jump to navigation

UPV/EHU-KO TITULUDUNEN GIZARTE SEGURANTZAKO AFILIAZIO-TASA % 78,9 DA, IKASKETAK AMAITU ETA LAU URTERA 29.10.20

Posted by consejosocialupvehu in @@ notas de prensa.
add a comment

Gizarte Kontseiluak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen 2019ko kontuak onartu ditu.

 

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkura Bilbon elkartu da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) adierazle-sistema gizarteari kontuak emateko txostenaren 2020ko azken edizioa landu du gaurko saioan, 2018-2019 ikasturteari dagokionez. Gizarte Kontseiluak urtero neurtzen du unibertsitate publikoaren gizarte-helburuen betetze-maila 2008az geroztik.

Egresatuen laneratzeari dagokionez, bada txosten honetan lehen aldiz jaso den adierazle bat: hain zuzen ere, 2015ean UPV/EHUn ikasketak amaitu eta lau urtera zenbat graduatu dauden Gizarte Segurantzan afiliatuta eta lanean alta emanda. Lortutako emaitza handituz doa urtetik urtera, eta jasotzen da kolektibo horretako % 78,9 dagoela alta emanda 2018an. Portzentaje hori % 71,6koa da Estatuko aurrez aurreko unibertsitate publiko guztietarako. UPV/EHUri dagokionez, Gizarte Segurantzako afiliazio-tasa % 46,8 izan zen 2015ean, % 64,3koa 2016an, % 74,8koa 2017an eta % 78,9koa, azkenik, 2018an. Azken urte horretan, % 79,4 gizonak dira eta % 78,6 emakumeak.

 

Goiko grafikoan, jakintza-adarraren arabera daude jasota ikasketak amaitu eta lau urtera Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden pertsonen ehunekoak. 2018 osoan, gauzatutako lan-jakintzaren % 59,6 unibertsitate-mailakoa da, % 18,1 erdi-mailako ikasketei dagokiena, ez-eskuzkoak, eta % 22,3, azkenik, behe-mailakoa eta eskuzkoa. Osasun Zientziak dira unibertsitate-jakintzaren adarrik handiena: % 90,3. Atzetik ditu Ingeniaritza eta Arkitektura (% 66,6), Zientziak (% 63,3), Arteak eta Giza Zientziak (% 58,6) eta Gizarte eta Lege Zientziak (% 44,4).

2020ko azterlanak jasotzen duenez (2018-19 ikasturteko informazioa biltzen du, eta aurreko urtearekin eta serie historikoarekin alderatzen), unibertsitate publikoak aztertutako 20 adierazleetatik hamahirutan izan du hobekuntza. Hain justu ere, finantzaketa, trebakuntza, inguruneko beharrizanetara egokitzea, I+G+B ikerketa, nazioartekotzea, izen ona, hizkuntza-normalizazioa eta gizarte-erantzukizuna dira hobetutako alderdi horiek.

Txostenaren helburua UPV/EHUri eta haren epe luzeko bilakaerari buruzko ikuspegia ematea da, erabakigarritzat jotako 20 adierazle baliatuta; horretaz gainera, eskuratutako emaitzei buruzko oinarrizko xehetasunak eta gaineratutako balioa ematen ditu, gizarte-helburuak zenbateraino bete diren zehazten du, eta alderaketa egiten du ezaugarri antzekoak dituzten unibertsitateen adierazleekin. Txostenaren 2020ko edizio honetan, UPV/EHUren bilakaerari buruzko ondorioak ateratzeko datu fidagarriak eskaintzen dira erakundearen funtzionamendurako gako diren bederatzi alorretan.

