GIZARTE KONTSEILUAK EHU NAZIOARTEKORATZEKO PROIEKTURIK ONENA SARITUKO DU 5.05.10
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2010.add a comment
Unibertsitatearen zerbitzuen Adierazleen Sistema eta Campusen Zuzendaritza eta Kudeaketaren inguruko txostena eztabaidatu du Bilkurak
Bilbon, gaur ospatu den Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran erabaki da EHU NAZIOARTEAN HEDATZEKO SARIAren deialdia ateratzea, 40.000 eurokoa, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskaintza nazioartean ezagutzera emateko eta atzerriko ikasleak bere geletara erakartzeko proiektu onenarentzat..
Aipaturiko saria eratzeko orduan, Batzordeak kontuan izan du gaur egun jakintza trukatzeak duen garrantzia eta horrek duen eragin ekonomikoa (Erresuma Batuan ikasle atzerritarren matrikulek bilioi bat Libera Esterlinako irabaziak eman dutela eta herrialdeko ekonomiari ia 8 bilioi Libera Esterlinako ekarpena egin dutela kalkulatzen da), zein Europaren bat egiteak sortu dituen aukerak eta gorantz doazen ekonomiak duten garrantzia ere.
EHUren taldeei dago zuzenduta Saria eta haien proiektuetan, besteak beste, gure Unibertsitatearen eskaintzaren alderdi sendoak eta onurak, atzerriko ikasleak komunitatean barneratzeko gaitasuna, Euskadirako interesgarriak diren merkatuen analisia, nazioarteko unibertsitate nagusien eskaintzarekin konparazioa, lortu nahi diren helburuak eta haiek lortzeko estrategia bildu beharko dituzte. Eta, hori guztia, finantzazioa edo onura zuzenak zein eragindakoak ahaztu gabe. 2010eko uztailak 30 baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak Gizarte Kontseiluaren egoitzan.https://gizartekontseilua.eus/wp-content/uploads/2010/05/pto9.pdf irakur daitezke Nazioartean Hedatzeko Gizarte Kontseiluaren Sariaren oinarri guztiak.
Bestetik, unibertsitatearen zerbitzuen Adierazle-sistema ere eztabaidatu du Bilkurak. Funtsezko hogei adierazleren bitartez, EHUren gizarte helburuak zein mailatan betetzen diren ikustea eta haren jardueren inguruko kontuak ematea ahalbidetzen duen ikerketa. Aipaturiko 20 adierazleen multzoak unibertsitatearen zerbitzuen ebaluazioa errazten du eta antzerako ezaugarriak dituzten beste unibertsitateenekin konparazioa egitea ahalbidetzen du.
Adierazleen Sistemaren helburua gizarteari EHUren helburuak bete diren edo ez diren inguruko eta haien ekarpenen balioaren eta lortu diren emaitzen inguruko informazio ebaluagarria eskaintzea da, dagoen informazio ugaria laburbilduz eta hari lehentasuna emanaz. Emaitza adierazleen-multzo bat da zeinak:
• Gizartearen eta interes-taldeen oinarrizko galderei eta jakin-minei erantzuten dieten
• Haren esperientzia dela eta erreferentzia diren eremuetan kontuak aurkezteko eskema gehienetan datozen adierazleak dira
• EHUk bere Plan Estrategikoan zehaztutako helburuei erantzuten diete
EHUren irudi fidagarria lortzen da funtsezko zortzi arlotan kontuak emateko orduan: testuingurua, erakundearen irudia, estaldura, prestakuntza, inguruneari egokitzea, ikerkuntza, hizkuntza-normalizazioa eta erantzukizun soziala.
Ikerketan datu absolutuetatik hasi eta adierazle bakoitzaren analisira arte batzen ditu ondorengo taulan laburbildu diren zenbaki absolutuak:
Era berean, eta 20 adierazleetariko bakoitzarentzat, datu zehatzak eta konparagarriak eskaintzen dituen ikerketa zehatza aurkezten du lanak. Adibide gisa, ondorengo emaitzak eman dituzte 6 eta 8 adierazleek:
Gizarte Kontseiluaren web orrian, https://consejosocialeus.wordpress.com/category/indicadores, irakur daiteke20 adierazleei buruzko informazioa eta beste unibertsitateekin egin den konparazioari buruzko ikerketa osoa.
