UPV/EHUk HAMABI UNIBERTSITATE-TITULAZIO DUAL ESKAINIKO DITU DATORREN IKASTURTEAN 21.12.22
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2022.trackback
Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkurak gaur erabaki du Hezkuntza Sailari honako hauen ezarpena eskatzea
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkurak gaur goizean erabaki du Hezkuntza Sailari Gizarte Zientzien eta Legearen arloko zazpi unibertsitate-titulazioren eta Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloko bost unibertsitate-titulazioren ezarpena proposatzea. Unibertsitate-titulazio horiek prestakuntza DUAL gisa eskainiko dira hurrengo ikasturtean. Prestakuntza duala ikaskuntza ikastetxean nahiz enpresan garatzen duen hezkuntza sistema mistoa da. Hamabi kasu horietan, UPV/EHUk erakunde, enpresa eta beste agente batzuekin sinatutako lan-hitzarmenen bitartez nahitaezko ezagutza teorikoak emango ditu, eta elkarte parte-hartzaileek horiek osatuko dituzte ikasleriari alderdi praktikoa irakatsiz.
Gizarte Zientzien eta Legearen arloan prestakuntza DUALaren bidez eskainiko dira honako zazpi gradu hauek: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Bizkaia eta Gipuzkoa), Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Soziologia eta Lan Harremanak eta Gizarte Langintza. Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan honako hiru gradu hauek: Automobilgintzaren Ingeniaritza, Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza eta Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza. Baita honako bi unibertsitate master hauek: Fabrikazio Digitala/Master in Digital Manufacturing eta Sistema Txertatuen Ingeniaritza.
Hogeita hamar ikastaro osagarri
Horrez gain, Gizarte Kontseiluko Osoko Bilkurak iraupen laburreko hogeita hamar ikastaro osagarri onartu edo hitzartu ditu. Horien artean honako hauek daude: Epidemiologia eta demografia, Enpresen administrazioa, Telekomunikazio sare eta zerbitzuen diseinu eta gestioa, Kristautasunaren oinarriak, Erdi aroko arte arabiarra, Giza eboluzioa, UPV/EHUko Gazte Ekintzailetzarako Programarako prestakuntza osagarriko ikastaroak, Haur eta gazte literatura ikasgeletan eta Industria marketing digitala.
Ordainsari osagarriak 296 irakasleri
2022ko azken saioan, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak aurtengo deialdiari dagozkion C1 eta C2 mailetako gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitu dizkie 296 irakasleri. Horrez gain, iazko deialdiko A eta B osagarrien esleipenaren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebatzi dira.
Aurrekontu-aldaketak
Gaurko bileran bertan, Osoko Bilkurak 10.000 eurotik gorako 4 aurrekontu aldaketa proposamen onartu ditu, 112.566,70 euroko guztizko zenbatekorekin, bulegoko materiala, ikasmateriala, material zientifikoa eta inbentariagarria erosteko. Halaber, 10.000 eurotik beherako 18 proposamen baliozkotzea adostu du, 52.471,61 euroko guztizko zenbatekorekin, ekipamendu zientifikoa, irakaskuntzakoa, informatikoa, eta ikus-entzunezkoa erosteko. 22 aurrekontu aldaketa horien batura 165.038,31 euro da guztira.
Gizarte Kontseiluaren 2023ko aurrekontua
Osoko bilkurak UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren 2023ko ekitaldirako aurrekontua ere onetsi du, zeinaren diru-sarreren eta gastuen egoera 450.000 eurokoa baita guztira. Gizarte Kontseilua euskal gizarteak unibertsitatean parte hartzen duela bermatzen duen gobernu-organoa da, eta gizartearen eta unibertsitate-komunitatearen interesak ordezkatzen ditu.
Unibertsitateko jarduerekiko lankidetza aktiboaren ikuspegitik, bost jarduera-ardatz ditu:
- Kontseiluaren egitekoa indartzea, gizarte-beharrizan berriak kontuan izanda.
- Unibertsitatea eta enpresak gerturatzea eta ikasle egresatuen enplegagarritasuna sustatzea.
- Sariak eta aintzatespenak ematea Gizarte Kontseiluaren jarduera-esparruetan.
- Aliantza-politika bat garatzea beste gizarte-entitate eta -erakunde batzuekin.
- Gardentasunean eta kontu-ematean oinarritutako unibertsitate-gobernantza baterantz aurrera egiten laguntzea.
Iruzkinak»
No comments yet — be the first.