Txostenaren ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

  • UPV/EHUk master-ikasketetan duen estaldura-tasak goranzko joerari eusten dio: % 65,1ekoa izan da 2019-20 aldian, eta nabarmen hobetu da aurreko ikasturteetan ikusitako datuekin alderatuta. Matrikulazioari dagokionez, 2015-16 ikasturtean 3.097 izatetik 2019-20 ikasturtean 3.488 izatera igaro da. Hala ere, graduko titulazioek beheranzko bidean jarraitzen dute, eta % 73,8ko estaldura-tasa izan dute 2019-20 ikasturtean. Matrikulazioa 37.087 izatetik (2015-16) 35.978 izatera (2019-20) igaro da.
  • Finantzaketaren eta gastuen esparruan, nabarmentzekoa da unibertsitate-jardueraren finantzaketa-maila handiari eutsi zaiola sektore publikotik datozen transferentzia arrunten bidez (% 85,3 izan ziren 2018an), nahiz eta azken urteetan beheranzko bilakaera izan duen. Ikasle bakoitzeko gastu arruntari dagokionez, adierazle horrek 10.340 euroko balioa lortu du UPV/EHUn 2017-18an, Espainiako unibertsitate-sistema publiko osoaren batezbesteko gisa hautemandako 7.252 euroak baino nabarmen handiagoa.
  • Prestakuntzaren arloko emaitzen adierazleek modu positiboan jokatu dute azken urtean. Graduko ikasketen errendimendu- eta arrakasta-tasak (% 78,1 eta % 88,3, hurrenez hurren) zertxobait hobetu dira, eta lehen kurtsoan ikasketak utzi dituztenen tasa, berriz, (% 15,9) ez da aldatu. Ikasketa-arloei dagokienez, Hezkuntzan eta Osasun Zientzietan eta Gizarte Zerbitzuetan daude oraindik emaitzarik onenak, eta alde nabarmena ageri da beste azterketa-eremu batzuekin alderatuta. Enpresetan borondatezko praktikak egiteko tasari dagokionez (% 13,1 izan zen 2018an), nolabaiteko atzerakada gertatu da.
  • STEM diziplinetako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) matrikulen bilakaeraren azterketak erakusten du ikasketa horien eskaera mugatua dela, laneratze-maila ona eta horri lotutako lan-baldintzak gorabehera. UPV/EHUn, % 25 izan da 2019-20 ikasturtean. Oraindik ere txikia da diziplina horietan dauden emakumeen proportzioa –zehazki % 28koa–, graduko ikasketetan dauden emakumeen % 55 orokorra baino askoz apalagoa.
  • Ikerketaren, berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren esparruan, UPV/EHUk bilakaera oso ona izan du. Azken urtean lortutako adierazleen arabera, nabarmen egin du gora zuzeneko kontrataziotik eratorritako diru-sarreren bolumenak eta pisu erlatiboak I+G+Bko funtsen gainean 2019an (% 23 izan da, eta 2018an, berriz, % 15), bai eta patente-eskaeren zifran ere (80 izan ziren 2019an, eta 2018an, aldiz, 62).
  • Irakasleen ekoizpen zientifikoari eta doktorego-tesiei dagokienez, emaitzek bilakaera oso ona izan dute, eta horrek erakusten du UPV/EHUk posizionamendu ona duela.
  • Nazioartekotze-adierazleek maila apala islatzen dute atzerriko ikasleak atzemateari dagokionez, hala graduko ikasketetan, nola masterretan.
  • Kalitateari eta prestigioari dagokienez, handia da Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren (ANECA) akreditazioa berritu duten tituluen proportzioa, eta, aurreko urtearekin alderatuta, hobetu egin da ratioa.
  • Hizkuntza-normalizazioarekin lotutako adierazleari dagokionez, ugaritu egin da graduetan euskaraz eskainitako nahitaezko kredituen ehunekoa, eta orain artean ikusitako kopuru maximoa lortu da (% 85,3 izan da 2019/2020 ikasturtean). Azken ikasturtean, halaber, ugaritu egin da euskaraz matrikulatu diren ikasle berrien kopurua (% 54,2).
  • Azkenik, gizarte-erantzukizunaren esparruan, areagotu egin dira emakumezko irakasle eta ikerlari doktoreak (% 45,2 izan ziren 2019/2020 ikasturtean) eta gradu-ikasketetan matrikulatutako emakumezkoak (% 54,6), aztertutako azken ikasturtean.

2019ko kontuak, onartuta

Gizarte Kontseiluak, gaur egindako saioan, UPV/EHUren 2019ko kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu; ekitaldi horretan, 422 milioi euroko aurrekontua izan zen hasieran, eta zenbateko hori 517 milioira iritsi zen (aurreko ekitaldietako geldikina gehituta). Unibertsitateak aurrekontu hartatik 437 milioi egikaritu zituen. Kontseiluaren osoko bilkurak, halaber, gehiengodun partaidetza duen entitateetako kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu akordio berean. Hain zuzen ere, honako hauek dira: Euskoiker, UPV/EHUren Udako Ikastaroak, eta Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko gobernu-erakundeari aurkeztu dio informazio ekonomiko-finantzario hori, gizarteari kontu emateko prozesuaren esparruan.