Campuesen zuzendaritza
“EHUren Campusa Unitate Autonomo Bateratu gisa Zuzentzeko eta Kudeatzeko egiturak eta funtzioak ezartzea” ikerketaren azken txostena ere eztabaidatu du Kontseiluak. Haren helburuak egungo egoera aztertzea, diagnosia egitea eta multicampus moduan antolatzeko eredu berria proposatzea ziren.
Antzerako errealitateak dituzten hainbat unibertsitateren esperientzia eta antolaketan adituak direnen ekarpenak kontuan izan dituen ikerketak dio EHU deszentralizatuta dagoen unibertsitatea dela, nahiz eta oraindik ere unitate autonomoetan garatutako multicampus eredurantz eboluzionatzeko gaitasuna duen, nazioartean lehiatzeko gaitasuna areagotzeko.
Aipaturiko diagnosia ikusita, ondorengo printzipioetan oinarritutako multicampus moduan antolatzeko eredua proposatzen du lanak:
• Erakundea zuzentzeko gaitasuna hobetzea
• Gobernuaren muina sendotzea.
• Kudeaketa deszentralizatzea.
• Kudeaketa profesionala bihurtzea
• Lurraldea dinamizatzen duen agente gisa jardutea
• Berrikuntza sustatzea
• Atzerriarekin harremanak gehitzea
• Zeharkakotasuna eta diziplina aniztasuna sustatzea
• Barruan eta gizarteari kontuak azaltzea indartzea
• Kalitatearen hobekuntza eta ebaluazioa azpimarratzea
Horretarako, eraldatzeko estrategia bat, instrumentu batzuk (prozedurak eta tresnak), antolaketa bat eta inplementatzeko egutegi bat gomendatzen du.
Hau da txostenaren ondorioa: Gaur arte EHUk multicampus erakunde gisa egin duen ibilbidea, Gobernu Kontseiluak onartutako oinarrien dokumentuan oinarrituta laster egingo duenarekin batera, oso adierazgarria dela erreferentzia gisa hartu diren multicampus unibertsitate erakundeetan.
Beste hainbat gai
Bukatzeko, aurrekontuetan hainbat aldaketa, ordainsari osagarrien esleipen berriak eta EHUk Maite Fundazioan (INGURUMENA, BERRIKUNTZA ETA TEKNOLOGIA) eta Langune Elkartean parte hartzea, Innobasquek hizkuntzen industria sustatzeko atera duen ekimena, zeinetan hogeita hamar inguru enpresak eta erakundek parte hartzen duten, eta ikasketa osagarrietako lau ikastaroko matrikulen prezioa konbalidatzea onartu du Osoko Bilkurak. Saio berean, Osoko Bilkurak Ana Mª Deusto, José Mª Ormazabal eta Mikel Iriondo izendatu ditu Unibertsitateko Gobernu Kontseiluan Gizarte Kontseilua ordezkatzeko eta Paulino Corcuera Unibertsitateko Herri Hezkuntzaren Koordinazio Kontseiluan ordezkatzeko.
Bilbon, 2010eko maiatzaren 5ean
Lehen enpleguaren behatokia 10.03.10
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2010.add a comment
PRENTSA OHARRA
Gizarte Kontseiluak lehendabiziko unibertsitate-enpleguaren egoera, praktiken optimizazioa, ikerketa-emaitzen hedapena eta ikaskuntza iraunkorra aztertu ditu UPV/EHUn
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, gaurkoan, lehendabiziko unibertsitate-enpleguaren egoeran, ikasleen praktika profesionalak optimizatzeko beharrezkoak diren baldintzetan, unibertsitate-ikerkuntzaren emaitzen hedapenean eta ikaskuntza iraunkorraren alorraren beharretan arreta jartzen duten amaierako txostenak aztertu ditu.
Lehendabiziko lana, “Lehen Unibertsitate Enpleguaren Behatokia” hiru helburu dituen ikasketa da: ikasle egresatuen lehen enplegurako sarbidearen joerak hauteman, lortutako kualifikazioarekin lotuz; lan-merkatuaren eskariak eta profil profesionalekiko eta eskatutako gaitasunekiko egokitasuna aztertu, eta tituludunei lanean txertatzeko orientabideak eskaini.
Ikasketak hainbat adituren iritzia hartu du kontuan eta 4.400tik gora lan-eskaintza aztertu dit, pribatu zein publikoak, eta krisia dela eta esperientziarik gabeko unibertsitate-tituludunentzako lan-eskaintzak behera egin duela ondorioztatu du; hortaz, 2011 urtera arte itxaron beharko da lana berriro ere aurreko urteetako maila bertsuetan sor dadin.
