PRENTSA-OHARRA 24.11.09
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2009.add a comment
Unibertsitatearen web orrialdearen erabilera sustatzeko proiektua, II. Ideia-Lehiaketan saritutakoa.
UPV/EHU-REN GIZARTE KONTSEILUAK ORDAINSARI OSAGARRIETARAKO AUKERA IZATEKO III. DEIALDIA ONARTU DU
- Osagarri horietarako aukera UPV/EHUko irakasle zein ikertzaile guztiek izango dute osagarri horitarako aukera, funtzionarioek zein kontratatutakoek, betiere baldintzak betetzen badituzte.
- Deialdiaren oinarriak Kontseiluaren web orrialdean kontsulta daitezke: www.gizartekontseilua.com
- Halaber, Bilkurak 2008ko Unibertsitatearen kontabilitate-egoerak onartu ditu.
Gaur Bilbon izandako UV/EHUren Gizarte Kontseiluaren Bilkurak III. Deialdia onartu du, unibertsitateko irakasleek euren irakaskuntza eta ikerkuntzako eremuko merituen ebaluazioa eska dezaten, era horretan, Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuak ezarritako ordainsari osagarrietarako aukera izateko.
UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztiek izango dute ordainsari osagarri horietarako aukera, funtzionarioek zein kontratatutakoek, betiere aipatutako Dekretuak ezarritako baldintzak bete, UNIQUALek egindako ebaluazioa gainditu eta 2007 eta 2008ko deialdietan parte hartu ez bazuten.
Ebaluazio-eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, III. Deialdi hori EHAAn argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Behin UNIQUALek merituak ebaluatuta, Gizarte Kontseiluak, Unibertsitatearen Gobernu Batzordeak hala eskatuta, irakasle bakoitzak jaso beharreko osagarrien zenbatekoa era indibidualizatuan ezarriko du. Gizarte Kontseiluak onartutako osagarriek bost urteko baliagarritasuna izango dute, eta epe horretan, interesatuak ezingo dira beste ebaluazio-prozesu batzuetara aurkeztu.
Ordainsari osagarriak hiru mailatan sailkatuta daude: A maila, bikaintasuna aitortzeko; B maila, etengabeko kalitatea eta hobekuntza baloratzeko, eta C maila, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekiko dedikazioa aitortzen duena. Azken maila hori, bi tartetan banatuta dago: C1, Unibertsitatean 3 zerbitzu-urte eskatzen dituena, eta C2, plantillan 7 urte eman ondoren aitortzen dena. Antzinakotasunari dagokionez, interesdunak beka ofizial batez gozatutako denbora zenbatzen da. Deialdiaren oinarri guztiak, eta ordainsari osagarrien tarteetarako sarbiderako baldintzak UPV/EHUren Gizarte Kontseiluaren web orrialdean kontsulta daitezke: www.gizartekontseilua.com.
Bestalde, Unibertsitateak Gizarte Kontseiluari kontuak emateari dagokionez, Bilkurak 2008 ekitaldiko UPV/EHUren aurrekontuen kontabilitate-egoerak onartu ditu, 3,3 milioi euroko defizita erakusten dutenak, eta ondoko gomendioak formulatu ditu:
- Geldikin guztien azterketa zehatza egitea bakoitzaren helburua zehazteko.
- Eragiketak erregistratzea kontabilitate printzipio eta arauen arabera; halaber, diru-laguntzak egiaztatzea emate-oinarrien arabera.
- Kontabilitate publikoko arauak eta printzipioak aplikatzea, diru-sarrerak eta gastuak dagokien unean islatzeko, era horretan, aurrekontuaren likidazioak ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen isla egokia eskaintzeko.
- EPSV eta bestelakoetarako ekarpenak aitortutako betebehartzat erregistratzea.
