UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO 2016KO PROMOZIOKO IKASLEEN OKUPAZIO-TASA % 90EKOA DA 2019AN 23.12.20
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2020.trackback
Gizarte Kontseiluak Lanbideren azken laneratze-txostena aztertu du gaur
UPV/EHUko ikasleen azken laneratze-txostenak kaleratutako datuen arabera, 2016ko promozioko ikasleen okupazio-tasa % 90ekoa da, ikasketak amaitu eta hiru urtera. 2019ko amaieran egin zuen Lanbidek kontsulta, eta promozio horretako % 84k aurkitua zuen enplegua. Beste % 8 lanbide-irteera baten bila ari ziren, eta gainerako % 8a, azkenik, graduondoko bat edo beste karrera bat ikasten ari zen inkestaren garaian.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak gaur Bilbon egindako urteko azken osoko bilkuran aztertu dira UPV/EHUko ikasle egresatuak laneratzeko azterlanaren 2019ko emaitzen aurrerapenari buruzko datu horiek eta beste batzuk. Saio hori izan da, halaber, Nekane Balluerka errektorearen azken saioa, kargua utzi aurretik.
Grafikoan, zehazki, 2016ko promozioko ikasleen egungo lan-egoera ikus daiteke. Lanbidek 1997az geroztik egiten du inkesta urtero, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren ekimenez. Titulazioa lortu eta hiru urtera egiten du inkesta hori, pentsatuz denbora hori nahikoa dela karrera bat sektore edo lanbide jakin batera bideratzeko. Euskal Enplegu Zerbitzuak 26.000 pertsona galdekatzen ditu urtero, Euskadiko ikasleen laneratzearen adierazleak ezagutze aldera.
UPV/EHUren 2016ko promozioari dagokion azken edizioan, zeinak hiru urte baitaramatza dagoeneko lan-merkatuan, alderdi hauek nabarmendu behar dira:
- Lanbidek 2019aren amaieran inkestatutako 2016ko promozioaren okupazio-tasa % 90ekoa zen, aurreko urtekoa baino txikixeagoa.
- Unibertsitate-prestakuntzari esker, batez beste soldata-maila hobeak eskuratzen dira.
- Lanaldi osoan lan egiten dutenen batez besteko soldata 1.565 euro garbi da hilean, 14 ordainsaritan, eta 860 eurokoa lanaldi murriztuan. Zehazki, hauek dira lanaldi osoko batez besteko soldata garbiak, jakintza-arloen arabera, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.745 euro), Teknikoak (1.647 euro), Gizarte Zientziak (1.500 euro), Giza Zientziak (1.493 euro), Ekonomiko-juridikoak (1.427 euro) eta Zientzia Esperimentalak (1.315 euro).
- Nahiz eta laneratzean hainbat faktore pertsonalek eta sozialek esku hartzen duten, oso esanguratsua da alderdi akademikoak direla alderdirik garrantzitsuena, egresatuen esanetan. Aldagai horren barruan, garrantzi berezia du ikasiriko titulazio zehatzak, eta, harekin batera, nabarmentzen da garrantzitsuak direla unibertsitate-praktikak, graduondoko espezializazioa eta atzerriko hizkuntzetan eskuratutako gaitasunak. Hori guztia aintzat hartuta, ondorioztatzen da unibertsitate-prestakuntza dela funtsezko elementua goi-kalifikazioko lanbide-ardurak eskuratu ahal izateko.
- Unibertsitate-titulazioa eskatzen duten pertsona landunen batez besteko enplegu-ehunekoa % 81 da. Diziplinen arabera, handienetik txikienera, Osasun Zientziak ageri dira (% 94), ondoren Teknikoak (% 87), Esperimentalak (% 85), Ekonomiko-juridikoak (% 80), Gizarte Zientziak (% 73) eta Giza Zientziak (% 66).
- 2016ko promozioan lana lortzeko bide nagusia ingurune soziala eta profesionala da, % 24,7ko kuotarekin. Ondoren, eskaintza zehatzari emandako erantzunak (% 19,7), oposizioak/lan-poltsak (% 17,2), CVa/alta ematea enplegu-zerbitzuan (% 13,7), unibertsitate-ingurunea (% 11,4), autoenplegua/ekintzaileak (% 4,5), prestakuntza osagarria (% 3,5), unibertsitatez kanpoko praktikak/bekak (% 3) eta beste batzuk (% 2,4).
- Hizkuntzek –batez ere euskara eta ingelesa– erabilera-ehuneko aldakorrak baina garrantzitsuak dituzte jakintza-alor desberdinetako lanekin lotuta.
Ordainsarien osagarri gehigarriak
2020ko azken saioan, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak aurtengo deialdiari dagozkion C1 eta C2 mailetako gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitu ditu. Azkenik, osoko bilkurak gastu arruntaren hainbat aurrekontu-aldaketa onetsi ditu, irakaskuntzako ekipamendua eta bitarteko informatikoak eskuratzera bideratutako inbertsioetarako.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.