UPV/EHU-KO TITULUDUNEN GIZARTE SEGURANTZAKO AFILIAZIO-TASA % 78,9 DA, IKASKETAK AMAITU ETA LAU URTERA 29.10.20
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2020.trackback
Gizarte Kontseiluak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen 2019ko kontuak onartu ditu.
Gizarte Kontseiluaren osoko bilkura Bilbon elkartu da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) adierazle-sistema gizarteari kontuak emateko txostenaren 2020ko azken edizioa landu du gaurko saioan, 2018-2019 ikasturteari dagokionez. Gizarte Kontseiluak urtero neurtzen du unibertsitate publikoaren gizarte-helburuen betetze-maila 2008az geroztik.
Egresatuen laneratzeari dagokionez, bada txosten honetan lehen aldiz jaso den adierazle bat: hain zuzen ere, 2015ean UPV/EHUn ikasketak amaitu eta lau urtera zenbat graduatu dauden Gizarte Segurantzan afiliatuta eta lanean alta emanda. Lortutako emaitza handituz doa urtetik urtera, eta jasotzen da kolektibo horretako % 78,9 dagoela alta emanda 2018an. Portzentaje hori % 71,6koa da Estatuko aurrez aurreko unibertsitate publiko guztietarako. UPV/EHUri dagokionez, Gizarte Segurantzako afiliazio-tasa % 46,8 izan zen 2015ean, % 64,3koa 2016an, % 74,8koa 2017an eta % 78,9koa, azkenik, 2018an. Azken urte horretan, % 79,4 gizonak dira eta % 78,6 emakumeak.

Goiko grafikoan, jakintza-adarraren arabera daude jasota ikasketak amaitu eta lau urtera Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden pertsonen ehunekoak. 2018 osoan, gauzatutako lan-jakintzaren % 59,6 unibertsitate-mailakoa da, % 18,1 erdi-mailako ikasketei dagokiena, ez-eskuzkoak, eta % 22,3, azkenik, behe-mailakoa eta eskuzkoa. Osasun Zientziak dira unibertsitate-jakintzaren adarrik handiena: % 90,3. Atzetik ditu Ingeniaritza eta Arkitektura (% 66,6), Zientziak (% 63,3), Arteak eta Giza Zientziak (% 58,6) eta Gizarte eta Lege Zientziak (% 44,4).
2020ko azterlanak jasotzen duenez (2018-19 ikasturteko informazioa biltzen du, eta aurreko urtearekin eta serie historikoarekin alderatzen), unibertsitate publikoak aztertutako 20 adierazleetatik hamahirutan izan du hobekuntza. Hain justu ere, finantzaketa, trebakuntza, inguruneko beharrizanetara egokitzea, I+G+B ikerketa, nazioartekotzea, izen ona, hizkuntza-normalizazioa eta gizarte-erantzukizuna dira hobetutako alderdi horiek.
Txostenaren helburua UPV/EHUri eta haren epe luzeko bilakaerari buruzko ikuspegia ematea da, erabakigarritzat jotako 20 adierazle baliatuta; horretaz gainera, eskuratutako emaitzei buruzko oinarrizko xehetasunak eta gaineratutako balioa ematen ditu, gizarte-helburuak zenbateraino bete diren zehazten du, eta alderaketa egiten du ezaugarri antzekoak dituzten unibertsitateen adierazleekin. Txostenaren 2020ko edizio honetan, UPV/EHUren bilakaerari buruzko ondorioak ateratzeko datu fidagarriak eskaintzen dira erakundearen funtzionamendurako gako diren bederatzi alorretan.
Txostenaren ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:
- UPV/EHUk master-ikasketetan duen estaldura-tasak goranzko joerari eusten dio: % 65,1ekoa izan da 2019-20 aldian, eta nabarmen hobetu da aurreko ikasturteetan ikusitako datuekin alderatuta. Matrikulazioari dagokionez, 2015-16 ikasturtean 3.097 izatetik 2019-20 ikasturtean 3.488 izatera igaro da. Hala ere, graduko titulazioek beheranzko bidean jarraitzen dute, eta % 73,8ko estaldura-tasa izan dute 2019-20 ikasturtean. Matrikulazioa 37.087 izatetik (2015-16) 35.978 izatera (2019-20) igaro da.
- Finantzaketaren eta gastuen esparruan, nabarmentzekoa da unibertsitate-jardueraren finantzaketa-maila handiari eutsi zaiola sektore publikotik datozen transferentzia arrunten bidez (% 85,3 izan ziren 2018an), nahiz eta azken urteetan beheranzko bilakaera izan duen. Ikasle bakoitzeko gastu arruntari dagokionez, adierazle horrek 10.340 euroko balioa lortu du UPV/EHUn 2017-18an, Espainiako unibertsitate-sistema publiko osoaren batezbesteko gisa hautemandako 7.252 euroak baino nabarmen handiagoa.
- Prestakuntzaren arloko emaitzen adierazleek modu positiboan jokatu dute azken urtean. Graduko ikasketen errendimendu- eta arrakasta-tasak (% 78,1 eta % 88,3, hurrenez hurren) zertxobait hobetu dira, eta lehen kurtsoan ikasketak utzi dituztenen tasa, berriz, (% 15,9) ez da aldatu. Ikasketa-arloei dagokienez, Hezkuntzan eta Osasun Zientzietan eta Gizarte Zerbitzuetan daude oraindik emaitzarik onenak, eta alde nabarmena ageri da beste azterketa-eremu batzuekin alderatuta. Enpresetan borondatezko praktikak egiteko tasari dagokionez (% 13,1 izan zen 2018an), nolabaiteko atzerakada gertatu da.
- STEM diziplinetako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) matrikulen bilakaeraren azterketak erakusten du ikasketa horien eskaera mugatua dela, laneratze-maila ona eta horri lotutako lan-baldintzak gorabehera. UPV/EHUn, % 25 izan da 2019-20 ikasturtean. Oraindik ere txikia da diziplina horietan dauden emakumeen proportzioa –zehazki % 28koa–, graduko ikasketetan dauden emakumeen % 55 orokorra baino askoz apalagoa.
- Ikerketaren, berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren esparruan, UPV/EHUk bilakaera oso ona izan du. Azken urtean lortutako adierazleen arabera, nabarmen egin du gora zuzeneko kontrataziotik eratorritako diru-sarreren bolumenak eta pisu erlatiboak I+G+Bko funtsen gainean 2019an (% 23 izan da, eta 2018an, berriz, % 15), bai eta patente-eskaeren zifran ere (80 izan ziren 2019an, eta 2018an, aldiz, 62).
- Irakasleen ekoizpen zientifikoari eta doktorego-tesiei dagokienez, emaitzek bilakaera oso ona izan dute, eta horrek erakusten du UPV/EHUk posizionamendu ona duela.
- Nazioartekotze-adierazleek maila apala islatzen dute atzerriko ikasleak atzemateari dagokionez, hala graduko ikasketetan, nola masterretan.
- Kalitateari eta prestigioari dagokienez, handia da Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren (ANECA) akreditazioa berritu duten tituluen proportzioa, eta, aurreko urtearekin alderatuta, hobetu egin da ratioa.
- Hizkuntza-normalizazioarekin lotutako adierazleari dagokionez, ugaritu egin da graduetan euskaraz eskainitako nahitaezko kredituen ehunekoa, eta orain artean ikusitako kopuru maximoa lortu da (% 85,3 izan da 2019/2020 ikasturtean). Azken ikasturtean, halaber, ugaritu egin da euskaraz matrikulatu diren ikasle berrien kopurua (% 54,2).
- Azkenik, gizarte-erantzukizunaren esparruan, areagotu egin dira emakumezko irakasle eta ikerlari doktoreak (% 45,2 izan ziren 2019/2020 ikasturtean) eta gradu-ikasketetan matrikulatutako emakumezkoak (% 54,6), aztertutako azken ikasturtean.
2019ko kontuak, onartuta
Gizarte Kontseiluak, gaur egindako saioan, UPV/EHUren 2019ko kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu; ekitaldi horretan, 422 milioi euroko aurrekontua izan zen hasieran, eta zenbateko hori 517 milioira iritsi zen (aurreko ekitaldietako geldikina gehituta). Unibertsitateak aurrekontu hartatik 437 milioi egikaritu zituen. Kontseiluaren osoko bilkurak, halaber, gehiengodun partaidetza duen entitateetako kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu akordio berean. Hain zuzen ere, honako hauek dira: Euskoiker, UPV/EHUren Udako Ikastaroak, eta Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko gobernu-erakundeari aurkeztu dio informazio ekonomiko-finantzario hori, gizarteari kontu emateko prozesuaren esparruan.
Ordainsarien osagarri gehigarriak
Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak, era berean, ordainsarien osagarri gehigarrietarako deialdia onetsi du, UPV/EHUko irakasle eta ikerlariek irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduak aitortzen dituzten osagarriak eskatu ahal izan ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuak aurreikusten dituen baldintzetan. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan zehaztuko da irakasle eskatzaileek nola eta zer baldintzatan egin behar dituzten eskaerak, ordainsarien osagarriok eskuratu ahal izateko.
Azkenik, eta beste gai batzuen artean, Gizarte Kontseiluak azken bi deialdietako A eta B mailetako ordainsari-osagarriak esleitu ditu. Gainera, gastu arruntaren hainbat aurrekontu-aldaketa onetsi ditu, irakaskuntzako ekipamendua eta bitarteko informatikoak eskuratzera bideratutako inbertsioetarako.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.