Ideia-lehiaketa
Bestelako gaietan, José Miguel Martínez Urquijo jaunak, Kontseiluko Presidenteak Bilkura 3.000 euroko saria emateko aprobetxatu du, Gizarte Kontseiluaren Ideia-Lehiaketaren bigarren edizioari dagozkionak. Sari hori Juanan Pereira, Beñat Gurmendi eta Mikel Niño jaunek osatutako taldeari eman zaio, UPV/EHUko irakasle eta ikasle ohiak hurrenez hurren, Unibertsitatearen web orrialdea hiru bideren bidez sustatzeko proiektuagatik:
- Berehalako mezularitza-robotak erabiltzailearekin elkarreragiteko.
- Web orrialdeko zerbitzuen kalitatea ebaluatzeko bozketa-sistemak abian jartzea.
- Gizarte-sareak erabiltzea UPV/EHUren gizarte-sareak indartzeko.
Taldeko arduraduna, Juanan Pereira jauna, izan da ideia Bilkuran aurkeztu eta talde osoaren izenean saria jaso duena.
Azkenik, Bilkurak ondokoak onartu ditu: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Industria-Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoan (PESI) parte hartzea; ikasketa-osagarrien bost ikasturteko matrikulen prezioak baliozkotzea (Ordenagailu bidezko Grafikoak, Gizarte-Bazterketa arriskuan diren Gizarte-Sektoreak, Eskubide Administratiboak eta Giza Eskubideak, Segurtasun Kontseilaria Merkantzia Arriskutsuen Garraiorako eta Nazioarteko Praktiken Goi-Mailako Programa); eta “CAD/CAE: Elementu finituko Ingeniaritza, Kalkulu eta Simulazio Numerikoaren Goi-Mailako Ikastaroa”-ren matrikula-prezioa.
Bilbo, 2009ko azaroaren 18a
PRENTSA OHARRA 17.06.09
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2009.add a comment
Bere helburua instalazioak modu ezin hobean aprobetxatzeko aukerak aztertzea da
GIZARTE KONTSEILUARI AURKEZTU ZAIO “UPV/EHUKO JABETZAKO BALIABIDE FISIKOEN ETA HIGIEZINEN INBENTARIOA”
Gaur “UPV/EHUko Jabetzako Baliabide Fisikoen eta Higiezinen Inbentarioa” aurkeztu da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran. Aipatutako azterketak honakoa du helburu: UPV/EHUk bere hiru campusetan dituen eraikitako 650.000 m2 eta lurralde askeen 205.000 m2 baino gehiagoren erabilera maila aztertzea, osagarrizko jarduerak burutu ahal izateko aukerak proposatzeko, irakaskuntza erakunderako onura soziala eta ekonomia sortzeko.
Osoko Bilkurak heldu dio ere 2009ko Plan Operatiboaren proiektu desberdinen garapenari, Gizarte Kontseiluaren 2007-2010eko Plan Estrategikoaren barruan, eta erabaki du “Unibertsitate tituludun ikasleen etengabeko prestakuntzaren premiei buruzko (EAEko enpresetan) eta UPV/EHUren zereginari” buruzko azterketa berri bat burutzea, honako helburuarekin: aurrerapen teknologikoak, eszenario ekonomikoetan ematen ari diren aldaketen azkartasuna, langileak zaharregiak izateagatik berritzeko exijentziak eta langabeziaren igoera kontuan hartuta, Unibertsitate publikoaren alde egitea, prestakuntza- garapeneko eragile bilakatzeko, dagoeneko, dagokion titulazioa lortu duten langileen etengabeko prestakuntza sustatzeko, eta unibertsitate jardueraren esparruari zabaltzeko aukera emateko.
Azkenik, Osoko Bilkurak ebatzi du UPV/EHUko irakaskuntza-langileentzako hainbat ordainketa osagarrien esleipen edo berresleipen, onetsi ditu aurrekontu aldaketa batzuk eta ontzat eman du UPV/EHUk Basque Center for Cognition Brain and Language (Fundación BCBL Fundazioa) zentroko bazkide fundatzaile gisa parte hartzea.
