Topalekua 68 zk. 2011 uztaila. 6.09.11
Posted by consejosocialupvehu in Uncategorized.add a comment
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO 2007KO TITULUDUNEN %79,2K LANA AURKITU ZUEN GRADUATU ETA SEI HILABETERA 14.07.11
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2011.add a comment
“Euskal unibertsitate-ikasleen laneratze-maila handiak prestakuntza‑maila handieneko enpleguek krisialdiaren ondorioei hobeto eusten dietela berresten du” azpimarratu du Gemma Zabaleta sailburuak”
2007. urtean lizentziatu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) unibertsitarioen laneratze-mailari buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikarien kabineteak egindako azterlanaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean, Bilbon, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Euskal Herriko Unibertsitatean 2007. urtean titulua lortu duen Promozioaren Laneratzeari buruzko Azterlana egiteko, urte hartan Euskadiko unibertsitate publikoan graduatu ziren 5.667 lizentziaturen iritzia jaso zen. Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute, halaber, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta José Manuel De La Sen EHUko Gizarte Kontseiluko presidenteak.
2007ko promozioaren lagina osatzeko elkarrizketak 2010eko azarotik 2011ko urtarrilera egin ziren, eta lagin hori ikasturte akademiko osora estrapolatzen da (7.265 graduatu eta 78 titulazio). Horietatik %62 emakumeak dira eta %38 gizonak, azken hamarkada osoan proportzio horri eutsi egin zaio, Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) arabera.
Ikasle haien enplegu-tasa %79,2koa da; beraz, 1,2 hamarreneko jaitsiera izan du, aurreko promozioko datuekin alderatuta. Alabaina, txostenak agerian uzten duenez, unibertsitate-karrera amaitu eta lehenengo enplegua aurkitu arteko batez besteko epea murriztu egin da. 2007ko promozioaren kasuan, epe hori sei hilabetekoa da, aurreko urtean baino bat gutxiago.
Bizitza aktiboan sartzeari buruzko azterlanaren datuek argi eta garbi adierazten dute 2008ko azken hiruhilekotik EAEn gertatzen ari den atzeraldiaren eta enplegu-suntsipenaren hasiera. Izan ere, oraindik ere hazkundekoa zen eta igurikimen onak zituen etapan atera zen lan-merkatura urte hartan lizentziatu zen promozioa, krisialdiak EAE bete-betean harrapatu baino urte eta erdi eskas lehenago.
Datu garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
- Enplegu-tasa %79,2koa da. Horrela, aurreko promozioarena baino 1,2 hamarren apalagoa da.
- Karrera amaitu eta lehenengo enplegua aurkitu arteko epea sei hilabetekoa da. 2006ko ikasturtean baino hilabete gutxiago.
- Jarduera-tasa %92,2koa da. Hau da, hamar lizentziatutik bederatzik lan-bilaketari ekin zioten unibertsitate-titulua lortu bezain laster.
- Ondo kokatutako enpleguak antzeko mailan jarraitzen du, %87an. Horrez esan nahi du enplegua lortu duten hamar unibertsitarioetatik bederatzik beren maila akademikoarekin bat datorren lanpostuan dihardutela. Datu hori aurreko urtekoa baino bi puntu txikiagoa da, baina 1998. urtean egindako lehenengo inkestan lortutakoa baino 14,4 puntu handiagoa da.
- Antzeko ehunekoetan jarraitzen dute unibertsitate-titulua eskatzen den enpleguak (%84), eta unibertsitate-prestakuntzari lotutako egitekoak dituenak (%79).
- Enplegu egonkorra (mugagabeko kontratuak, autonomoak eta kooperatibetako bazkideak) %49koa da; beraz, lau puntuko jaitsiera izan du aurreko azterlanaren aldean.
- Beren kontra lan egiten dutenak alde batera utzita (autonomoak, enplegatzaileak eta bazkide kooperatibista), kontratu finkoa duten soldatapekoak %46 dira, 2006ko promozioan baino hiru puntu gutxiago.
