jump to navigation

OSASUN ARLOKOAK DIRA BATEZ BESTEKOTIK GORAKO SOLDATA DUTEN UNIBERTSITATE TITULUAK (1.860 EURO HILEAN) 10.11.22

Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2022.
trackback

Gaur,Gizarte Kontseiluak Lanbidek laneratzeari buruz egindako azken txostena aztertu du.

Lanbidek Euskal Unibertsitate Sistemako 2018ko promozioko ikasleen laneratzeari buruz egindako azken inkestaren arabera, lanaldi osoan lan egiten duten UPV/EHUko graduatuen batez besteko soldata hau da: hilean 1.602 euro garbi, 14 ordainsarirekin. Zehazki, gizonena 1.624 eurokoa da; emakumeena, berriz, 1.585 eurokoa. Azken urteetan, soldaten arteko alde hori murrizten joan da.

Jakintza-arloei dagokienez, soldatak hauek dira (handienetik txikienera): Osasun Zientziak (1.860,12 euro), Teknikoak (1.657,01 euro), Giza Zientziak (1.445,08) eta Zientzia Esperimentalak (1.412,95 euro).

Osasun, Teknika eta Ekonomia eta Legearen jakintza-arloetako tituluak dituzten pertsonen lan-bilaketa aktiboa batez bestekoa baino laburragoa da. Bila hasten direnetik, hiruzpalau hilabete behar dituzte lana lortzeko.

Ikasketak bukatu eta hiru urtera, promozio horren langabezia-tasa % 12,7koa da; aurreko promozioarena, berriz, % 13koa zen. Gainera, enplegu-tasa % 79koa da, 2017ko promozioaren kasuan baino bi puntu txikiagoa. Gaur, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran, datu horiek eta ‘Euskal Unibertsitate Sistemako Pertsona Egresatuen Laneratzeari buruzko azterlanaren emaitza nagusien’ beste datu batzuk, 2021ekoak eta Lanbidek emandakoak, aztertu dira.

2021eko abenduan, ikasketak bukatu eta hiru urtera, hamar pertsonatik zortzi lanean ari ziren, batek ikasten jarraitzen zuen eta bat langabezian zegoen, aipatutako txostenaren datuen arabera. Egresatutako pertsonen % 44ak kontratu egonkorra zuen, eta % 56ak aldi baterakoa. Egonkortasun handiena jakintza-arlo Teknikoek eta Ekonomia eta Legearen arlokoek zuten.

Enplegu-tasa handienak

Lan-merkatuan hiru urte daramatzan Euskal Unibertsitate Sistemako 2018ko promozioari buruzko azken edizioan, jakintza-arloaren araberako enplegu-tasa handienak nabarmendu behar dira:

  • Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza……………………………% 100
  • Medikuntza…………………………………………………………….…….% 100
  • Odontologia………………………………………………………………….% 100
  • EAZ + Industria Ingeniaritza Teknikoa……………………..…………….% 100
  • Ingeniaritza Elektrikoa……………………………………………………..% 100
  • Farmazia……………………………………………………………………..% 99
  • Erizaintza………………………………………………………………………% 98
  • Lidergo ekintzailea……………………………………………..…………..% 98
  • Biokimika eta Biologia Molekularra……………………………………….% 95
  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua…..% 95
  • Ingeles filologia……………………………………………………………..% 95
  • Elikagaien teknologia……………………………………………………….% 95
  • Giza Nutrizioa eta Dietetika………………………………………………….% 95
  • Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza….% 94
  • Ekonomia-zuzenbidea………………………………………………………% 94
  • Itzulpengintza eta Interpretazioa…………………………………………..% 94
  • EAZ + Zuzenbidea ……………………………………………………………% 94
  • EAZ……………………………………………………………………………..% 91

Gutxi gorabehera, teknikaren eta osasunaren jakintza-arloetan titulua duten hamar pertsonetatik bederatzi lanean ari dira, eta ekonomia juridikoko ikasketak bukatutako hamarretik zortzi. Gizarte-arloen (% 18), Giza Zientzien (% 18,8) eta Zientzia Esperimentalen (% 14) tituluek, berriz, emaitza okerrenak lortu dituzte, eta beren langabezia-tasa batez bestekoaren gainetik dago.

Gogobetetze-maila nabarmena lanarekin

Graduatuek 10etik 7ko gogobetetasun-maila dute lanarekin, mailaz igotzeko aukerak, soldata eta lanaren egonkortasuna kontuan hartuta. Grafikoan, lanarekin duten gogobetetze-maila zehaztasunez ikusi daiteke, 2018ko promozioko ikasleen bizilekuaren arabera.

Laneko mugikortasun geografikoa

Lanbideren azken inkesta horren arabera, % 77 autonomia-erkidegoan bizi eta lanean ari da. % 13 Euskadin bizi eta lanean ari da, % 2 Euskaditik kanpo bizi baina Euskadin lanean ari da, eta % 7 Euskaditik kanpo bizi eta lanean ari da. Euskaditik kanpo, aipatutako inkestak jasotako mugikortasun geografikoaren arabera, graduatutakoen
% 11 beste autonomia-erkidego batzuetan bizi eta lanean ari da; % 3, berriz, munduko hainbat herrialdetan.

Lanbidek inkesta hori urtero egiten du 1997tik, EHUko Gizarte Kontseiluaren ekimenez. Ikasleek titulua lortu eta hiru urtera egiten du. Izan ere, denbora hori nahikotzat jotzen du, karrera bat sektore edo lanbide zehatz baterantz bideratzeko. Urtero, Euskal Enplegu Zerbitzuak 30.000 pertsona inguru inkestatzen ditu, Euskadiko ikasleriaren laneratzearen adierazleak ezagutzeko.

Aldaketak aurrekontuetan eta osagarriak

Gai-zerrendaren beste puntu batean, Osoko Bilkurak 10.000 eurotik gorako 2 aurrekontu aldatzeko proposamenak onartu ditu. Guztira 53.710,67 euro izango dira, bulego-, irakaskuntza- eta zientzia-materiala erosteko. Horrez gain, 10.000 eurotik beherako 42 proposamen baliozkotzea adostu du. Guztira 133.076,91 euro izango dira, ekipamendu zientifikoa, irakaskuntzakoa, informatikoa eta ikus-entzunezkoa erosteko. Aurrekontuetan egindako 44 aldaketa horien guztizko zenbatekoa 186.787,58 eurokoa da.

Azkenik, Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartu ditu aurreko urteko deialdiari dagokion UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen ordainsari-osagarri gehigarrien esleipenaren aurrean aurkeztutako errekurtsoak.


Iruzkinak»

No comments yet — be the first.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: