Elkarteari kontu emateko adierazle guztiek bilakaera positiboa ageri dute, 2017ko azken txostenaren arabera 22.03.18
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2018.trackback
GIZARTE KONTSEILUAK EHU-REN AURREKONTUA ONARTU DU, ETA 410,16 MILIOI EURO IZANGO DITU 2018AN, % 1,14 GEHIAGO
Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren osoko bilkura egin dute gaur Bilbon, eta EHUren 2018ko aurrekontua onartu dute. Orotara 410,16 milioi euro izango ditu EHUk, iazko aurrekontuan baino % 1,14 gehiago, aurreko ekitaldian 405,53 milioi euro izan baitzituen.
2004-2018 ARTEKO AURREKONTUEN BILAKAERA
Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak aurrekontua onartzea erabaki du, EHUren Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 1ean onartutako proiektua eta Gizarte Kontseiluaren Ekonomia eta Finantzen Batzordeak aurrekontu-proiektuari buruz emandako txostena aztertu ostean. Esandako txosten horretan, ekonomia- eta finantza-analisi xehatua egiten da, kapitulutan, programatan eta gastu-unitatetan banakatuta, eta hobetzeko honako gomendio hauek egiten ditu:
- kontzeptu guztiak egokiro banakatuta txertatzea aurrekontuan, diru-sarrerei eta gastuei dagokien partidan;
- EHUk dagokion urtea hasi aurretik onartzea aurrekontua, Estatutuek diotena betetzeko eta aldi iragankorrak saihesteko;
- Gizarte-kontseiluen oinarrizko gidan jasotako irizpideak eta gomendioak jarraitzea unibertsitatearen aurrekontua eta urteko kontuak onartzeko eta kitatzeko, hainbat alderdi aurkeztearekin loturik, hala nola gastuetarako baimenak, txosten juridikoak, barne-kontroleko txostenak, jarduera-kostuak zehazteko aukera eskaintzen duen kontabilitate-sistema txertatzea eta abar.
Aurrekontua gastu-kapituluen arabera.
Kapituluka egindako analisian ikusten dugunez, EHUk honako zenbateko hauek bideratuko ditu:
- 316 milioi euro langileen gastuetara, guztizkoaren % 77,11 eta 2017an baino % 1,21 gehiago;
- 71,05 milioi euro gastu korronteetara, guztizkoaren % 17,32 eta iaz baino % 0,02 gehiago;
- 17,61 milioi euro inbertsioetara, aurrekontuaren % 4,29 eta 2017ko aurrekontuan baino % 4,92 gehiago;
- zorra amortizatzera bideratutako partida 2,51 milioi eurokoa da, 2017ko zenbateko bera eta guztizkoaren % 0,61;
- aurrekontuaren gainerakoa finantza-gastuetara, transferentzietara, diru-laguntzetara eta abarretara bideratuko da.
Adierazleen txostena
Kontseiluaren osoko bilkurak, era berean, Elkarteari kontu emateko EHUren adierazle-sistema txostenaren 2017ko azken edizioa aztertuko du gaurko saioan. Bertan azaltzen denez, Euskal Herriko Unibertsitateak hobetzen jarraitzen du gizarte-helburuak betetzeari dagokionez; izan ere, azterlanean jorratzen diren 20 adierazleek bilakaera positiboa ageri dute 2014tik. EHUren Gizarte Kontseiluak urtero neurtzen du unibertsitate publikoaren gizarte-helburuen betetze-maila 2008az geroztik.
Hala, 2017ko azterlanak jasotzen duenez (2015-16 ikasturteko informazioa biltzen du, eta aurreko urtearekin eta serie historikoarekin alderatzen), unibertsitate publikoak aztertutako 20 adierazleetatik hamarretan izan du hobekuntza. Hain justu ere, finantzaketa, trebakuntza, inguruneko beharrizanetara egokitzea, I+G+B ikerketa, nazioartekotzea eta gizarte-erantzukizuna dira hobetutako alderdi horiek.
Txostenaren helburua EHUri eta haren epe luzeko bilakaerari buruzko ikuspegi orokorra ematea da, erabakigarritzat jotako 20 adierazle baliatuta; horrez gain, eskuratutako emaitzei buruzko oinarrizko xehetasunak eta ekarritako balioa ematen ditu, gizarte-helburuak zenbateraino bete diren zehazten du, eta ezaugarri antzekoak dituzten unibertsitateen adierazleekin alderaketa egiten du. Txostenaren azken edizio horretan, EHUren bilakaerari buruzko ondorioak ateratzeko datu fidagarriak eskaintzen dira erakundearen funtzionamendurako gako diren bederatzi alorretan (informazio xeheagoa nahi izanez gero, 20 adierazle horietako bakoitzaren fitxak kontsulta daitezke). Azterlan osoa eskuratzeko, EHUren Gizarte Kontseiluaren webgunera jo daiteke (www.gizartekontseilua.eus).
Azterlanaren ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmenduko genituzke.
- Finantzaketaren eta gastuen alorrean, unibertsitate-jardunaren finantzaketa-maila handiari eutsi izana nabarmendu behar da, administrazio autonomikoak egindako transferentzia korronteen bidez (krisiaren aurreko mailez azpitik, hala ere); horri esker, ikasleko gastu-ratio handia izaten jarraitzen da, Estatuko unibertsitate publikoen batezbestekoarekin alderatuta.
- Prestakuntzaren esparruan lortutako emaitzen adierazleetan ikusten den hobekuntza da ondoriorik nabarmenenetako bat. Arrakasta- eta errendimendu-tasek bilakaera positiboa izan dute epe laburrean eta luzean. Eskola-uztearen tasak, berriz, egonkor jarraitzen du. Enpresetan borondatezko praktikak egiteko tasak goranzko joerari eusten dio, eta koherentzia gordetzen du unibertsitatearen eta inguruneko errealitate ekonomiko eta profesionalaren arteko lotura handiagoa sustatzeko estrategiarekin.
- EHU da lehendabiziko aukera nagusia erabat; halere, estaldura-mailarekin lotutako adierazleek erakusten dute kuota erlatiboa apur bat galdu egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrez aurreko unibertsitate guztien artetik, bai gradu-ikasketetan, bai master-ikasketetan.
- EHUn graduatutako pertsonak laneratzeari dagokionez, eskura ditugun azken datuak 2013ko promozioarekin lotutakoak dira, eta emaitza positiboagoak ageri dituzte. Nolanahi ere, ikasketak amaitu ostean lehendabiziko enplegua topatzeko denborak egonkor jarraitzen du.
- Ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoaren alorrean, emaitza berrienek hobekuntza nabariak erakutsi gabe jarraitzen dute.
- Nazioartekotze-adierazleei dagokienez, berriz, gradu-ikasketetan atzerriko ikasleen kaptazio handiagoa suma daiteke.
- Kalitateari eta izen onari erreparatuta, EHUren tituluen ehuneko handi batek berritu du egiaztapena. Bestetik, lehiako deialdi publikoetan ikertzen enplegatutako pertsonen ratioak aurrez aurreko unibertsitate publikoen batezbestekoa gainditu egiten du, eta igo egin da azken urtean.
- Hizkuntza normalizatzeri dagokionez, graduko eta lehen eta bigarren zikloko euskarazko kredituek egonkor jarraitzen dute azken urtean.
- Gizarte-erantzukizunarekin loturik, emakumezko irakasle eta ikertzaile doktoreen tasak hobekuntza esanguratsua izan du eta aurrerabideak ageri ditu berdintasunari dagokionez; gradu-ikasketetan eta lehen eta bigarren zikloetan matrikulatutako emakumeen kopuruak, aldiz, apenas ageri du aldaketarik, eta matrikulatutako emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino.
Azkenik, osoko bilkura berean, Gizarte Kontseiluak hainbat aurrekontu-aldaketa onartu ditu unibertsitateak hala eskatuta: Gizarte Kontseiluaren aurrekontuen kitapena 2017ko abenduaren 31n eta EHUko irakasleen eta ikertzaileen osagarriak esleitzeari aurkeztutako hainbat errekurtso.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.