- Jarduera ekonomikoko sektoreetan gizonen eta emakumeen artean dagoen banaketa desberdinak eta industriaren sektoreak izan duen bilakaera hobeak azaltzen dute gizonek lidergoa berreskuratu izanaren zergatia, bai enplegu tasa orokorretan (%80,4 gizonen artean eta %79,5 emakumeen artean), baita langabezia tasan ere (%14,8 gizonen artean eta %14,4 emakumeen artean).
- Hilabeteko batez besteko diru-sarrera garbia 1.505 eurokoa da, urtean 14 sari eta lanaldi osoz kalkulatuta. Gizonezkoek hilean 1.583 euro jasotzen dituzte batez beste, eta emakumeek 1.453.
“Euskal unibertsitate-ikasleen laneratze-maila handiak prestakuntza‑maila handieneko enpleguek krisialdiaren ondorioei hobeto eusten dietela berresten du”, azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearekin batera datuak aurkezterakoan. Bestalde, Goirizelaiak gogora ekarri duenez “Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, aukera gehiago daude lana aurkitzeko. Printzipio hori eztabaidaezina da, eta era guztietako azterlanetan berresten da urtero. Eta urtero Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, plazaratzen duen txostenean ere berresten da aipatutako printzipioa. Ageriko datu horretatik ondorio garrantzitsuak atera beharko genituzke: unibertsitatearen aldeko apustua apustu soziala da, dimentsio kolektiboa duena; baina, ikuspuntu pertsonaletik, unibertsitatearen aldeko apustua etorkizun profesional kualifikatuago baten aldeko apustua ere bada”.
2007ko promozioak betetzen dituen enpleguen kalitate-adierazleek ere tesi hori indartzen dute. Aurreko promozioei eginiko jarraipenean doikuntza gero eta handiagoa ikusten zen unibertsitate-ikasleen prestakuntza mailaren eta okupaturiko lanpostuari loturiko prestakuntza-mailaren artean. Joera horrekin batera goi-prestakuntzako okupazioan gero eta presentzia handiagoa izan da Euskadiko okupazioen guztizkoaren gain.
Ildo horretan, Gemma Zabaleta sailburuak adierazi duenez, “enplegu-galera lanbide-kategoria guztietan eta askotariko okupazioetan gertatzen bada ere, indar handiagoarekin gertatu da maila profesional ertain-baxuekin eta prestakuntza apaleneko okupazioetan, eta eragin txikiagoa izan du prestakuntza-goreneko lanbide-mailetan”. Unibertsitateko tituludunen enplegu-tasa 31 puntu handiagoa da lehen ikasketak bakarrik dituztenena baino, eta 5,7 puntu handiagoa bigarren ikasketak dituztenena baino.
Soldatak
Aurreko urtean, krisiak industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan izan zuen eraginaren ondorioz, lehenengo aldiz emakumeek enplegu-tasa handiagoak eta langabezia-maila txikiagoa izan zituzten gizonek baino; izan ere, bi sektore horietan oso handia baita gizonezkoen parte hartzea. Aztertzen ari garen urtean, berriz, nahiz eta aldeak txikiak diren, gizonezkoek enplegu-tasa handiagoa dute berriro (%80,4 eta %79,5, hurrenez hurren), eta langabezia gutxiago (%14,8 eta %14,4).
“Dena den, gizonen eta emakumeen arteko kalitate-maila desberdinek irauten dute, gizonek okupaturiko enpleguak beren prestakuntza-mailarekiko duten doikuntza-maila handiagoari dagokionez zein soldatan edo lan-egonkortasunean”, sailburuak zehaztu duenez. Esaterako, soldatari dagokionez, inkestak adierazten du gizonek hilean batez beste 1.583 euroko diru-sarrera garbia jasotzen dutela eta emakumeek, aldiz, 1.453 eurokoa. Aldea, beraz, hilean 130 eurokoa da.
Jarduera-tasa handienak osasunarekin lotutako ikasketetan (%90) eta karrera teknikoetan (%83) aurkitzen da; eta txikiena Giza Zientzien alorrean (%68). Aipagarria da ziklo luzeko lizentziaturek eta ingeniaritzek emaitza hobeak dituztela diplomaturek edo ingeniaritza teknikoek baino.
Osasunaren arloko jarduerak dira, halaber, hobekien ordaindurikoak (1.838 euro garbi hilean x 14 paga). Inkesta egin zenean, ikasketak amaitu eta lehenengo enplegua lortu arteko batez besteko denbora lan-esperientzia zuen biztanleria aktiboarentzat sei hilabetekoa izan da, 2006ko promozioarenaren baino hilabete bat laburragoa.
Lana duten 2006ko lizentziatu edo diplomatuen %10,9k euskal autonomia erkidegotik kanpo lan egiten dute. Beste autonomia erkidego batera joan dira %8,2, eta %2,7 beste herrialde batera, batez ere Europaren barruan. Erasmus eta bestelako gradu‑ondoko programak —lanbide-babes handiagoari lotutakoak horik guztiak— mugikortasun horren aldeko eragile dira.
Bestalde, José Manuel De La Senek gogora ekarri duenez, “EHUk gaitasun handiko tituludunak dakarzkio gizarteari, baina gizarteak, enpresek eta Unibertsitateak elkarrekin lan egin behar dute, harreman egonkor eta sendoak ezarriz, tituludunek lan‑mundurako bidea azkar, erraz eta zuzenean egin dezaten”.
“Horrez gain, egun lan egiten duten enpresetan bete behar dituzten egikizunetarako ikasitakoaren erabilgarritasunaz tituludunek egiten duten balorazioen ere hobetu egin dugu, eta horrek bereziki pozten nau. Salbuespen bakarra atzerriko hizkuntzetan jasotako prestakuntza izan da, eta alderdi hori hobetu behar dugu; izan ere, erabakigarria baita tituludunen gaitasun profesionalean”, azpimarratu du.
DATORREN URTERAKO EHU-REN ESKAINTZAN 3 GRADU ETA 12 MASTER EZARTZEA ONARTU DU GIZARTE-KONTSEILUAK 14.07.11
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2011.add a comment
2011-2012 ikasturterako eskaintza 69 gradu eta 102 masterrekoa izango da
Gaur Bilbon egin den EHU-ren Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari 3 gradu-titulazio eta 13 master ofizial berri ezartzea proposatu zaio; horrekin, 2011-2012 ikasturterako euskal unibertsitate publikoaren eskaintza 102 unibertsitate-masterrekoa eta 69 gradukoa izango da.
Gizarte Kontseiluak onartutako gradu-titulu berriak Fisioterapia, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza eta Arkitekturaren Oinarriak dira. Azken horrek orain arte irakasten zen Arkitekturako Gradua ordezten du, EDU/2075/2010 Ministerio Aginduan xedatutakora doitzeko. Horretan, arkitekto-lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialetarako baldintzak ezartzen dira. EHU-n ezartzekoa den Arkitekturaren Oinarrien Gradu berria 300 kredituz osatuta dago eta ez ditu atribuzio profesionalak ematen.
Gradu osteko 12 master ofizial berriei dagokienez, orotariko ezagutza-arloak barne hartzen dituzte, hala nola: egungo artea kontserbatzea, ikertzea eta erakustea; zeramika; sektore turistikoko diseinua; mundu klasikoa; eredugintza konputazionala; hezkuntzako hizkuntza-aniztasuna ikertzea; lengoaiaren neurozientzia kognitiboa; enpresa-abokatutza; ingeniaritza fisikoa; integrazio politikoa eta batasun ekonomikoa Europar Batasunean; edo material berriztagarrien ingeniaritza. Master berrietako lau unibertsitate artekoak dira eta horietako bi atzerriko unibertsitateekin antolatzen dira.
