jump to navigation

GIZARTE-KONTSEILUAK 437,37 MILIOI EUROKO AURREKONTUA ONARTU DU UPV/EHU-REN AURTENGO EKITALDIRAKO, 2020KOA BAINO % 2,14 HANDIAGOA 22.04.21

Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2021.
add a comment

Unibertsitateari dohaintzan emandako bi eraikin enkantean ipintzea onetsi dute, alzheimerraren eta parkinsonaren alorreko ikerketa finantzatzeko

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkura izan da gaur Bilbon, eta UPV/EHUren 2021eko aurrekontua onartu dute. Orotara 437,37 milioi euro izango ditu UPV/EHUk, iazko ekitaldian baino % 2,14 gehiago. Aurrekontuaren zenbatekoa 2008an izaniko bera da; horrekin, jarraitu egin zaio 2013an hasitako etengabeko goranzko joerari, eta aldendu egiten da 2011 eta 2013 bitartean izaniko beherakadetatik.

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak erabaki du aurrekontua onartzea, aztertu ostean UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak martxoaren 18an onartutako proiektua eta Ekonomia eta Finantza Batzordeak proiektu hari buruz egindako txostena. Txosten horrek berritasun nagusiak aztertzen ditu, eta analisi ekonomiko-finantzario luze-zabala egiten du, kapituluak, programak eta gastu-unitateak kontuan izanda.

Kapituluen araberako azterketan jasota dagoenez, UPV/EHUk honela antolatuko ditu diru-partidak 2021ean:

  • 332,7 milioi euro langileen gastuetara, guztizkoaren % 76 eta 2020an baino % 1,18 gehiago.
  • 76,28 milioi euro funtzionamendu-gastuetara, guztizkoaren % 17,44 eta iaz baino % 2,36 gehiago.
  • 24,13 milioi euro inbertsioetara, aurrekontuaren % 5,51 eta 2020ko aurrekontuan baino % 22,77 gehiago. Kapitulu horretan izaniko areagotzearen arrazoia Inbertsio eta Azpiegituretako Hainbat Urtetarako Planari dagokio, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria altxatzeko Bilboko Basurtuko ospitalearen ondoan.
  • Finantza-gastuak, transferentziak, dirulaguntzak eta Gizarte Kontseiluaren aurrekontua dira gainerakoak.

Ezarritako, aldatutako eta kendutako titulazioak

Gaur goizean izaniko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak adostu du, halaber, Hezkuntza Sailari proposatzea ezar ditzala datozen ikasturterako gradu- eta master-titulazio ofizialak.

Zehazki, berriturik geratu dira Erasmus Mundus unibertsitate-master hauek: Itsas Ingurumena eta Baliabideak, Itsas Baliabide Biologikoak eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean.

Aldatu egingo dira, batetik, Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua eta, bestetik, Psikodidaktika: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak masterra, baita Teknologia, Ikaskuntza eta Hezkuntzako masterra ere

Ezabatu egingo dira Hizkuntza Politika eta Plangintzako unibertsitate-masterra eta Turismo Sektoreko Diseinu Berrikuntzakoa.

Ikasketak hasita dauzkaten ikasleek bermaturik dauzkate aplikatzekoak zaizkien deialdi guztiak.

Higiezinen dohaintza alzheimerrari eta parkinsonari aurre egiteko

Gai-zerrendako beste puntu batean, Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak onetsi du enkante bidez besterentzea UPV/EHUri dohaintzan emandako bi higiezin. Batetik, Bilbon kokaturiko garaje-lurzati bat, eta 31,40 metro koadroko lonja bat Sopelako Larrabasterra auzoan. Biak dira unibertsitatearen jabari pribatuko ondasunak edo ondare-ondasunak.

Enkantean lortzen den zenbatekoa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak alzheimerraren eta parkinsonaren alorretan egiten dituen ikerketak finantzatzeko erabiliko da, dohaintza-emaileak azaldutako nahiari jarraituz.