Artean, ekitaldi honetan, hauexek izango dira jarduera-alorrik dinamikoenak: enpresen administrazio, kudeaketa eta finantzak; komertziala; prestakuntza eta osasuna; ingeniaritza eta produkzioa, eta informatika; sektorerik dinamikoenak, aldiz, hauek: bioteknologiak, nanoteknologiak, ordezko energiak, garraio adimentsurako elektronika, eko-berrikuntza, eraikuntza jasangarria, IKTak, mugikortasun eta garraio-sistema aurreratuak, osasuna eta medikuntza, pertsona adindunentzako elektronika eta bizi-kalitate teknologiak.
Profilei dagokienez, azterketaren emaitzek enpresen exijentzia-maila geroz eta handiagoa da; beraz, titulazioa abiapuntua da eta ez helmuga, eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntza ezinbesteko bilakatzen da, eta profesionalen aldetik jarrera proaktiboa eskatzen du. Hori dela eta, unibertsitate-titulazioarekiko gaitasun osagarriak garatzea funtsezkoa da enplegu-eskatzaile gaztearentzako, sei alorretan bereziki: atzerriko hizkuntza baten ezaguera (ingelesa, ahal dela); ahozko eta idatzizko komunikazio-trebetasunak; gaitasun digitala; atzerrian ikasi edo praktikak egitea; kudeaketa, talde lan, lidergo eta bezeroarekiko orientazio-gaitasuna; eta iniziatiba, sena ekintzailea eta sektore profesionalaren aldaketetara egokitzeko gaitasuna.
Azkenik, ikasketak jarduera ekonomikoko sektore nagusienetako gaitasun tekniko sorta bat ere identifikatzen du; unibertsitate-ikasleentzako orientabide izateko helburua du, lan-munduan hobeto kokatze aldera eta Unibertsitateari merkatuaren joeretara egokitzeko eta orientazio-sistemei epe labur eta ertainerako joerei buruzko materiala izan dezaten informazioa emateko.
Praktiken optimizazioa
Bigarren proiektuak ikasleen praktika profesionalak optimizatzeko beharrezkoak diren baldintzei buruzko azterketa batean jartzen du arreta eta curriculum zein borondatezko praktiken gaur egungo egoeraren inguruko diagnostikoa egitea du helburu; UPV/EHUn edo beste unibertsitate batzuetan erreferenteak –jardunbide egokiak– identifikatzea eta alor ezberdinetan aplikatzeko jardun-proposamenak ekartzea. Horretarako esperientzia asko aztertu, Unibertsitate, enpresa eta erakundeetako berrogeita hamarren bat aditu elkarrizketatu dituzte eta praktika-programan parte hartu duten hogei bat ikasleren iritziak ere kontuan hartu.
Txostenak ondorioztatzen duenaren arabera, praktika-programari buruzko iritzi positiboa dago, aldeko eta konpromisozko jarrera irakasleen eta programaren arduradunen aldetik eta maila guztietan ere kudeaketa hobetzeko interes nabaria, programari koherentzia handiagoa emanez eta prozesuak estandarizatuz, zentroen autonomiari kalterik ekarri gabe.
Azkenik, eta ondorioen ostean, ikasketak praktikak optimizatzeko hamar gomendio dakartza:
-
Gizarteari, enpresari eta unibertsitate-komunitateari zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak burutu, enpresetako praktikek duten garrantziari buruz.
-
Jarraibide orokorrak gauzatu, kontrol- eta jarraipen-sistema estandarizatuak barne hartuta.
-
Kudeaketa-egitura tipologia ezberdinetara egokitu, sostengu eta jarraipen-sistema bat ezarriz.
-
Estrategia komertziala diseinatu, modu koordinatuan erakundeak (enpresak, administrazioak, etab.) erakarri eta fidelizatzeko.
-
Beste unibertsitate batzuekin programetan parte hartzea eta UPV/EHUn dauden jardunbide egokien aurkezpena eta hedapena sustatu.
-
“Praktiges” kudeaketa-tresnaren egokitze eta hobekuntza-prozesuarekin jarraitu eta haren ezarpena orokortu.
-
Ikasleen artean hedapena eta erakartzea indartu Unibertsitatearen web gunearen bitartez.
-
Ikasleak enpresetan integratuak izateko erabilgarriak diren gaitasun eta trebetasunetan gaitzen dituzten esperientzietako batzuk orokortu.
-
Parte hartzen duten eragile ezberdinen iritzia jasotzea sistematizatu.
-
EFQM ereduan edo antzekoren batean oinarritutako praktiken kudeaketa-sistema bat orokortu.