Halaber, Osoko Bilkurak berezko 42 tituluren matrikula-prezioak ere finkatu ditu eta erabaki du, gehienek (zehazki, 27k) aurreko ikasturteko tasak mantenduko dituztela eta beste zortzik, berriz, prezioak igoko dituztela. Gainerako 7 tituluak berriki sortu dira eta honako prezio hauek izango dituzte:
| GRADU OSTEKO BEREZKO TITULUA | Prezioa, kredituko |
| Zaintza aringarrietako arreta integrala |
100,00 euro |
| Minaren diziplina arteko ikerketa eta tratamendua |
90,00 euro |
| Komunikazio korporatiboa |
55,00 euro |
| Txinatar Ikasketak |
125,00 euro |
| Nazioarteko negozioak |
74,00 euro |
| Paisaiaren planifikazioa eta arkitektura |
120,00 euro |
| Segurtasunaren eta larrialdien kudeaketa |
15,00 euro |
Horren harira, Kontseiluak ikasketa osagarrien hiru ikastaroren matrikula-prezioak ere finkatu ditu: “Emulsion Polymerization Processes” ikastaroari 471,70 euroko prezioa ezarri zaio; “CAD/CAE. Ingeniaritza, kalkulu eta elementu infinituen bidezko simulazio numerikoko ikastaro aurreratua” ikastaroari 35,00 euro/kreditu prezioa ezarri zaio; eta “Ordenagailuz lagundutako diseinu- eta fabrikazio-ingeniaritza” ikastaroari 60,00 euro/kreditu prezioa ezarri zaio.
Lankidetza-bekak
Halaber, Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak deitutako lankidetza-bekak banatzeko irizpideak unibertsitateko sailen arabera adostu ditu. Banaketa hori egiteko, kontuan hartuko dira ikasle eskatzaileek espediente akademikoan lortutako puntuak (% 70) eta lankidetzan aritzea eskatzen duen unibertsitate-sailaren ekoizpen zientifikoko baremoen aplikazioak ezarritako ordena, G9 Unibertsitate Taldeak onartu bezala (% 30).
Euskampus Fundazioan parte hartzea
Azkenik, Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak Euskal Herriko Unibertsitateak Euskampus Fundazioan parte har dezan onartu du, berebiziko pieza delako 2010eko urrian, EHUren nazioarteko batzorde bat Nazioarteko Bikaintasuneko Campus izendatu zenean Hezkuntza Ministerioaren deialdiaren barruan, martxan jarri zen CEI proiektua garatzeko.
CEI gisa bereizten diren unibertsitateentzako Ministerioak emandako funtsetako 5 milioi euroko aurrekontuarekin, Euskampus Fundazioak Parke Zientifikoan Biofisika Zentroa eraikitzen parte hartuko du eta oso jarduera garrantzitsuak garatuko ditu, hala nola mugaz gaindiko campusa finkatzea Bordeleko Unibertsitatearekin, proiektua nazioartean sustatzea sareak sortuz, edo mugikortasuna eta ekimenak sustatzea. Ez da ahaztu behar ikerketa kooperatiboaren sustapena eta Euskampus sareko eragileen berrikuntza.
Azkenik, Lanbidek 2007ko promozioari dagokion EHU-ko tituludunak Bizitza Aktibora Igarotzeari buruzko azterketa aurkeztu du. Behatoki hori Gizarte Kontseiluak sustatu du eta jadanik unibertsitate-tituludunen hamar promozio aztertu ditu. Horri esker, Unibertsitateak eskaintzen duen zerbitzu publikoa hobetzeko balio dezaketen lan-merkatuari buruzko datu fidagarri, kontrastagarri eta aztergarriak lortu dira.


