GIZARTE-KONTSEILUAK EHU-REN HELBURU SOZIALEN BETETZE-MAILA NEURTZEN DUEN KONTU EMATEKO ADIERAZLE-SISTEMAREN INFORMAZIOA AZTERTU DU 11.05.11
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2011.trackback
Sistema osatzen duten 20 adierazleetatik, 12k hobera egin dute eta 8n, berriz, hobetu beharreko esparruak hauteman dira
Gaur Bilbon egin den Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran “Gizarteari kontu emateko EHUren adierazleen sistemak” lortutako datuak aztertu ditu. Horri esker, Unibertsitateak helburu sozialetan izandako betetze-maila neur daiteke, Gizarte Kontseiluari kontu emateko betebeharraren esparruan. Azterketak agerian uzten du, sistema osatzen duten 20 adierazleen sortatik, EHU hobetu egin dela 12an eta beste 8n, berriz, hobetu beharreko esparruak hauteman direla.
Aipatutako adierazle-sistemaren helburua, Gizarte Kontseiluaren bitartez, gizarteari informazioa eskaintzea da EHUren emaitzei, ekarritako balioari eta helburuen betetze-mailari buruz. Halaber, unibertsitate-zerbitzuen jarduera ebaluatzea ahalbidetzen du, orobat antzeko ezaugarriak dituzten beste unibertsitate batzuekin konparatzea. Sistema oinarrizko 20 adierazleren sorta batez osatuta dago eta, horiek, EHUren irudi zehatza ematen dute zortzi arlo gakotan: ingurunea, ospea, sartze-maila, prestakuntza, ingurunearekiko egokitzapena, ikerketa, hizkuntza-normalizazioa eta gizarte-ardura.
Azken azterketaren arabera, hobetu diren adierazleak hauek dira:
• Lehen eta bigarren zikloetan matrikulatutako ikasle atzerritarren tasa
• Abandonu-tasa
• Master Ofizialetan atzerriko unibertsitatetik datozen ikasleen tasa
• Estaldura-tasa eta matrikula/eskaintza ratioa
• Arrakasta-tasa
• Pertsona tituludunek jasotako gaitasunen erabilgarritasunari buruz egindako balorazioa
• Lortutako enplegu-tasa (2006ko promozioa)
• Lehen enplegura arte igarotako denbora
• Zuzeneko kontratazioko diru-sarreren tasa
• Tesiko irakasle eta ikertzaile kopurua
• Patente-eskaerak, milioi biztanleko
• Emakumezko irakasle eta ikertzaile doktoreen tasa
Bestalde, zortzi adierazlek hobetu beharreko arloak adierazten dituzte:
• Gastu arruntei buruzko transferentzia arruntak
• Ikasleko gastu arrunta
• Kalitate-aipamena duten doktoretzen proportzioa
• Errendimendu-tasa
• Enpresetako praktiken gauzatze-tasa
• Ekoizpen zientifikoa, irakasle edo ikertzaile doktoreko
• Lehen eta bigarren zikloan euskaraz eskaintzen diren kredituen tasa
• Lehen eta bigarren zikloko emakumezko ikasleen tasa
Kontu-emateko adierazle-sistemaren 2011ko azken txostenean adierazleen sortaren berrikuspena ere barne hartzen da, Unibertsitate Kontseiluaren eta Unibertsitate Politikaren Konferentzia Orokorraren proposamen irekia kontuan hartuta. Nahiz eta bi sistemen xehetasun-maila ez den konparagarria, txostenak ondorioztatzen du euskal unibertsitate publikoan indartu egin behar dela mugikortasunari loturiko adierazleen esparrua. Horrela, horren oinarrian, azterketak honako aldaketa hauek eragiten ditu:
- • “Unibertsitatearen irudia eta ospea” blokean, “EAEko biztanleek EHUri buruz duten iritzia” adierazlea desagerrarazi da (datuak Euskobarometrokoak ziren eta horrek 2006tik ez du alderdi hori barne hartzen). Horren ordez, Lehen eta bigarren zikloan matrikulatutako ikasle atzerritarren tasa jarri da, mugikortasunean jarritako arreta indartzeko eta EHUren erakartze-gaitasunarekin eta, ondorioz, ospearekin, lotuta baitago.
- • Doktoretza egiten ari diren eta atzerriko unibertsitateetatik datozen ikasleei buruzko datua ez dugunez (informazio hori, orain arte, Euskal Herriko Unibertsitatea Zifratan azterketan jasotzen zen), adierazlea “Master ofizialak egiten ari diren atzerriko unibertsitateetako ikasleen tasa” gisa birformulatuko da.
- • Azkenik, patente-eskaerei buruzko adierazlea birdefinitu egin da. Lehen, EHUk eskatutakoak adierazten zituen, unibertsitate publikoek aurkeztutako patenteen guztizkoarekiko eta orain, berriz, milioi biztanleko eskaera gisa adierazten da (Unibertsitateen Kontseiluaren eta Errektoreen Konferentziak proposatzen duten moduan).
Adierazleen sistema horri eta jasotako informazioaren segimendu sistematikoari esker, Gizarte Kontseiluak eta Unibertsitateak berak denboran izandako hobekuntza-maila egiaztatu dezakete eta ikus dezakete planteatutako helburuak lortu al diren. Halaber, emaitzak eta horien eboluzioa erreferentziazko beste unibertsitate batzuenekin konpara daitezke.
Ikasketen prezioak
Bestalde, tasa akademikoei dagokienez, Osoko Bilkurak 11 ikastaro osagarriren prezioak baliozkotu ditu, Kontseiluak berak 2008ko otsailean ezarritako irizpideetara egokituta. Horrela, 10 kreditu baino gutxiagoko ikastaroek ezin dute izan 200 euro/kreditu baino garestiagoak. Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuraren akordioak ezartzen du ikasketa horien prezioak 6 euro/kreditu, Bioelektronikaren Ikasketetarako Elementu Fisiko-matematikoak ikastarorako, eta 190 euro/kreditu, REACH Arautegiaren Hastapenak ikastarorako, bitartekoak izango direla.
Kontseiluak zenbait ondare-jarduera ere onartu ditu (bereizketa, indibisoa iraungitzea eta lehengoratze-karga hedatzea), Bilboko Ekipamendu Esparruaren A Lursaila deritzonean garai batean Bilboko nazioarteko erakustazoka zenaren finkaren jabetzatik UPV/EHUri dagokion % 9 kontzentratzeko. Horretan, gaur egun, Ingeniaritza Teknikoen unibertsitate-eraikina eraikitzen ari dira.
Azkenik, Osoko Bilkurak Kontseiluaren finantza-informazioaren egoerak aztertu ditu, irakasleen zenbait ordainsari-osagarriren berresleipena ebatzi du eta zenbait aurrekontu-aldaketa onartu ditu.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.