UPV/EHU-KO GIZARTE KONTSEILUAK 2013KO AURREKONTUA ONARTU DU. AURREKONTUA 392,9 MILIOIKOA DA, 2012KOA BAINO % 9,34 TXIKIAGOA 23.07.13
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2013.trackback
Gaur, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak bilera izan du Bilbon, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen 2013ko ekitaldiko aurrekontua onartu du. Aurrekontua 392,9 milioi eurokoa da, hots, aurreko ekitaldikoa baino % 9,24 txikiagoa (2012koa 432,9 milioi eurokoa izan zen).
Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak erabaki hori hartu du, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak ekainaren 20an onartu zuen Aurrekontu Proiektua eta Gizarte Kontseiluko Ekonomia eta Finantza Batzordeak Proiektu horri buruz egin zuen txostena aztertu ondoren. Aipatutako txosten horretan Batzordeak berritasun nagusiak eta kapituluen, programen eta gastu-unitateen araberako finantza-azterketa zehatza jaso ditu, bai eta zenbait alderdi hobetzeko gomendio batzuk eman ere.
Kapituluen araberako azterketan egiaztatu da UPV/EHUk honako diru-esleipen hauek egingo dituela:
•Langile-gastuetan 288,29 milioi euro (I. Kapituluan); kopuru osoaren % 73 eta 2012an baino % 4,15 gehiago.
•Gastu arruntetan 76,22 milioi euro (II. Kapituluan); kopuru osoaren % 19,4 eta aurreko urtean baino % 23,72 gutxiago.
•Inbertsioetan 23 milioi (VI. Kapituluan); aurrekontuaren % 5,86; 2012ko kopuruarekin erkatuta, % 54,11 jaitsi da.
•Gainerakoa, kopuru osoaren % 1,38, honako hauetan erabili da: finantza-gastuetan, diru-laguntzetan eta Gizarte Kontseiluan. Gizarte Kontseiluaren aurrekontua 215.402 eurokoa da: 2012koa baino % 39,45 txikiagoa eta 2011koa baino % 60,2 txikiagoa.
Doktorego-programak
Kontseiluak Autonomia Erkidegoari 99/2011 Errege Dekretuari egokitutako doktorego-programen eskaintza zabalaren aldeko txostena helaraztea erabaki du. Eskaintzak barne hartzen ditu Zientziari buruzko 15 programa, Osasun Zientziei buruzko 10, Ingeniaritzari eta Arkitekturari buruzko 15, Gizarte Zientziei eta Zientzia Juridikoei buruzko 16 eta Arteari eta Humanitateei buruzko 9.
Halaber, Osoko Bilkurak graduondoko 43 berezko tituluren, 2 graduren, ikasketa osagarrien 6 ikastaroren eta Giza Zientzien gradu-aurreko berezko tituluaren tasa akademikoak zehaztu ditu. Lehenengoen artean, 6 berezko titulu berriak dira, 12 tituluren prezioa aldatu da, eta 25 tituluk aurreko ikasturteko tasak dituzte. Graduko ikasketen prezioa ez da aldatu. Ikasketa osagarriei dagokienez, 6 ikastaro berriak dira, eta tasak 250 eta 2.880 euro bitartekoak dira ikasturteko. Azkenik, Kontseiluak Giza Zientzien gradu-aurreko tituluaren tasak zehaztu ditu, eta 12 euro kreditukoak dira.
Lankidetza-bekak
Bestalde, Bilkurak bilera berean honako hauek ere onartu ditu:
•Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea “Asociación KICAgeing” elkarteari atxikitzea. Elkartearen xedea Europako hegoaldean osasunari eta zahartzeari buruzko Knowledge and Innovation Communities (KIC) ezartzea Estatuan sustatzea da.
•Bilboko Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola zaharraren eraikina zerbitzu publikotik kendu eta Bizkaiko Foru Aldundiari itzultzeari oniritzia eman dio.
•Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak aintzatetsi dituen ikerketa-taldeen puntu-sailkapenari erreparatuta, 6 lankidetza-beka eman ditu. 2013-2014. ikasturteko bekak dira, eta deialdia Hezkuntza Ministerioak antolatu zuen. Laguntza jaso duten sailak honako hauek dira: Kimika Organikoa I, Kimika Analitikoa, Neurozientziak, Ekonomia Analisiaren Oinarriak I, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia eta Komunikazioen Ingeniaritza.
Azkenik, Gizarte Kontseiluak aurrekontuetan zenbait aldaketa egitea onetsi du, baita irakasleen eta ikertzaileen ordainsari osagarriei buruzko ebazpenak betetzeari buruzko hainbat erabaki hartu ere.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.