Lehen enpleguaren behatokia 10.03.10
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2010.trackback
PRENTSA OHARRA
Gizarte Kontseiluak lehendabiziko unibertsitate-enpleguaren egoera, praktiken optimizazioa, ikerketa-emaitzen hedapena eta ikaskuntza iraunkorra aztertu ditu UPV/EHUn
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, gaurkoan, lehendabiziko unibertsitate-enpleguaren egoeran, ikasleen praktika profesionalak optimizatzeko beharrezkoak diren baldintzetan, unibertsitate-ikerkuntzaren emaitzen hedapenean eta ikaskuntza iraunkorraren alorraren beharretan arreta jartzen duten amaierako txostenak aztertu ditu.
Lehendabiziko lana, “Lehen Unibertsitate Enpleguaren Behatokia” hiru helburu dituen ikasketa da: ikasle egresatuen lehen enplegurako sarbidearen joerak hauteman, lortutako kualifikazioarekin lotuz; lan-merkatuaren eskariak eta profil profesionalekiko eta eskatutako gaitasunekiko egokitasuna aztertu, eta tituludunei lanean txertatzeko orientabideak eskaini.
Ikasketak hainbat adituren iritzia hartu du kontuan eta 4.400tik gora lan-eskaintza aztertu dit, pribatu zein publikoak, eta krisia dela eta esperientziarik gabeko unibertsitate-tituludunentzako lan-eskaintzak behera egin duela ondorioztatu du; hortaz, 2011 urtera arte itxaron beharko da lana berriro ere aurreko urteetako maila bertsuetan sor dadin.
Artean, ekitaldi honetan, hauexek izango dira jarduera-alorrik dinamikoenak: enpresen administrazio, kudeaketa eta finantzak; komertziala; prestakuntza eta osasuna; ingeniaritza eta produkzioa, eta informatika; sektorerik dinamikoenak, aldiz, hauek: bioteknologiak, nanoteknologiak, ordezko energiak, garraio adimentsurako elektronika, eko-berrikuntza, eraikuntza jasangarria, IKTak, mugikortasun eta garraio-sistema aurreratuak, osasuna eta medikuntza, pertsona adindunentzako elektronika eta bizi-kalitate teknologiak.
Profilei dagokienez, azterketaren emaitzek enpresen exijentzia-maila geroz eta handiagoa da; beraz, titulazioa abiapuntua da eta ez helmuga, eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntza ezinbesteko bilakatzen da, eta profesionalen aldetik jarrera proaktiboa eskatzen du. Hori dela eta, unibertsitate-titulazioarekiko gaitasun osagarriak garatzea funtsezkoa da enplegu-eskatzaile gaztearentzako, sei alorretan bereziki: atzerriko hizkuntza baten ezaguera (ingelesa, ahal dela); ahozko eta idatzizko komunikazio-trebetasunak; gaitasun digitala; atzerrian ikasi edo praktikak egitea; kudeaketa, talde lan, lidergo eta bezeroarekiko orientazio-gaitasuna; eta iniziatiba, sena ekintzailea eta sektore profesionalaren aldaketetara egokitzeko gaitasuna.
Azkenik, ikasketak jarduera ekonomikoko sektore nagusienetako gaitasun tekniko sorta bat ere identifikatzen du; unibertsitate-ikasleentzako orientabide izateko helburua du, lan-munduan hobeto kokatze aldera eta Unibertsitateari merkatuaren joeretara egokitzeko eta orientazio-sistemei epe labur eta ertainerako joerei buruzko materiala izan dezaten informazioa emateko.
Praktiken optimizazioa
Bigarren proiektuak ikasleen praktika profesionalak optimizatzeko beharrezkoak diren baldintzei buruzko azterketa batean jartzen du arreta eta curriculum zein borondatezko praktiken gaur egungo egoeraren inguruko diagnostikoa egitea du helburu; UPV/EHUn edo beste unibertsitate batzuetan erreferenteak –jardunbide egokiak– identifikatzea eta alor ezberdinetan aplikatzeko jardun-proposamenak ekartzea. Horretarako esperientzia asko aztertu, Unibertsitate, enpresa eta erakundeetako berrogeita hamarren bat aditu elkarrizketatu dituzte eta praktika-programan parte hartu duten hogei bat ikasleren iritziak ere kontuan hartu.
Txostenak ondorioztatzen duenaren arabera, praktika-programari buruzko iritzi positiboa dago, aldeko eta konpromisozko jarrera irakasleen eta programaren arduradunen aldetik eta maila guztietan ere kudeaketa hobetzeko interes nabaria, programari koherentzia handiagoa emanez eta prozesuak estandarizatuz, zentroen autonomiari kalterik ekarri gabe.
Azkenik, eta ondorioen ostean, ikasketak praktikak optimizatzeko hamar gomendio dakartza:
-
Gizarteari, enpresari eta unibertsitate-komunitateari zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak burutu, enpresetako praktikek duten garrantziari buruz.
-
Jarraibide orokorrak gauzatu, kontrol- eta jarraipen-sistema estandarizatuak barne hartuta.
-
Kudeaketa-egitura tipologia ezberdinetara egokitu, sostengu eta jarraipen-sistema bat ezarriz.
-
Estrategia komertziala diseinatu, modu koordinatuan erakundeak (enpresak, administrazioak, etab.) erakarri eta fidelizatzeko.
-
Beste unibertsitate batzuekin programetan parte hartzea eta UPV/EHUn dauden jardunbide egokien aurkezpena eta hedapena sustatu.
-
“Praktiges” kudeaketa-tresnaren egokitze eta hobekuntza-prozesuarekin jarraitu eta haren ezarpena orokortu.
-
Ikasleen artean hedapena eta erakartzea indartu Unibertsitatearen web gunearen bitartez.
-
Ikasleak enpresetan integratuak izateko erabilgarriak diren gaitasun eta trebetasunetan gaitzen dituzten esperientzietako batzuk orokortu.
-
Parte hartzen duten eragile ezberdinen iritzia jasotzea sistematizatu.
-
EFQM ereduan edo antzekoren batean oinarritutako praktiken kudeaketa-sistema bat orokortu.
Ikerkuntzaren hedapena
Onetsitako lanetatik hirugarrenak UPV/EHUko ikerkuntzaren emaitzen hedapena hobetzea du helburu, erreferentea arlo honetan, Euskadin eta bertatik kanpora ere eta bere inguruaren garapen ekonomiko, zientifiko eta sozialaren funtsezko atala. Horretarako, aurten azterketak UPV/EHUn ezaguera-alor guztietan egindako erreferentzia diren 14 ikerkuntza-proiekturen analisia hartu du abiapuntu; horietatik, bigarren fase batean, aplikagarritasun eta publiko objektibo-irizpideei erreparatuta, sei aukeratu dira, azkenerako Unibertsitatearen komunikazio-estrategiarekin bat etorriz bere hedapena nola erraz litekeen aztertzeko.
Honela, ikasketak, proiektuetako bakoitzaren informazio xehea gauzatu eta proiektuaren eta haren ikerkuntza-talde arduradunaren informazio osoa duen fitxa bat bete ondoren, UPV/EHUko ikerkuntzaren komunikazioaren AMIA analisi zorrotz bat egiten du eta bere posizionamendua, publiko objektiboak eta erreferentzia-proiektuen hedapen-estrategia ezarri; gakoak, berriz, hedatu beharreko ikerkuntzaren tipologia, komunikatu beharreko informazioa eta komunikazio-mekanismo efizienteak erabiltzea. Azkenik, txostenak urteko ekintza-plana burutzea proposatzen du; prentsa-oharrak, mahai-inguruak, erreportajeak, bisitak, aurkezpenak, tailerrak, Interneteko tresnak erabiltzea eta Gizarte Kontseiluak bere emaitzaren gizarte-inpaktuari erreparatuta ikerkuntza-proiekturik onenari emandako urteko sari bat barne hartuko lituzke.
Ikaskuntza iraunkorra
Osoko Bilkuran aurkeztutako azken lana ikaskuntza iraunkorrari buruzko unibertsitateen benchmarking-txosten bat da; alor horretako erreferentzia-zentroak identifikatzea, UPV/EHUn ezaguera hori kudeatzea erraztuko duten praktikak hautatzea, Gizarte Kontseiluaren baitan alor horri buruzko eztabaida orientatzea eta gure unibertsitatean aplikagarriak izan daitezkeen nazioarteko erreferentzia-elementuak identifikatzea du helburu.
Txosten hori gauzatzeko aurrez mundu osoko 90 unibertsitate hautatu ziren osotara eta, azkenerako, ikaskuntza iraunkorraren alorrean bereziki nabarmentzen diren 11 aukeratu ziren, UPV/EHUko praxia sakon aztertu zen, erreferentziazko praktikak identifikatu ziren eta amaitzeko UPV/EHUk eta Gizarte Kontseiluak ikaskuntza modu hori indartzeko aintzat hartu beharreko gomendio sorta bat burutu zen. Unibertsitatearentzako gomendioen artean, hauexek azpimarragarri:
-
UPV/EHUn II definitu, integratu eta garatzeko hausnarketa areagotu.
-
Ikasle eta irakasleen artean bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren kultura garatu.
-
Ikaskuntza iraunkorraren alorrean ikerkuntza sustatu.
-
Ikaskuntzan oinarritutako heziketa-eredu bat eraiki.
-
Bolognako prozesutik eratortzen diren aukerak baliatu, ikaskuntza-ibilbide malguak sorrarazteko.
-
Orientazio eta aholkularitza, ikaskuntza ez-formalaren baliozkotze, laguntza-programa eta abarretan inbertsioa handiagotu.
-
Irakasleen eta unibertsitateko langileen garapenean inbertitu.
-
Prozeduren kalitatea bermatu.
-
UIIaren eskaintza eta emaitzak komunikatu.
-
“Sareko unibertsitatearen” kontzeptua garatu, interes-talde ezberdinak barne hartuz eta ezaguera eta irakaskuntza partekatuz.
Azterketa hauek guztiak Kontseiluaren web gunean eskura egongo dira aurki: https://consejosocialeus.wordpress.com/
Amaitzeko, Osoko Bilkurak UPV/EHUko irakasleentzako ordainsari osagarrien esleipen edo berresleipen batzuk ebatzi ditu eta 2009ri dagokion Gizarte Kontseiluaren aurrekontu-likidazioaren auditoria-txostena aztertu du.
Bilbon, 2010eko martxoaren 10ean
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.