jump to navigation

PRENTSA OHARRA 14.05.09

Posted by consejosocialupvehu in @@ notas de prensa, Prentsa Oharrak.
trackback

Unibertsitateari lotutako Prestakuntzako, Ikerkuntzako eta Euskal Administrazio Publikoen Zerbitzuetako Beharrei buruzko Azterketa Aurkeztu Ondoren

GIZARTE KONTSEILUAK EHU-KO 2009RAKO AURREKONTUA ONARTZEN DU, ETA 478 MILIOI EUROTAKOA DA

EHUko Gizarte Kontseiluko Ez-ohiko Osoko Bilkurak, EHUko Gobernu Kontseiluak aurkeztutako Proiektua aztertu ostean, Euskal Herriko Unibertsitateko 2009rako Aurrekontua onetsi du gaur. Aurrekontua 478,07 milioi eurotakoa da, aurreko ekitaldikoa baino % 9,31 gehiago.

Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkurak Aurrekontuari buruzko txosten bat gaineratu du onartze-hitzarmenean. Txosten horretan, berritasun nagusienak aipatzen dira, baita kapituluka, programaka eta gastu unitateka egindako ekonomia- eta finantza-azterketa zehatz bat ere; eta azkenik, hobetzeko zenbait aholku ematen dira.

Haren azken gomendioetan, Osoko Bilkurak Unibertsitateari gomendatzen dio Eusko Jaurlaritzarekin kontsulta dezan ahalik eta azkarren zein jarduera izango diren beharrezko, 2009an 6,7 milioi eurokoak izango diren gizarte-aurreikuspeneko sistema boluntariorako ekarpenak kudeatzeaz arduratuko den entitatea zehazteari ekiteko. Halaber, 2006-2010 Urte Anitzeko Inbertsio Planean aldaketa garrantzitsuak egon direnez, Kontseiluak dokumentu berri bat idaztea gomendatzen dio EHUri, Gizarte Kontseiluak berriz onar dezan.

Bestalde, onartutako Aurrekontua 41 milioi euro hazi da aurreko ekitaldiaren aldean eta, horrek, 2008an hasitako joera berresten du, finantzaketa-esparru egonkorrago bat edukitzearena alegia. Aurrekontua 283 milioi eurotik 2004an 478 milioi baino gehiagora igaro da ekitaldi honetan. Eboluzio positibo hori ondorengo grafikoan ikus daiteke:

 

Gizarte Kontseiluko Proiektuak 2009rako

Osoko Bilkurak 2009ko Plan Eragilean garatzeko lau proiektu ere onartu ditu –guztiak ere 2007-2010 Gizarte Kontseiluko Estrategikoaren barnean–, ikerketa-emaitzen hedapenaren arloan EHUren komunikazioa hobetzeko, tituludunei lehen lana lortzen laguntzeko, ikasleen praktikak optimizatzeko eta interesa duen publikoari EHUk bere webgunearen bidez eskainitako zerbitzuak eskuratzen laguntzeko helburuekin. 2009ko Plan Eragilean jasotzen diren proiektuak ondokoak dira:

  • EHUren ikerketa-emaitzen hedapena. 45.000 euroko aurrekontua du eta Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuen eta Produktuen Katalogoa (www.gizartekontseilua.com Gizarte Kontseiluaren webgunean jada eskuragarri) osatzea du helburu. Horretarako “bezero” izan daitezkeenei unibertsitate publikoak ikerketa-arloan dituen gaitasunak ezagutzera ematen dizkie. Horrenbestez, haien emaitzengatik paradigmatikoak diren kasu praktikoak aukeratuko dira, finantzaketaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatu den, diziplina anitzeko taldeek parte hartu duten edo proiektua garatzeko zailtasun bereziei aurre egin zaien kontuan hartuta.
  • Unibertsitate Ikasleen Lehen Enpleguaren Behatokia Eguneratzea. 30.000 euroko aurrekontua du eta lehen lanaren eskuraketan dauden joerak aztertuko ditu gaur egungo krisi-testuinguruan, etorkizuneko lanpostuetarako behar izango diren gaitasun berriak aurreikusteko.
  • Ikasleen praktika profesionalak optimizatzeko beharrezko baldintzak aztertzea. 45.000 euro erabiliko dira proiektu hori gauzatzeko eta haren helburuak dira, alde batetik, gaur egungo hainbat motatako praktikak aztertzea eta, bestetik, zenbait gomendio ematea, helburuak, praktikak eskaintzen dituzten erakundeetako aukeraketa-irizpideak, ikasleei emandako eginkizunak, segimenduaren eta garapenaren arduradunak eta lortutako emaitzen ebaluazioa argi zehazten lagunduko duten beharrezko neurriak har daitezen.
  • EHUren webgunean eskainitako zerbitzuen erabilpena sustatzeko Ideien Lehiaketa. Kontseiluak, saritan 10.000 euro (6.000, lehenengoarentzat; 3.000, bigarrenarentzat eta, 1.000, hirugarrenarentzat) emango dituen ideia-lehiaketa bat antolatuko du, gizarteari Unibertsitatearen beraren, hura osatzen duten zentro, departamentu, institutu eta abarren edo Gizarte Kontseiluaren webguneetan eskainitako zerbitzuetako ezagutza eta erabilpena errazteko oinarriak finkatzeko helburuarekin.

Azterlanaren aurkezpena

Aurreko ekitaldiari dagokion Plan Eragileko proiektu amaituei dagokienez, gaur Osoko Bilkuraren aurrean aurkeztu da “Unibertsitateari lotutako Prestakuntzako, Ikerkuntzako eta Administrazio Publikoen Zerbitzuetako Beharrei buruzko Azterketaren” azken txostena. Administrazioko (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta beste erakunde batzuk) 62 arduradun eta Unibertsitateko sailetako edo ikerketa-taldeetako 45 zuzendari inkestatuz EAEko erakunde guztietako beharrak aztertu dituen ikerketa horren ondorio nagusien artean, ondorengoak nabarmen daitezke:

  • Elkarren arteko jarduerari buruzko eta Administrazioen eta Unibertsitatearen interesei buruzko ezagutza benetan hobetu daiteke eta ez dago harreman-ardatz iraunkorrik.
  • Administrazioen beharrak asetzera zuzendutako orientazio estrategiko bat falta zaio EHUri eta, hori, Administrazioek sustatutako deialdi publikoetako parte-hartze eskasean islatzen da.
  • Bi alderdien arteko harremana eta lankidetza bultzatzen dituen bitartekari argirik ez dago. Gaur egungo harreman gehienak kontaktu indibidualetan oinarritzen dira.
  • Lankidetza gehienak kontzentratzen dituzten jarduerak ikerketa-proiektuak dira; ondoren datoz, nahiko distantzia luzean, prestakuntza-ikastaroak (espezifikoak, etengabekoak, masterrak, etab.) eta laguntza teknikoko proiektuak.
  • Arloka, enpresaren garapenak eta berrikuntzak kontzentratzen dituzte lankidetza gehienak. Bestalde, gutxi dira enpleguaren eta ekintzailetzaren arloko lankidetza-kasuak. Baterako proiektu berrietako asko ingurumenarekin lotutako ikerketa-proiektutan kontzentratu dira.
  • Baterako esperientzia gehienak positiboak izan dira; hala ere, bi alderdiak kexu dira gehiegizko burokratizazio-mailaz, eskakizun zorrotzez, eraginkortasunez kudeatu ahal izateko bitartekari egokien gabeziaz eta, Unibertsitatearen kasuan, jarduera horiek eta berezko unibertsitate-jarduerak bateratzeko zailtasunaz.

Aurreko ataletan zenbait hutsune aipatu diren arren, azterlanak adierazten du posible dela prestakuntzako, ikerkuntzako eta zerbitzuetako jardueretan hainbat lankidetza-esparru identifikatzea, zeinak Administrazioei puntako ikerketa-lan eta azterlanetara iristea eta, aldi berean, EHUri bere baitan garatutako ezagutzaren kontraste eta aplikazio praktiko handiagoak bermatuko lizkioketen. Horren haritik, txostenak adierazten du etorkizuneko lankidetzaren ardatzak, ikerketa-proiektuetan, prestakuntza-programetan, Administrazio Publikoa modernizatzeko ekarpenetan, gizarte-ekintzan eta hezkuntza-berrikuntzan oinarrituta egongo direla.

Azkenik, Azterlanak zortzi gomendio ematen ditu, etorkizunean EHUren eta Administrazio Publikoaren arteko harremanean aurrera egiteko:

  1. EHUren eta Administrazioen arteko bitartekaritza-kanala argitzea eta hedatzea.
  2. Talde mistoak sortzea eta formaltzea, elkar-ezagutza hobetzeko, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko, beharrak detektatzeko eta aukera-esparru berriak kanalizatzeko.
  3. Funtzio publikora orientatutako profesionalen prestaketa hobetzen laguntzea.
  4. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta EHUren arteko lankidetza-esparru egonkor bat eratzea.
  5. Unibertsitatearen, Eudelen eta Ikerbasquen arteko baterako prestakuntza planak lantzea.
  6. Ikerlanetarako beka-programak eta sariak hobetzea eta hedatzea.
  7. Administrazio Publikoetako praktikak lizentziatura gehiagotan indartzea eta areagotzea.

Doktorego-ikastaroak

Bestalde, Kontseiluak 62 doktorego-programa onetsi ditu 2009-2010 ikasturterako, guztiak ere Europako Goi Hezkuntzako Esparrura (EGHE) egokituak. Eskaintza osotik, 15 Injinerutzaren eta Arkitekturaren arloari dagozkio; 17 Gizarte eta Zuzenbide Zientziei; 14 Zientziei; 7 Osasun Zientziei eta 9 Arte eta Humanitateei. Doktoregoen erdiak baino gehiago, zehazki 32k, Kalitatearen Aipua jaso zuten 2008-09 ikasturtean, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ematen zuen aintzatespen bat alegia, eta, beste 13, unibertsitate arteko doktoregoak dira, beste unibertsitate batzuekin elkarlanean ematen direnak. Sei ikastaro ingelesez emango dira. 62 doktorego-programa horiekin EHUk bere graduondoko-ziklo osoa EGHEra egokitzen amaitzen du.

Gai-zerrendako beste puntu batean, Kontseiluak EHUren, haren Gizarte Kontseiluaren eta Egailanen arteko Hitzarmen-zirriborroa onartu du. Hitzarmen horren helburua 2004-2005 promozioko Unibertsitate Tituludunen Lan Merkatuaren Behatokia gauzatzea da. Promozio horretan titulua eskuratu duten ikasle guztiak inkestatzeko azterlan baten zazpigarren edizioa da eta horren xedea da egiazta daitekeen informazioa erdiestea, agintari akademikoak erabakiak bideratu eta modu objektiboan hartzeko; ikasleak laneratze-prozesuan laguntzeko; lan-merkatuaren jokaera, haren ezaugarriak eta hezkuntza-sistemaren eta produkzio-sistemaren arteko harremana ezagutzeko eta enplegu-politikaren barruan ekintza espezifikoak moldatzea eta definitzea ahalbidetzen duen lanabes bat edukitzeko.

Halaber, Bilkurak EHUko “Munduko egoerari buruzko azterlanak: Sahara azpiko mendebaldeko Afrika, errealitateak, erronkak eta estrategiak” ikasketa osagarriko ikastaroaren matrikula-prezioak baliozkotu ditu, 112,50€tan finkatuz; zenbait aurrekontu-aldaketa onartu ditu; zenbait irakaslerentzako ordainketa osagarriak berriz ematea adostu du; EHUk BTEK Fundazioan bazkide sortzaile gisa parte hartzea onartu du eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola Unibertsitatetik ateratzea onetsi du.

Bilbon, 2009ko maiatzaren 6an

 


Iruzkinak»

No comments yet — be the first.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: