9 izan da 2017/2018 ikasturtean). Azken ikasturtean, halaber, ugaritu egin da euskaraz matrikulatu diren ikasle berrien kopurua (% 53).
• Azkenik, gizarte-erantzukizunaren esparruan, ugaritu egin dira emakumezko irakasle eta ikerlari doktoreak (% 44 izan ziren 2016/2017 ikasturtean) eta gradu-ikasketetan matrikulatutako emakumezkoak (% 54), aztertutako azken ikasturtean.

2018ko kontuak, onartuta
Gizarte Kontseiluak, gaur egindako saioan, UPV/EHUren 2018ko kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu; ekitaldi horretan, 410,1 milioi euroko aurrekontua izan zen hasieran, eta zenbateko hori 508,1 milioira iritsi zen (aurreko ekitaldietako geldikina gehituta). Unibertsitateak aurrekontu haren % 83,99 egikaritu zuen. Kontseiluaren osoko bilkurak, halaber, gehiengodun partaidetza duen entitateetako kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu akordio berean. Hain zuzen ere, honako hauek dira: Euskoiker, UPV/EHUren Udako Ikastaroak, eta Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa.

Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko gobernu-erakundeari aurkeztu dio informazio ekonomiko-finantzario hori, gizarteari kontu emateko prozesuaren esparruan.

Ordainsarien osagarri gehigarriak
Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak, era berean, ordainsarien osagarri gehigarrietarako deialdia onartu du, UPV/EHUko irakasle eta ikerlariek irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduak aitortzen dituzten osagarriak eskatu ahal izan ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuak aurreikusten dituen baldintzetan. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan zehaztuko da irakasle eskatzaileek nola eta zer baldintzatan egin behar dituzten eskaerak, ordainsarien osagarriok eskuratu ahal izateko.

Azkenik, beste gai batzuen artean, Gizarte Kontseiluak 2018ko martxotik 2019ko ekainera bitartean emandako 81 ikastaro osagarriren prezioak baliokidetu ditu. Gainera, gastu korronteko hainbat aurrekontu-aldaketa onartu ditu, irakaskuntzako ekipamendua eta bitarteko informatikoak eskuratzera bideratutako inbertsioetarako.


Iruzkinak»

No comments yet — be the first.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: