GIZARTE KONTSEILUAK HEZKUNTZA SAILARI PROPOSATU DIO GRADUKO 68 TITULU UPV/EHUn EZARTZEA 25.06.10
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2010.add a comment
Bilbon gaur egin den Gizarte Kontseiluko ohiz kanpoko Osoko Bilkurak erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari proposatzea, 2010-2011ko ikasturterako, graduko 68 titulazio berri ezartzea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean.
Kontseiluak onetsitako 68 gradu berrietatik, 21 Arkitektura eta Ingeniaritza Sailekoak dira, 9 Saiakuntza Zientzietakoak, 6 Osasun Zientzietakoak, 22 Gizarte Zientzietakoak eta Juridikoetakoak eta 10, berriz, Arte eta Giza Zientzietakoak.
Hurrengo zerrendak gradu guztiak eta horiek irakatsiko diren lekuak biltzen ditu:
146.a – Osoko Bilkura 17.06.10
Posted by consejosocialupvehu in plenos-2010.add a comment
Gai zerrenda hau da:
- 2010ko maiatzaren 5ean burututako ehun eta berrogeita bostgarren saioko aktaren irakurketa eta onespena.
- Gradu-titulazio ofizialak.
- Arabako Foru Aldundiaren doako lagapenaren onarpena. Informazioa.
- Gizarte Kontseiluaren finantza – informazioaren egoerak, 2010eko martxoaren 31a.
- UPV/EHUk Biodonostia Institutu Elkartean parte hartzea. Ekonomia eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion erabaki propasamena.
- EHUren Urte Anitzeko Inbertsio Programa. Txostena
- Ikasleen praktika profesionalak: aginte-koadroa. Aurkezpena.
- Gizarte Kontseiluaren 2011-2014 Plan Estrategikoa. Txostena.
- EHUren jarduera gizarteari komunikatzeko beharrezko informazioaren egitura eta edukien proposamena.
- Nazioarteko Bikaintasuneko Campuserako UPV/EHUko kandidatura: Euskanpus Proiektua. Errektorearen Txostena.
GIZARTE KONTSEILUAK AHALEGIN GUZTIA EGINGO DU EHU-KO PROIEKTU ESTRATEGIKOAN ETA UNIBERTSITATEAREN PRESENTZIA SOZIALA INDARTZEN 16.06.10
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2010.add a comment
EHUko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak gaur 2011-2014 laurtekorako Plan Estrategikoa onartu du. Horretan, honako helburu hauek ezarri dira: EHUren proiektu estrategikoak laguntzea eta bultzatzea, Unibertsitateak gizartean duen presentzia eta interakzioa indartzea eta Kontseiluaren partaidetza hobetzea unibertsitate-gobernuan.
Hiru ardatz estrategiko horiek erabat bete daitezen lortzeko, Planak hogei ekintza inguru garatzea aurreikusten du, gutxika ezarriko direnak, urteko jarduera-planak adosten diren heinean. Horien artean proposamen hauek nabarmentzen dira, besteak beste: e-unibertsitatea bultzatzea titulu ez-presentzialen eskaintzarako; Unibertsitateko Balioen EHU Foroa abian jartzea, iritzia, kultura eta eztabaida sortzen laguntzeko; Lanbiderekiko lankidetzan unibertsitatetik laneratzeko zerbitzu bat abian jartzeko aukera aztertzea; edota Unibertsitateko ikasle ohien zerrenda bat garatzeko ekimenak abian jartzea.
Saio berean, Osoko Bilkurak “EHUren jarduera gizarteari jakinarazteko beharrezko informazioaren egitura eta edukiak” txostenaren ondorioak analizatu ditu. Azterketa hori Kontseiluak egin du, Unibertsitateari loturiko interes-taldeen informazio-beharrak estaltzeko, gai horren inguruan Kontseiluaren beraren Plan Estrategikoan ezarritako helburuekin bat, hots, honako hauekin bat:
- * Sortutako ezagutzari loturiko emaitzen (ikerketa) transferentzia-prozesua sortzea.
- * Unibertsitatearen gizarte betekizuna eta haren ekarpena euskal gizartean zein den jakinaraztea.
- * Unibertsitateak Gizarteari kontuak ematen laguntzea.
- * EHUren aintzatespen soziala hobetzea, gertuko eta erreferentziazko irudia proiektatuz, ezagutzaren eragile gisa.
Azterketan egungo egoeraren analisi bat dago, orobat Estatuko eta nazioarteko antzeko jardueren berrikuspen bat, eduki informatiboen eta horiek zuzendu behar diren eragileen identifikazioa eta Unibertsitatearen komunikazio-mekanismoen azterketa bat. Azkenik, komunikaziorako egitura eta eduki komunen proposamen bat agertzen da, baita tresna eskuragarriak eta horiek guztiak hobetzeko proposamenak ere. Azkenik, eduki gehienen kasuan, azterketan hobekuntza-proposamenak egiten dira Unibertsitatearen web atariari loturik eta bost jarduera-ildo handiren inguruan egituratuta: tresna berriak garatzea euskarri fisikoan, edukiak gehiago ezagutaraztea, web gunearen edukiak hobetzea, euskarri fisikoa duten tresnak hobetzea eta web tresna berri bat sortzea. Ildo horietarako, lanak ildoei loturiko zenbait jarduera proposatzen ditu, 75 ekintzako multzoa osatu arte.
Biodonostian parte hartzea
Bestalde, Kontseiluak onartu egin du Unibertsitateak Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutu Elkartean parte har dezan. Elkarte horren helburua proiektuak garatzea, laguntza teknikoa eskaintzea, giza baliabideak prestatzea eta lankidetza teknikoko jarduerak garatzea da osasun-zientzien esparruan eta, batez ere, biomedikuntzaren esparruan. Halaber, Kontseiluak onartu egin du Arabako Foru Aldundiak Heziketa Fisikoko Euskal Institutua eta Institutuak hartzen dituen lurrak Unibertsitateari dohainik lagatzea.
Osoko Bilkurak Inbertsioen Urte Anitzeko Planaren Segimendu Batzordearen txostena ere aztertu du, non 2009 ekitaldiaren itxiturari buruzko datuak aztertzen baitira eta zifrak ekitaldiko gastu-aurreikuspenaren arabera doitzen baitira. Hartara, 2010 urteko 10,15 milioi euro 2011 urtera pasatzen dira, zifrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak planteatutako engaiamendu-kredituen urteko zenbateko berrietara egokitze aldera.
Azkenik, Errektoreak Gizarte Kontseiluari Euskampus proiektua ezagutarazi dio. Proiektu hori EHUren, administrazio publikoen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko erakunde nagusien arteko aliantza bat da, ikasleei prestakuntza osoa eskaintzeko, garapen zientifiko eta teknologikoaren motor gisa jarduteko eta erakunde solidario, engaiatu eta sozialki arduratsua dela baloratzeko. Helburua unibertsitate osoaren eta kanpo-eragile guztien partaidetza eta inplikazioa duen proiektu estrategikoa egituratzea da, unibertsitate-eskaintza nabarmen bereizgarria eskaini ahal izateko, non bikaintasun-esparruak identifikatzen baitira eta non ikasleen eta irakasleen interesa erakartzen baita, bikaintasunean oinarritutako eta gizarte- eta ingurumen-balorez hornitutako proiektuan. Eta, hori guztia, Nazioarteko Bikaintasun Campusaren deialdian Euskal Herriko Unibertsitatearen hautagaitza aurkeztu ahal izateko egin da.