PRENTSA OHARRA 14.05.09
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2009.add a comment
Unibertsitateari lotutako Prestakuntzako, Ikerkuntzako eta Euskal Administrazio Publikoen Zerbitzuetako Beharrei buruzko Azterketa Aurkeztu Ondoren
GIZARTE KONTSEILUAK EHU-KO 2009RAKO AURREKONTUA ONARTZEN DU, ETA 478 MILIOI EUROTAKOA DA
EHUko Gizarte Kontseiluko Ez-ohiko Osoko Bilkurak, EHUko Gobernu Kontseiluak aurkeztutako Proiektua aztertu ostean, Euskal Herriko Unibertsitateko 2009rako Aurrekontua onetsi du gaur. Aurrekontua 478,07 milioi eurotakoa da, aurreko ekitaldikoa baino % 9,31 gehiago.
Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkurak Aurrekontuari buruzko txosten bat gaineratu du onartze-hitzarmenean. Txosten horretan, berritasun nagusienak aipatzen dira, baita kapituluka, programaka eta gastu unitateka egindako ekonomia- eta finantza-azterketa zehatz bat ere; eta azkenik, hobetzeko zenbait aholku ematen dira.
Haren azken gomendioetan, Osoko Bilkurak Unibertsitateari gomendatzen dio Eusko Jaurlaritzarekin kontsulta dezan ahalik eta azkarren zein jarduera izango diren beharrezko, 2009an 6,7 milioi eurokoak izango diren gizarte-aurreikuspeneko sistema boluntariorako ekarpenak kudeatzeaz arduratuko den entitatea zehazteari ekiteko. Halaber, 2006-2010 Urte Anitzeko Inbertsio Planean aldaketa garrantzitsuak egon direnez, Kontseiluak dokumentu berri bat idaztea gomendatzen dio EHUri, Gizarte Kontseiluak berriz onar dezan.
Bestalde, onartutako Aurrekontua 41 milioi euro hazi da aurreko ekitaldiaren aldean eta, horrek, 2008an hasitako joera berresten du, finantzaketa-esparru egonkorrago bat edukitzearena alegia. Aurrekontua 283 milioi eurotik 2004an 478 milioi baino gehiagora igaro da ekitaldi honetan. Eboluzio positibo hori ondorengo grafikoan ikus daiteke:
Gizarte Kontseiluko Proiektuak 2009rako
Osoko Bilkurak 2009ko Plan Eragilean garatzeko lau proiektu ere onartu ditu –guztiak ere 2007-2010 Gizarte Kontseiluko Estrategikoaren barnean–, ikerketa-emaitzen hedapenaren arloan EHUren komunikazioa hobetzeko, tituludunei lehen lana lortzen laguntzeko, ikasleen praktikak optimizatzeko eta interesa duen publikoari EHUk bere webgunearen bidez eskainitako zerbitzuak eskuratzen laguntzeko helburuekin. 2009ko Plan Eragilean jasotzen diren proiektuak ondokoak dira:
- EHUren ikerketa-emaitzen hedapena. 45.000 euroko aurrekontua du eta Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuen eta Produktuen Katalogoa (www.gizartekontseilua.com Gizarte Kontseiluaren webgunean jada eskuragarri) osatzea du helburu. Horretarako “bezero” izan daitezkeenei unibertsitate publikoak ikerketa-arloan dituen gaitasunak ezagutzera ematen dizkie. Horrenbestez, haien emaitzengatik paradigmatikoak diren kasu praktikoak aukeratuko dira, finantzaketaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatu den, diziplina anitzeko taldeek parte hartu duten edo proiektua garatzeko zailtasun bereziei aurre egin zaien kontuan hartuta.
- Unibertsitate Ikasleen Lehen Enpleguaren Behatokia Eguneratzea. 30.000 euroko aurrekontua du eta lehen lanaren eskuraketan dauden joerak aztertuko ditu gaur egungo krisi-testuinguruan, etorkizuneko lanpostuetarako behar izango diren gaitasun berriak aurreikusteko.
- Ikasleen praktika profesionalak optimizatzeko beharrezko baldintzak aztertzea. 45.000 euro erabiliko dira proiektu hori gauzatzeko eta haren helburuak dira, alde batetik, gaur egungo hainbat motatako praktikak aztertzea eta, bestetik, zenbait gomendio ematea, helburuak, praktikak eskaintzen dituzten erakundeetako aukeraketa-irizpideak, ikasleei emandako eginkizunak, segimenduaren eta garapenaren arduradunak eta lortutako emaitzen ebaluazioa argi zehazten lagunduko duten beharrezko neurriak har daitezen.
- EHUren webgunean eskainitako zerbitzuen erabilpena sustatzeko Ideien Lehiaketa. Kontseiluak, saritan 10.000 euro (6.000, lehenengoarentzat; 3.000, bigarrenarentzat eta, 1.000, hirugarrenarentzat) emango dituen ideia-lehiaketa bat antolatuko du, gizarteari Unibertsitatearen beraren, hura osatzen duten zentro, departamentu, institutu eta abarren edo Gizarte Kontseiluaren webguneetan eskainitako zerbitzuetako ezagutza eta erabilpena errazteko oinarriak finkatzeko helburuarekin.
Azterlanaren aurkezpena
Aurreko ekitaldiari dagokion Plan Eragileko proiektu amaituei dagokienez, gaur Osoko Bilkuraren aurrean aurkeztu da “Unibertsitateari lotutako Prestakuntzako, Ikerkuntzako eta Administrazio Publikoen Zerbitzuetako Beharrei buruzko Azterketaren” azken txostena. Administrazioko (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta beste erakunde batzuk) 62 arduradun eta Unibertsitateko sailetako edo ikerketa-taldeetako 45 zuzendari inkestatuz EAEko erakunde guztietako beharrak aztertu dituen ikerketa horren ondorio nagusien artean, ondorengoak nabarmen daitezke:
- Elkarren arteko jarduerari buruzko eta Administrazioen eta Unibertsitatearen interesei buruzko ezagutza benetan hobetu daiteke eta ez dago harreman-ardatz iraunkorrik.
- Administrazioen beharrak asetzera zuzendutako orientazio estrategiko bat falta zaio EHUri eta, hori, Administrazioek sustatutako deialdi publikoetako parte-hartze eskasean islatzen da.
- Bi alderdien arteko harremana eta lankidetza bultzatzen dituen bitartekari argirik ez dago. Gaur egungo harreman gehienak kontaktu indibidualetan oinarritzen dira.
- Lankidetza gehienak kontzentratzen dituzten jarduerak ikerketa-proiektuak dira; ondoren datoz, nahiko distantzia luzean, prestakuntza-ikastaroak (espezifikoak, etengabekoak, masterrak, etab.) eta laguntza teknikoko proiektuak.
- Arloka, enpresaren garapenak eta berrikuntzak kontzentratzen dituzte lankidetza gehienak. Bestalde, gutxi dira enpleguaren eta ekintzailetzaren arloko lankidetza-kasuak. Baterako proiektu berrietako asko ingurumenarekin lotutako ikerketa-proiektutan kontzentratu dira.
- Baterako esperientzia gehienak positiboak izan dira; hala ere, bi alderdiak kexu dira gehiegizko burokratizazio-mailaz, eskakizun zorrotzez, eraginkortasunez kudeatu ahal izateko bitartekari egokien gabeziaz eta, Unibertsitatearen kasuan, jarduera horiek eta berezko unibertsitate-jarduerak bateratzeko zailtasunaz.
Aurreko ataletan zenbait hutsune aipatu diren arren, azterlanak adierazten du posible dela prestakuntzako, ikerkuntzako eta zerbitzuetako jardueretan hainbat lankidetza-esparru identifikatzea, zeinak Administrazioei puntako ikerketa-lan eta azterlanetara iristea eta, aldi berean, EHUri bere baitan garatutako ezagutzaren kontraste eta aplikazio praktiko handiagoak bermatuko lizkioketen. Horren haritik, txostenak adierazten du etorkizuneko lankidetzaren ardatzak, ikerketa-proiektuetan, prestakuntza-programetan, Administrazio Publikoa modernizatzeko ekarpenetan, gizarte-ekintzan eta hezkuntza-berrikuntzan oinarrituta egongo direla.
Azkenik, Azterlanak zortzi gomendio ematen ditu, etorkizunean EHUren eta Administrazio Publikoaren arteko harremanean aurrera egiteko:
- EHUren eta Administrazioen arteko bitartekaritza-kanala argitzea eta hedatzea.
- Talde mistoak sortzea eta formaltzea, elkar-ezagutza hobetzeko, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko, beharrak detektatzeko eta aukera-esparru berriak kanalizatzeko.
- Funtzio publikora orientatutako profesionalen prestaketa hobetzen laguntzea.
- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta EHUren arteko lankidetza-esparru egonkor bat eratzea.
- Unibertsitatearen, Eudelen eta Ikerbasquen arteko baterako prestakuntza planak lantzea.
- Ikerlanetarako beka-programak eta sariak hobetzea eta hedatzea.
- Administrazio Publikoetako praktikak lizentziatura gehiagotan indartzea eta areagotzea.
Doktorego-ikastaroak
Bestalde, Kontseiluak 62 doktorego-programa onetsi ditu 2009-2010 ikasturterako, guztiak ere Europako Goi Hezkuntzako Esparrura (EGHE) egokituak. Eskaintza osotik, 15 Injinerutzaren eta Arkitekturaren arloari dagozkio; 17 Gizarte eta Zuzenbide Zientziei; 14 Zientziei; 7 Osasun Zientziei eta 9 Arte eta Humanitateei. Doktoregoen erdiak baino gehiago, zehazki 32k, Kalitatearen Aipua jaso zuten 2008-09 ikasturtean, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ematen zuen aintzatespen bat alegia, eta, beste 13, unibertsitate arteko doktoregoak dira, beste unibertsitate batzuekin elkarlanean ematen direnak. Sei ikastaro ingelesez emango dira. 62 doktorego-programa horiekin EHUk bere graduondoko-ziklo osoa EGHEra egokitzen amaitzen du.
Gai-zerrendako beste puntu batean, Kontseiluak EHUren, haren Gizarte Kontseiluaren eta Egailanen arteko Hitzarmen-zirriborroa onartu du. Hitzarmen horren helburua 2004-2005 promozioko Unibertsitate Tituludunen Lan Merkatuaren Behatokia gauzatzea da. Promozio horretan titulua eskuratu duten ikasle guztiak inkestatzeko azterlan baten zazpigarren edizioa da eta horren xedea da egiazta daitekeen informazioa erdiestea, agintari akademikoak erabakiak bideratu eta modu objektiboan hartzeko; ikasleak laneratze-prozesuan laguntzeko; lan-merkatuaren jokaera, haren ezaugarriak eta hezkuntza-sistemaren eta produkzio-sistemaren arteko harremana ezagutzeko eta enplegu-politikaren barruan ekintza espezifikoak moldatzea eta definitzea ahalbidetzen duen lanabes bat edukitzeko.
Halaber, Bilkurak EHUko “Munduko egoerari buruzko azterlanak: Sahara azpiko mendebaldeko Afrika, errealitateak, erronkak eta estrategiak” ikasketa osagarriko ikastaroaren matrikula-prezioak baliozkotu ditu, 112,50€tan finkatuz; zenbait aurrekontu-aldaketa onartu ditu; zenbait irakaslerentzako ordainketa osagarriak berriz ematea adostu du; EHUk BTEK Fundazioan bazkide sortzaile gisa parte hartzea onartu du eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola Unibertsitatetik ateratzea onetsi du.
Bilbon, 2009ko maiatzaren 6an