Ikerkuntzaren hedapena
Onetsitako lanetatik hirugarrenak UPV/EHUko ikerkuntzaren emaitzen hedapena hobetzea du helburu, erreferentea arlo honetan, Euskadin eta bertatik kanpora ere eta bere inguruaren garapen ekonomiko, zientifiko eta sozialaren funtsezko atala. Horretarako, aurten azterketak UPV/EHUn ezaguera-alor guztietan egindako erreferentzia diren 14 ikerkuntza-proiekturen analisia hartu du abiapuntu; horietatik, bigarren fase batean, aplikagarritasun eta publiko objektibo-irizpideei erreparatuta, sei aukeratu dira, azkenerako Unibertsitatearen komunikazio-estrategiarekin bat etorriz bere hedapena nola erraz litekeen aztertzeko.
Honela, ikasketak, proiektuetako bakoitzaren informazio xehea gauzatu eta proiektuaren eta haren ikerkuntza-talde arduradunaren informazio osoa duen fitxa bat bete ondoren, UPV/EHUko ikerkuntzaren komunikazioaren AMIA analisi zorrotz bat egiten du eta bere posizionamendua, publiko objektiboak eta erreferentzia-proiektuen hedapen-estrategia ezarri; gakoak, berriz, hedatu beharreko ikerkuntzaren tipologia, komunikatu beharreko informazioa eta komunikazio-mekanismo efizienteak erabiltzea. Azkenik, txostenak urteko ekintza-plana burutzea proposatzen du; prentsa-oharrak, mahai-inguruak, erreportajeak, bisitak, aurkezpenak, tailerrak, Interneteko tresnak erabiltzea eta Gizarte Kontseiluak bere emaitzaren gizarte-inpaktuari erreparatuta ikerkuntza-proiekturik onenari emandako urteko sari bat barne hartuko lituzke.
Ikaskuntza iraunkorra
Osoko Bilkuran aurkeztutako azken lana ikaskuntza iraunkorrari buruzko unibertsitateen benchmarking-txosten bat da; alor horretako erreferentzia-zentroak identifikatzea, UPV/EHUn ezaguera hori kudeatzea erraztuko duten praktikak hautatzea, Gizarte Kontseiluaren baitan alor horri buruzko eztabaida orientatzea eta gure unibertsitatean aplikagarriak izan daitezkeen nazioarteko erreferentzia-elementuak identifikatzea du helburu.
Txosten hori gauzatzeko aurrez mundu osoko 90 unibertsitate hautatu ziren osotara eta, azkenerako, ikaskuntza iraunkorraren alorrean bereziki nabarmentzen diren 11 aukeratu ziren, UPV/EHUko praxia sakon aztertu zen, erreferentziazko praktikak identifikatu ziren eta amaitzeko UPV/EHUk eta Gizarte Kontseiluak ikaskuntza modu hori indartzeko aintzat hartu beharreko gomendio sorta bat burutu zen. Unibertsitatearentzako gomendioen artean, hauexek azpimarragarri:
-
UPV/EHUn II definitu, integratu eta garatzeko hausnarketa areagotu.
-
Ikasle eta irakasleen artean bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren kultura garatu.
-
Ikaskuntza iraunkorraren alorrean ikerkuntza sustatu.
-
Ikaskuntzan oinarritutako heziketa-eredu bat eraiki.
-
Bolognako prozesutik eratortzen diren aukerak baliatu, ikaskuntza-ibilbide malguak sorrarazteko.
-
Orientazio eta aholkularitza, ikaskuntza ez-formalaren baliozkotze, laguntza-programa eta abarretan inbertsioa handiagotu.
-
Irakasleen eta unibertsitateko langileen garapenean inbertitu.
-
Prozeduren kalitatea bermatu.
-
UIIaren eskaintza eta emaitzak komunikatu.
-
“Sareko unibertsitatearen” kontzeptua garatu, interes-talde ezberdinak barne hartuz eta ezaguera eta irakaskuntza partekatuz.
Azterketa hauek guztiak Kontseiluaren web gunean eskura egongo dira aurki: https://consejosocialeus.wordpress.com/
Amaitzeko, Osoko Bilkurak UPV/EHUko irakasleentzako ordainsari osagarrien esleipen edo berresleipen batzuk ebatzi ditu eta 2009ri dagokion Gizarte Kontseiluaren aurrekontu-likidazioaren auditoria-txostena aztertu du.
Bilbon, 2010eko martxoaren 10ean







