DATORREN URTERAKO EHU-REN ESKAINTZAN 3 GRADU ETA 12 MASTER EZARTZEA ONARTU DU GIZARTE-KONTSEILUAK 14.07.11
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2011.trackback
2011-2012 ikasturterako eskaintza 69 gradu eta 102 masterrekoa izango da
Gaur Bilbon egin den EHU-ren Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari 3 gradu-titulazio eta 13 master ofizial berri ezartzea proposatu zaio; horrekin, 2011-2012 ikasturterako euskal unibertsitate publikoaren eskaintza 102 unibertsitate-masterrekoa eta 69 gradukoa izango da.
Gizarte Kontseiluak onartutako gradu-titulu berriak Fisioterapia, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza eta Arkitekturaren Oinarriak dira. Azken horrek orain arte irakasten zen Arkitekturako Gradua ordezten du, EDU/2075/2010 Ministerio Aginduan xedatutakora doitzeko. Horretan, arkitekto-lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialetarako baldintzak ezartzen dira. EHU-n ezartzekoa den Arkitekturaren Oinarrien Gradu berria 300 kredituz osatuta dago eta ez ditu atribuzio profesionalak ematen.
Gradu osteko 12 master ofizial berriei dagokienez, orotariko ezagutza-arloak barne hartzen dituzte, hala nola: egungo artea kontserbatzea, ikertzea eta erakustea; zeramika; sektore turistikoko diseinua; mundu klasikoa; eredugintza konputazionala; hezkuntzako hizkuntza-aniztasuna ikertzea; lengoaiaren neurozientzia kognitiboa; enpresa-abokatutza; ingeniaritza fisikoa; integrazio politikoa eta batasun ekonomikoa Europar Batasunean; edo material berriztagarrien ingeniaritza. Master berrietako lau unibertsitate artekoak dira eta horietako bi atzerriko unibertsitateekin antolatzen dira.
Halaber, Osoko Bilkurak berezko 42 tituluren matrikula-prezioak ere finkatu ditu eta erabaki du, gehienek (zehazki, 27k) aurreko ikasturteko tasak mantenduko dituztela eta beste zortzik, berriz, prezioak igoko dituztela. Gainerako 7 tituluak berriki sortu dira eta honako prezio hauek izango dituzte:
GRADU OSTEKO BEREZKO TITULUA | Prezioa, kredituko |
Zaintza aringarrietako arreta integrala |
100,00 euro |
Minaren diziplina arteko ikerketa eta tratamendua |
90,00 euro |
Komunikazio korporatiboa |
55,00 euro |
Txinatar Ikasketak |
125,00 euro |
Nazioarteko negozioak |
74,00 euro |
Paisaiaren planifikazioa eta arkitektura |
120,00 euro |
Segurtasunaren eta larrialdien kudeaketa |
15,00 euro |
Horren harira, Kontseiluak ikasketa osagarrien hiru ikastaroren matrikula-prezioak ere finkatu ditu: “Emulsion Polymerization Processes” ikastaroari 471,70 euroko prezioa ezarri zaio; “CAD/CAE. Ingeniaritza, kalkulu eta elementu infinituen bidezko simulazio numerikoko ikastaro aurreratua” ikastaroari 35,00 euro/kreditu prezioa ezarri zaio; eta “Ordenagailuz lagundutako diseinu- eta fabrikazio-ingeniaritza” ikastaroari 60,00 euro/kreditu prezioa ezarri zaio.
Lankidetza-bekak
Halaber, Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak deitutako lankidetza-bekak banatzeko irizpideak unibertsitateko sailen arabera adostu ditu. Banaketa hori egiteko, kontuan hartuko dira ikasle eskatzaileek espediente akademikoan lortutako puntuak (% 70) eta lankidetzan aritzea eskatzen duen unibertsitate-sailaren ekoizpen zientifikoko baremoen aplikazioak ezarritako ordena, G9 Unibertsitate Taldeak onartu bezala (% 30).
Euskampus Fundazioan parte hartzea
Azkenik, Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak Euskal Herriko Unibertsitateak Euskampus Fundazioan parte har dezan onartu du, berebiziko pieza delako 2010eko urrian, EHUren nazioarteko batzorde bat Nazioarteko Bikaintasuneko Campus izendatu zenean Hezkuntza Ministerioaren deialdiaren barruan, martxan jarri zen CEI proiektua garatzeko.
CEI gisa bereizten diren unibertsitateentzako Ministerioak emandako funtsetako 5 milioi euroko aurrekontuarekin, Euskampus Fundazioak Parke Zientifikoan Biofisika Zentroa eraikitzen parte hartuko du eta oso jarduera garrantzitsuak garatuko ditu, hala nola mugaz gaindiko campusa finkatzea Bordeleko Unibertsitatearekin, proiektua nazioartean sustatzea sareak sortuz, edo mugikortasuna eta ekimenak sustatzea. Ez da ahaztu behar ikerketa kooperatiboaren sustapena eta Euskampus sareko eragileen berrikuntza.
Azkenik, Lanbidek 2007ko promozioari dagokion EHU-ko tituludunak Bizitza Aktibora Igarotzeari buruzko azterketa aurkeztu du. Behatoki hori Gizarte Kontseiluak sustatu du eta jadanik unibertsitate-tituludunen hamar promozio aztertu ditu. Horri esker, Unibertsitateak eskaintzen duen zerbitzu publikoa hobetzeko balio dezaketen lan-merkatuari buruzko datu fidagarri, kontrastagarri eta aztergarriak lortu dira.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.