PRENTSA-OHARRA 24.11.09
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2009.trackback
Unibertsitatearen web orrialdearen erabilera sustatzeko proiektua, II. Ideia-Lehiaketan saritutakoa.
UPV/EHU-REN GIZARTE KONTSEILUAK ORDAINSARI OSAGARRIETARAKO AUKERA IZATEKO III. DEIALDIA ONARTU DU
- Osagarri horietarako aukera UPV/EHUko irakasle zein ikertzaile guztiek izango dute osagarri horitarako aukera, funtzionarioek zein kontratatutakoek, betiere baldintzak betetzen badituzte.
- Deialdiaren oinarriak Kontseiluaren web orrialdean kontsulta daitezke: www.gizartekontseilua.com
- Halaber, Bilkurak 2008ko Unibertsitatearen kontabilitate-egoerak onartu ditu.
Gaur Bilbon izandako UV/EHUren Gizarte Kontseiluaren Bilkurak III. Deialdia onartu du, unibertsitateko irakasleek euren irakaskuntza eta ikerkuntzako eremuko merituen ebaluazioa eska dezaten, era horretan, Eusko Jaurlaritzaren 209/2006 Dekretuak ezarritako ordainsari osagarrietarako aukera izateko.
UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztiek izango dute ordainsari osagarri horietarako aukera, funtzionarioek zein kontratatutakoek, betiere aipatutako Dekretuak ezarritako baldintzak bete, UNIQUALek egindako ebaluazioa gainditu eta 2007 eta 2008ko deialdietan parte hartu ez bazuten.
Ebaluazio-eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, III. Deialdi hori EHAAn argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Behin UNIQUALek merituak ebaluatuta, Gizarte Kontseiluak, Unibertsitatearen Gobernu Batzordeak hala eskatuta, irakasle bakoitzak jaso beharreko osagarrien zenbatekoa era indibidualizatuan ezarriko du. Gizarte Kontseiluak onartutako osagarriek bost urteko baliagarritasuna izango dute, eta epe horretan, interesatuak ezingo dira beste ebaluazio-prozesu batzuetara aurkeztu.
Ordainsari osagarriak hiru mailatan sailkatuta daude: A maila, bikaintasuna aitortzeko; B maila, etengabeko kalitatea eta hobekuntza baloratzeko, eta C maila, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekiko dedikazioa aitortzen duena. Azken maila hori, bi tartetan banatuta dago: C1, Unibertsitatean 3 zerbitzu-urte eskatzen dituena, eta C2, plantillan 7 urte eman ondoren aitortzen dena. Antzinakotasunari dagokionez, interesdunak beka ofizial batez gozatutako denbora zenbatzen da. Deialdiaren oinarri guztiak, eta ordainsari osagarrien tarteetarako sarbiderako baldintzak UPV/EHUren Gizarte Kontseiluaren web orrialdean kontsulta daitezke: www.gizartekontseilua.com.
Bestalde, Unibertsitateak Gizarte Kontseiluari kontuak emateari dagokionez, Bilkurak 2008 ekitaldiko UPV/EHUren aurrekontuen kontabilitate-egoerak onartu ditu, 3,3 milioi euroko defizita erakusten dutenak, eta ondoko gomendioak formulatu ditu:
- Geldikin guztien azterketa zehatza egitea bakoitzaren helburua zehazteko.
- Eragiketak erregistratzea kontabilitate printzipio eta arauen arabera; halaber, diru-laguntzak egiaztatzea emate-oinarrien arabera.
- Kontabilitate publikoko arauak eta printzipioak aplikatzea, diru-sarrerak eta gastuak dagokien unean islatzeko, era horretan, aurrekontuaren likidazioak ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen isla egokia eskaintzeko.
- EPSV eta bestelakoetarako ekarpenak aitortutako betebehartzat erregistratzea.
Ideia-lehiaketa
Bestelako gaietan, José Miguel Martínez Urquijo jaunak, Kontseiluko Presidenteak Bilkura 3.000 euroko saria emateko aprobetxatu du, Gizarte Kontseiluaren Ideia-Lehiaketaren bigarren edizioari dagozkionak. Sari hori Juanan Pereira, Beñat Gurmendi eta Mikel Niño jaunek osatutako taldeari eman zaio, UPV/EHUko irakasle eta ikasle ohiak hurrenez hurren, Unibertsitatearen web orrialdea hiru bideren bidez sustatzeko proiektuagatik:
- Berehalako mezularitza-robotak erabiltzailearekin elkarreragiteko.
- Web orrialdeko zerbitzuen kalitatea ebaluatzeko bozketa-sistemak abian jartzea.
- Gizarte-sareak erabiltzea UPV/EHUren gizarte-sareak indartzeko.
Taldeko arduraduna, Juanan Pereira jauna, izan da ideia Bilkuran aurkeztu eta talde osoaren izenean saria jaso duena.
Azkenik, Bilkurak ondokoak onartu ditu: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Industria-Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoan (PESI) parte hartzea; ikasketa-osagarrien bost ikasturteko matrikulen prezioak baliozkotzea (Ordenagailu bidezko Grafikoak, Gizarte-Bazterketa arriskuan diren Gizarte-Sektoreak, Eskubide Administratiboak eta Giza Eskubideak, Segurtasun Kontseilaria Merkantzia Arriskutsuen Garraiorako eta Nazioarteko Praktiken Goi-Mailako Programa); eta “CAD/CAE: Elementu finituko Ingeniaritza, Kalkulu eta Simulazio Numerikoaren Goi-Mailako Ikastaroa”-ren matrikula-prezioa.
Bilbo, 2009ko azaroaren 18a
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.