Ordainsarien osagarri gehigarriak

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak, era berean, ordainsarien osagarri gehigarrietarako deialdia onetsi du, UPV/EHUko irakasle eta ikerlariek irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduak aitortzen dituzten osagarriak eskatu ahal izan ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuak aurreikusten dituen baldintzetan. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan zehaztuko da irakasle eskatzaileek nola eta zer baldintzatan egin behar dituzten eskaerak, ordainsarien osagarriok eskuratu ahal izateko.

Azkenik, eta beste gai batzuen artean, Gizarte Kontseiluak azken bi deialdietako A eta B mailetako ordainsari-osagarriak esleitu ditu. Gainera, gastu arruntaren hainbat aurrekontu-aldaketa onetsi ditu, irakaskuntzako ekipamendua eta bitarteko informatikoak eskuratzera bideratutako inbertsioetarako.


COVID-19aren inpaktuari aurre egiteko plana, «normaltasun berrian» 16.07.20

Posted by consejosocialupvehu in @@ notas de prensa.
add a comment

GIZARTE KONTSEILUAK UPV/EHU-KO BEREZKO TITULUEN PREZIOAK

ONETSI DITU 2020-2021 IKASTURTERAKO

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2020-2021 ikasturtean emango dituen berezko titulu eta titulu osagarri
guztien prezioak gainbegiratu eta onetsi ditu gaur Bilbon elkarturik. UPV/EHUk 150 graduondoko programa baino gehiago ditu hiru campusetan –lurraldeko bana–, eta
horietatik hirurogei inguru masterrak eta graduondokoak dira.
Horretaz gainera, gaur goizeko osoko bilkuran erabaki dute Hezkuntza Sailari bost titulazio berri ezartzeko eta lau erretiratzeko proposamena egitea. Beste zazpi aldatu
egingo dira. Orotara, hamasei espediente aztertu dira: horietatik zazpi graduenak dira eta beste bederatziak, berriz, masterrenak. Ikasketak hasita dauzkaten ikasleek
bermaturik dauzkate aplikatzekoak zaizkien deialdi guztiak.

Ezarpen berrikoak

  • Adimen Artifizialeko Gradua
  • Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketako Masterra
  • Enologia Berritzaileko Unibertsitate Masterra
  • Hizkuntzaren eta Komunikazioaren Teknologietako Erasmus Mundus Unibertsitate
    Masterra (LCT) / Erasmus Mundus Maste in Language and Communicación
    Technologies (LCT)
  • Ingurumen Kutsadurako eta Toxikologiako Erasmus Mundus Unibertsitate Masterra
    / Erasmus Mundus Master of Science in Environmental Contamination and
    Toxicology

Aldaketa

  • Psikologiako Gradua
  • Kazetaritzako Gradua
  • Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradua
  • Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua
  • Soziologiako Gradua
  • Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko Gradua
  • Ingeniaritza Kimikoko Unibertsitate Masterra

Ezabatzea

  • Enologia Berritzaileko Masterra
  • Gailu eta Sistema Fotovoltaikoetako Unibertsitate Masterra
  • Kuaternarioa: Ingurugiro Aldaketak eta Giza Oinatza Unibertsitate Masterra
  • Garraio Sistemen Unibertsitate Masterra

 

Berezko masterrak eta graduondokoak
Kontseiluak ikasturte 2020/2021 ikasturterako prezioak ere onetsi ditu berezko 57 master eta graduondokoetarako: haietatik bostek prezioa aldatuko dute, 37k berdin
jarraituko dute eta beste 15 berriak dira. Datorren ikasturtean, UPV/EHUk honako berezko titulu hauek emango ditu zehazki: 5 Arkitekturan, 4 Arte eta Zientzietan, 2
Gizarte Ongizatean, 11 Bizitza Kalitatean eta Osasunean, 2 Gizarte eta Zientzia Politikan, 4 Zuzenbidean, 4 Hezkuntzan, 10 Enpresa eta Ekonomian, 3 Hizkuntza eta
Literaturan, 10 Ingeniaritza eta Teknologian, 1 Ingurumenean eta 1 Biktimologian.
Masterren eta graduondokoen katalogoa kontsultatzeko:
https://www.ehu.eus/eu/web/titulospropios/berezko-titulazioen-eskaintza-20-
21?p_cod_proceso=tprw0010-offer&p_nav=S

