jump to navigation

GIZARTE-KONTSEILUAK ONARTU DITU 2020KO EKITALDIKO UPV/EHU-REN KONTUAK  22.12.21

Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2021.
add a comment

390,4 milioi euro, hainbat dirulaguntzatatik etorriak

Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, gaur eginiko saioan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko 2020rako kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu. Ekitaldi hartan, UPV/EHUk 427,7 milioi euroko hasierako aurrekontua izan zuen. Zenbateko hori aldatu egin zen aurreko ekitaldietako soberakinak gehitu izanagatik, eta 518 milioira iritsi zen; horietatik, 440,5 milioi exekutatu zituen UPV/EHUk.

Eusko Jaurlaritzaren transferentzia eta dirulaguntza arruntak dira UPV/EHUren finantzaketa-iturri nagusia. Haien barruan sartzen dira, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Aurrekontu Orokorretako dirulaguntza orokorra (275 milioi euro), bai eta 17,6 milioi ere, ordainsari osagarriak finantzatzeko.

Kapital-transferentziei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak emanikoetan izandako igoera da esanguratsuena; izan ere, hasieran 3,3 milioiko aurrekontua izatetik 23 milioi eurora igo da. Igoera hori bat dator EAEk programa kontratuetarako eta ikerketarako ematen duen kapitaleko dirulaguntzarekin. 2020ko ekitaldian ondarearen emaitza ekonomikoaren kontura egotzitako transferentzia eta dirulaguntza arruntak 390,4 milioi eurokoak dira guztira, honela banakatuta:

Kontseiluaren osoko bilkurak, halaber, gehiengodun partaidetza duen entitateetako kontabilitateko egoera-orriak onartu ditu akordio berean. Hain zuzen ere, honako hauek dira: Euskoiker, UPV/EHUren Uda Ikastaroak, eta Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko gobernu-erakundeari aurkeztu dio informazio ekonomiko-finantzario hori, gizarteari kontu emateko prozesuaren esparruan.

Ordainsari osagarriak 250 irakasleri

2021eko azken saioan, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak aurtengo deialdiari dagozkion gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitu dizkie C1 eta C2 mailetako 250 irakasleri. Horretaz gainera, iazko deialdiko A eta B osagarrien esleipenaren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebatzi dira.

Aurrekontu-aldaketak

Gaurko saioan bertan, osoko bilkurak aurrekontuak aldatzeko 10.000 eurotik gorako lau proposamen baino gehiago onetsi ditu: 112.682 euroko zenbatekoa orotara, bulegoko materiala, ikasmateriala, material zientifikoa eta inbentariagarria erosteko. Halaber, adostu dute 10.000 eurotik beherako 20 proposamen baliozkotzea, 74.788,26 euroko zenbatekoarekin, hainbat eratako ekipamendua erosteko, hala nola zientifikoa, irakaskuntzakoa, informatikoa eta ikus-entzunezkoa. Aurrekontuetan egindako 24 aldaketen batura 187.470,26 euro da orotara.

Gizarte Kontseiluaren 2022rako aurrekontua

Osoko bilkurak UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren 2022ko ekitaldirako aurrekontua ere onetsi du, zeinaren diru-sarreren eta gastuen egoera 450.000 eurokoa baita guztira. Gizarte Kontseiluaren bidez, bermatzen da euskal gizarteak parte hartzen duela unibertsitatean, eta, ildo horretan, gizartearen eta unibertsitate-komunitatearen interesak ordezkatzen ditu.

Unibertsitateko jarduerekiko lankidetza aktiboaren ikuspegitik, bost jarduera-ardatz ditu:

  • Kontseiluaren egitekoa indartzea, gizarte-beharrizan berriak kontuan izanda.
  • Unibertsitatea eta enpresak gerturatzea eta ikasle graduatuen enplegagarritasuna sustatzea.
  • Sariak eta aintzatespenak ematea Gizarte Kontseiluaren jarduera-esparruetan.
  • Aliantza-politika bat garatzea beste gizarte-entitate eta -erakunde batzuekin.
  • Gardentasunean eta kontu-ematean oinarritutako unibertsitate-gobernantza baterantz aurrera egiten laguntzea.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea

Azkenik, osoko bilkurak ontzat eman du UPV/EHUk Hidrogenoaren Euskal Korridoreaelkartean parte hartzea, eta Guillermo Quindós Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektorea izendatu du ordezkari.

Elkarte hori lankidetza publiko-pribatuko ekimen bat da, eta aurten urte hasieran sortu zen, industria eraldatzearekin loturiko esparruan; hala, hidrogenoaren ekosistema baten sorrera oinarri harturik, ekonomia deskarbonizatzea da azken xedea.Orotara 40 proiektuk eta 80 erakundek baino gehiagok parte hartzen dute Hidrogenoaren Euskal Korridorean. UPV/EHUk gaur egun duen jarduerarik garrantzitsuena Hidrogenoaren Teknologiei buruzko unibertsitatearteko Berezko Masterrean parte hartzea da, Pedro Luis Arias eta Inmaculada Zamora irakasle direla.


EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO GRADUATUEN % 77 AUTONOMIA ERKIDEGOAN BIZI DA ETA LAN EGITEN DU 27.10.21

Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2021.
add a comment

Gizarte Kontseiluak Lanbidek, laneratzeari buruz, burututako txostena aztertu du

Lanbidek burututako UPV/EHUko ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestak, 2017ko promozioari zuzendutakoak, erakusten du % 77 Autonomia Erkidegoan bizi dela eta lan egiten duela. Beste % 13 Euskal Herrian bizi da eta kanpoan lan egiten du, % 3 kanpoan bizi da eta Euskadin lan egiten du eta gainerako % 7 EAEtik kanpo bizi da eta lan egiten du. Euskal Herritik kanpo eta aipatutako inkestan jasotako mugikortasun geografikoaren arabera, graduatuen % 10 beste eskualdeetan bizi da eta lan egiten du, eta % 3 munduko zenbait herrialdetan.
Langabezia tasa ikasketak amaitu eta hiru urtera % 12koa da, bi puntu gehiago aurreko promozioarekin alderatuta eta enplegu tasa % 81eko da, 2016koa baino hiru puntu gutxiago. Datu hauek eta beste batzuk ‘UPV/EHUn ikasketak amaitu dizten ikasleen laneratzeari buruzko txostena-ren emaitzaren aurrerapenak, 2020ra dagozkienak, Bilbon ospatu den Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte-Kontseiluaren Osoko Bilkuran aztertu dira.

Asebetetze nabarmena enpleguarekin

Graduatuen batezbesteko asebetetzea enpleguarekin 10etik 7koa da, kontuan hartuta betetzen diren funtzioak, igoera aukerak, soldata eta lan-egonkortasuna.

Grafikoan zehazki ikus daiteke 2017ko promozioko ikasleen lan-egoera. Lanbidek urteroko inkesta hau burutzen du 1997tik, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren ekimenez. Titulazioa lortu eta hiru urtera burutzen du, uste baita denbora nahikoa dela karrera profesional bat bideratzeko sektore edo lanbide zehatz batentzat. Guztira 26.000 pertsona galdetzen dira urtero Lanbideren eskutik Euskadiko ikasleen laneratzearen adierazleak ezagutzeko.

Azkeneko edizioan, UPV/EHUko 2017ko graduko promozioari dagokionean (hiru urte daramatzana lan-merkatuan), ondokoa nabarmentzekoa da jakintza-arloaren arabera:

  • Osasun Zientziek % 90ko enplegu tasa eta % 5eko langabezia tasa dute.
  • Irakaskuntza Teknikoek % 88ko enplegu tasa eta % 8ko langabezia tasa dute.
  • Gizarte Zientziek % 79ko enplegua eta % 16ko langabezia dute.
  • Zientzia Ekonomiko-Juridikoek % 77ko enplegua eta % 15eko langabezia dute.
  • Zientzia Esperimentalek % 73ko enplegua eta % 15eko langabezia dute.
  • Humanitateek % 71eko enplegu tasa eta % 20ko langabezia tasa dute.

Enplegua, UPV/EHUko ikasleek ikasitako espezialitate akademikoari lotuta, % 95eko da Osasun Zientzietan eta Irakaskuntza Teknikoetan, % 92koa Zientzia Esperimentaletan, % 83koa Humanitateetan, % 81ekoa Gizarte Zientzietan eta % 69koa Zientzia Ekonomiko-Juridikotan.

1.590 euroko hileko batezbesteko soldata

Lanaldi osoan lan egiten duten UPV/EHUko graduatuen hileko batezbesteko soldata garbia 1.590 eurokoa da, 14 ordainketekin. Zehazki, hauek dira soldatak jakintza-arloaren arabera txikienetik handienera: Osasun arloko Zientziak (1.858 euro), Teknikoak (1.591 euro), Sozialak (1.544 euro), Humanitateak (1.535 euro), Zientzia Ekonomiko-Juridikoak (1.460 euro) eta Zientzia Esperimentalak (1.371 euro). Orokorrean, lan-murriztuko okupazioaren ehunekoak gora egin du.

2017Ko promozioko bide nagusia enplegua lortzeko inguru soziala eta profesionala da oraindik % 25eko kuotarekin. Jarraian doaz oposizioak/ lan-poltsa publikoa (% 21,1), eskaintza zehatz bati erantzutea (% 15,6), CV aurkeztea / Enplegu zerbitzuan alta ematea (% 13,3), unibertsitate ingurunea (% 10,3), Unibertsitatearekin zerikusirik ez duten praktika edo bekak (% 5,9), auto-enplegua/ ekintzaileak (% 3,8), prestakuntza osagarria (% 3,7) eta besterik (% 1,3).

REPPE eta BADALAB

Gai-zerrendako beste puntu batzuetan, Gizarte.Kontseiluko Osoko Bilkurak “baimena” eman du UPV/EHU-k parte hartu dezan Asociación para el Desarrollo del Prácticum y de las Prácticas Externas elkartean: Red de Prácticum de España (REPPE) sarean. Entitate hori zenbait instituziok, erakundek, irakaslek eta hainbat motako profesionalek osatzen dute.

Gainera, Osoko Bilkurak UPV/EHUren parte-hartzea adostu du BADALAB hizkuntza berrikuntzarako partzuergoan. Gipuzkoako berrikuntza-laborategi horren helburua da “erreferentziazko esperimentazio-gune” bihurtzea euskera suspertzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko, bai nazio mailan zein nazioarte mailan.
Azkenik, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkurak informatikako eta irakaskuntzarako ekiapamendutara zuzendutako gastu arrunteko aurrekontu aldaketa multzoa onartu du.


GIZARTE KONTSEILUAK UPV/EHU-KO BEREZKO TITULUEN PREZIOAK ONETSI DITU 2021-2022 IKASTURTERAKO 1.07.21

Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2021.
add a comment

Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak, gaur Bilbon elkarturik, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2021-2022 ikasturtean emango dituen berezko tituluen prezioak gainbegiratu eta onetsi ditu. UPV/EHUk hirurogei master eta graduondoko baino gehiago ditu. Catálogo

Datorren ikasturte akademikoan berezko hamabi titulazio sortu berri hauek emango dira, lau adar desberdinetan:

Irakaskuntza Teknikoak

• Ilustrazio Zientifikoa (Berezko Masterra)
• Hidrogeno Teknologiak (Berezko Masterra)

Osasun Zientziak

• Farmakokutsadura (Unibertsitate Aditua)
• Mikologia Medikoa (Berezko Masterra)

Gizarte eta Lege Zientziak

• Euskal Diaspora (Unibertsitate Espezializazioa)
• Nazioartekotze Korporatiboko Estrategiak (Unibertsitate Aditua)
• Generoa, Maskulinitateak eta Gizarte Ekintza (Unibertsitate Espezializazioa)
• Gainbegiratzea Gizarte-ekintza Testuinguruetan (Unibertsitate Espezializazioa)
• Irakaskuntza Atzerriko Hizkuntzen eta Edukien Ikasketa Integratuan (AHEII) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduko Titulazioei Lotuta (Unibertsitate Aditua)

Giza Zientziak

• Haur eta Gazte Literatura eta Formakuntza Literarioa (Unibertsitate Espezializazioa)
• Humanitate Digitalak: Aukera Berriak Ikertzen (Unibertsitateko Aditua)
• Praktika Artistikoen eta Kultur Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea (Berezko Masterra)

Horretaz gainera, osoko bilkurak onetsi du Giza Zientzietako unibertsitate-tituluaren prezioak mantentzea (Esperientzia Ikasgelak) 2021-2022 ikasturterako.

UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak
Ikasleek 2015eko masterretan jarraitzeko arauak aldatu dira, ebaluazio-deialdiei uko egitearekin eta matrikula ezeztatzearekin loturiko kudeaketa hobetzeko.

Adinekoentzako Unibertsitate Programen Estatuko Elkartearen kide berria
Saio berean, onartu da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Adinekoentzako Unibertsitate Programen Estatuko Elkartean (AEPUM) parte hartzea. Elkarte horrek 46 unibertsitate publiko eta pribatu baino gehiago biltzen ditu gaur egun, eta haren helburua da, batetik, adinekoekin lotutako hezkuntza-, prestakuntza- eta kultura-egitura berriak sustatzea eta, bestetik, hainbat unibertsitatetako programen arteko lankidetza-bideak ezartzea. UPV/EHUrentzat, aukera ederra da AEPUMen parte izatea Esperientzia Gelak proiektua garatzeko.

Bost lankidetza-beka
Halaber, Gizarte Kontseiluak erabaki du bost lankidetza-beka banatzea, Ministerioak 2021-2022 ikasturterako deituak, UPV/EHUren sail hauetarako:
• Kimika Organikoa I
• Ingeniaritza Kimikoa
• Medikuntza
• Historia Garaikidea
• Gizarte Psikologia

Aurrekontu-aldaketak
Gaurko saioan bertan, osoko bilkurak aurrekontuak aldatzeko 10.000 eurotik gorako hiru proposamen baino gehiago onetsi ditu: 53.000 euroko zenbatekoa orotara, material zientifikoa eta inbentariagarria erosteko. Horretaz gainera, adostu dute 10.000 eurotik beherako aurrekontu-aldaketen 53 proposamen baliozkotzea, 186.000 euro baino gehiagoko zenbatekoarekin, haiek ere irakaskuntza-materiala, material informatikoa eta ikus-entzunezkoa eskuratzeko. Aurrekontuetan orotara egindako 56 aldaketen batura 240.000 euro baino gehiago da.

Gehigarrizko ordainsari osagarriak
Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak, era berean, gehigarrizko ordainsari osagarrietarako deialdia onetsi du, UPV/EHUko irakasle eta ikerlariek irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduak aitortzen dituzten osagarriak eskatu ahal izan ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuak aurreikusten dituen baldintzetan. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan zehaztuko da irakasle eskatzaileek nola eta zer baldintzatan egin behar dituzten eskaerak, ordainsarien osagarriok eskuratu ahal izateko.

Horretaz gainera, Gizarte Kontseiluak azken deialdiko A eta B mailetako ordainsari osagarriak ere esleitu ditu.

Kimika Teorikoa eta Modelizazio Konputazionala Masterra
Gizarte Kontseiluak aldaketa nabarmena proposatu du Kimika Teorikoa eta Modelizazio Konputazionala Masterrerako, zeina honako erakunde hauekin batera antolatzen baita: Madrilgo Unibertsitate Autonomoa (koordinatzailea), Bartzelonako Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Murtziako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Salamancako Unibertsitatea, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Valladolideko Unibertsitatea, Vigoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Castellóko Jaume I Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea eta Valentziako Unibertsitatea (Estudi General), bai eta Donostiako Kimika Fakultatea ere, zentro hori arduratzen baita ikasketez UPV/EHUn.
Aldaketa hori ikasketa-planeko nahitaezko kredituen eta kreditu operatiboen banaketa aldatzean datza, bai eta nahitaezko eta hautazko irakasgaiak eguneratzean ere unibertsitateek egindako eskaintzan.
Azkenik, bilkura berean, osoko bilkuren eta batzordeen egutegia onartu da 2021eko urrirako eta abendurako eta 2022ko martxorako eta ekainerako.