Kapitulu horretan bertan, osoko bilkurak onetsi du Giza Zientzietako unibertsitate- tituluaren prezioak mantentzea (Esperientzia Ikasgelak) 2020-2021 ikasturterako.
Horretaz gainera, adostu du matrikula-prezioak baliozkotzea ikasketa osagarrien 12 ikastarotan.

Pandemiaren inpaktua
COVID-19aren pandemiarekin loturik, Nekane Balluerka UPV/EHUren errektoreak unibertsitateko eguneroko martxan izandako inpaktuari aurre egiteko neurri guztiak errepasatu ditu osoko bilkuran. Ezusteko agertoki gogor horrek aldaketa handiak eragin ditu denbora oso laburrean eguneroko martxako alderdi guzti-guztietan.
Errektorearen esanetan, irakasleen, ikasleen, administrazioko langileen eta garbitzaileen ahalegin eta inplikazioari esker, UPV/EHUk baldintza posible onenetan
amaitu du ikasturtea.
2020-2021 ikasturteari begira, Nekane Balluerkak berriki onetsitako Irakaskuntza eta ikaskuntza antolatzeko jarraibideak izeneko agiria aurkeztu du, zeinean «normaltasun
berriko» aldiari heltzeko gidalerroak ezartzen baitira. Errektoreak ohartarazi duenez, ezin da ahaztu ez dela baztertzen UPV/EHUk hasiera batean aurreikusitakoak baino
muturreko neurriak hartu behar izatea.
Aurrekoa kontuan hartuta, aipatutako dokumentuan zerrendatzen diren orientabideek, ahal den neurrian, UPV/EHUko irakaskuntzaren aurrez aurrekotasuna babestu nahi
dute, baina urruntze sozialeko, edukiera mugatuko eta higiene- eta osasun-neurriak hartzeko egoeretara egokituta. Hori horrela, UPV/EHUk, ahal den bitartean, gutxienez
lau ikasgaitik hiru aurrez aurre ematearen alde egiten du.
Nekane Balluerkak ziurtatu duenez, konfinamendu garaietara itzuli behar izanez gero, unibertsitate publikoak erakutsi du gai dela irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerari
eusteko, urrutiko hezkuntzako estrategia eta tresnen laguntzarekin.

Aurrekontu-aldaketak
Gaurko saioan bertan, osoko bilkurak aurrekontuak aldatzeko 10.000 eurotik gorako zortzi proposamen baino gehiago onetsi ditu: 207.678 euroko zenbatekoa orotara,
bulegoko materiala, ikasmateriala, material zientifikoa eta inbentariagarria erosteko.
Halaber, adostu dute 10.000 eurotik beherako aurrekontu-aldaketen 79 proposamen baliozkotzea, 207.893 euroko zenbatekoarekin, haiek ere ekipamendu zientifikoa,
irakas-materiala, informatikoa eta ikus-entzunezkoa eskuratzeko. Aurrekontuetan orotara egindako 87 aldaketen batura 415.571 euro da.

Bost lankidetza-beka
Halaber, Gizarte Kontseiluak erabaki du bost lankidetza-beka banatzea, Ministerioak 2020-2021 ikasturterako deituak, UPV/EHUren sail hauetarako:

  • Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa
  • Ingeniaritza Kimikoa
  • Medikuntza
  • Historia Garaikidea
  • Hezkuntzaren Teoria eta Historia

Soziolinguistika Klusterraren kide
Saio berean, onetsi dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Soziolinguistika Klusterrean parte hartzea. Orain artean, sail batzuk bakarrik ziren
haren kide, baina ez zen kide zuzena. Hala, euskara berreskuratzeko eta normalizatzeko 2004an sorturiko kluster horren helburu estrategikoetan bildu ahalko da
UPV/EHUren ikuspegi instituzionala.

HKEEren fiskalizazio-txostenak
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ere gaur aurkeztu ditu Gizarte Kontseiluren osoko bilkuraren aurrean 2016ko eta 2017ko UPV/EHUren fiskalizazio-txostenak. Erakunde
horren arabera, UPV/EHUk modu arrazoizkoan bete zuen gai horri dagokion jarduna arautzen duen lege-araudia, aipatutako ikasturte horietan.

2017ko urteko kontuei dagokienez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aldeko iritzia eman du, baina ezin izan du ondorioztatu gerakin espezifikoaren arrazoizkotasuna
(75,5 milioi euro), zeinaren parte bat gastu orokorretarako gerakintzat jo beharko bailitzateke. Antzeko oharrak egin ditu partida horietan 2016ko ekitaldiari dagokionez.
Auzitegiak adierazi duenez, etorkizunean finantzaketa lortzeko gaitasunaren mende geratuko dira inbertsioak, bai kapitaleko dirulaguntzen bidez, bai zorpetzearen bidez.
Halaber, txostenak dioenez 2017ko eta 2016ko ekitaldietako aurrekontuen likidazioek betetzen dituzte finantza-oreka eta -iraunkortasunaren printzipioak.

Azkenik, eta bilkura berean, osoko bilkurak Gizarte Kontseiluaren 2019ko abenduaren
31ko aurrekontu-likidazioaren egoerak onetsi ditu, dagokion auditoretza-txostenarekin.
Onetsi dute, halaber, osoko bilkuren eta batzordeen egutegia, 2020ko abendurako eta
2021eko martxorako eta uztailerako.


GIZARTE-KONTSEILUAK 428 MILIOI EUROKO AURREKONTUA ONARTU DU UPV/EHU-RAKO 2020KO EKITALDIRA BEGIRA, AURTENGOA BAINO % 1,4 HANDIAGOA 23.12.19

Posted by jmlosada in @@ notas de prensa.
add a comment

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak osoko bilkura egin du gaur Bilbon, eta EHUren 2020ko aurrekontua onartu dute. Orotara 428 milioi euro izango ditu UPV/EHUk, aurtengo aurrekontuan baino % 1,46 gehiago, alegia.

 

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak erabaki du aurrekontua onartzea, aztertu ostean UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak abenduaren 12an onartutako proiektua eta Ekonomia eta Finantza Batzordeak proiektu hari buruz egindako txostena. Txosten horrek berritasun nagusiak aztertzen ditu, eta analisi ekonomiko-finantzario luze-zabala egiten du, kapituluak, programak eta gastu-unitateak kontuan izanda.

Kapituluen araberako azterketan jasota dagoenez, UPV/EHUk honela antolatuko ditu diru-partidak 2020an:
• 328,8 milioi euro langileen gastuetara (I. kapitulua), guztizkoaren % 76,8 eta 2018an baino % 1,41 gehiago;
• 74,05 milioi euro gastu korronteetara (II. kapitulua), guztizkoaren % 17,4 eta iaz baino % 0,34 gehiago;
• 19,6 milioi euro inbertsioetara (IV. kapitulua), aurrekontuaren % 6,68 eta 2019ko aurrekontuan baino % 4,5 gehiago.
• Finantza-gastuak, transferentziak, diru-laguntzak eta Gizarte Kontseiluaren aurrekontua dira gainerakoak (haietarako zuzkidura 450.000 eurokoa da).

Azkenik, Gizarte Kontseiluak baimena eman du unibertsitateak eskatutako hainbat aurrekontu-aldaketa egiteko, eta irakasleen ordainsarien osagarri gehigarriak esleitu ditu.
Achucarro Basque Center for Neuroscience fundazioko arduradunek 2018-2021 aldirako bigarren plan estrategikoa aurkeztu diote Gizarte Kontseiluari, baita lehendabiziko plan estrategikoaren emaitzak ere. Fundazioa 2012an sortu zuten Ikerbasquek eta UPV/EHUk, eta gaur egun Leioako Teknologia Parkean dago.
Orotara 90 pertsona kontratatu edo lotu ditu: % 58 UPV/EHUkoak dira, eta Europako Batzordeak sustatutako eta emandako HR Excellence in Research egiaztapena dauka.