Elkarteari kontu emateko adierazle guztiek bilakaera positiboa ageri dute, 2017ko azken txostenaren arabera 22.03.18
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2018.add a comment
GIZARTE KONTSEILUAK EHU-REN AURREKONTUA ONARTU DU, ETA 410,16 MILIOI EURO IZANGO DITU 2018AN, % 1,14 GEHIAGO
Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren osoko bilkura egin dute gaur Bilbon, eta EHUren 2018ko aurrekontua onartu dute. Orotara 410,16 milioi euro izango ditu EHUk, iazko aurrekontuan baino % 1,14 gehiago, aurreko ekitaldian 405,53 milioi euro izan baitzituen.
2004-2018 ARTEKO AURREKONTUEN BILAKAERA
Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak aurrekontua onartzea erabaki du, EHUren Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 1ean onartutako proiektua eta Gizarte Kontseiluaren Ekonomia eta Finantzen Batzordeak aurrekontu-proiektuari buruz emandako txostena aztertu ostean. Esandako txosten horretan, ekonomia- eta finantza-analisi xehatua egiten da, kapitulutan, programatan eta gastu-unitatetan banakatuta, eta hobetzeko honako gomendio hauek egiten ditu:
- kontzeptu guztiak egokiro banakatuta txertatzea aurrekontuan, diru-sarrerei eta gastuei dagokien partidan;
- EHUk dagokion urtea hasi aurretik onartzea aurrekontua, Estatutuek diotena betetzeko eta aldi iragankorrak saihesteko;
- Gizarte-kontseiluen oinarrizko gidan jasotako irizpideak eta gomendioak jarraitzea unibertsitatearen aurrekontua eta urteko kontuak onartzeko eta kitatzeko, hainbat alderdi aurkeztearekin loturik, hala nola gastuetarako baimenak, txosten juridikoak, barne-kontroleko txostenak, jarduera-kostuak zehazteko aukera eskaintzen duen kontabilitate-sistema txertatzea eta abar.
Aurrekontua gastu-kapituluen arabera.
Kapituluka egindako analisian ikusten dugunez, EHUk honako zenbateko hauek bideratuko ditu:
- 316 milioi euro langileen gastuetara, guztizkoaren % 77,11 eta 2017an baino % 1,21 gehiago;
- 71,05 milioi euro gastu korronteetara, guztizkoaren % 17,32 eta iaz baino % 0,02 gehiago;
- 17,61 milioi euro inbertsioetara, aurrekontuaren % 4,29 eta 2017ko aurrekontuan baino % 4,92 gehiago;
- zorra amortizatzera bideratutako partida 2,51 milioi eurokoa da, 2017ko zenbateko bera eta guztizkoaren % 0,61;
- aurrekontuaren gainerakoa finantza-gastuetara, transferentzietara, diru-laguntzetara eta abarretara bideratuko da.
Adierazleen txostena
Kontseiluaren osoko bilkurak, era berean, Elkarteari kontu emateko EHUren adierazle-sistema txostenaren 2017ko azken edizioa aztertuko du gaurko saioan. Bertan azaltzen denez, Euskal Herriko Unibertsitateak hobetzen jarraitzen du gizarte-helburuak betetzeari dagokionez; izan ere, azterlanean jorratzen diren 20 adierazleek bilakaera positiboa ageri dute 2014tik. EHUren Gizarte Kontseiluak urtero neurtzen du unibertsitate publikoaren gizarte-helburuen betetze-maila 2008az geroztik.
Hala, 2017ko azterlanak jasotzen duenez (2015-16 ikasturteko informazioa biltzen du, eta aurreko urtearekin eta serie historikoarekin alderatzen), unibertsitate publikoak aztertutako 20 adierazleetatik hamarretan izan du hobekuntza. Hain justu ere, finantzaketa, trebakuntza, inguruneko beharrizanetara egokitzea, I+G+B ikerketa, nazioartekotzea eta gizarte-erantzukizuna dira hobetutako alderdi horiek.
Txostenaren helburua EHUri eta haren epe luzeko bilakaerari buruzko ikuspegi orokorra ematea da, erabakigarritzat jotako 20 adierazle baliatuta; horrez gain, eskuratutako emaitzei buruzko oinarrizko xehetasunak eta ekarritako balioa ematen ditu, gizarte-helburuak zenbateraino bete diren zehazten du, eta ezaugarri antzekoak dituzten unibertsitateen adierazleekin alderaketa egiten du. Txostenaren azken edizio horretan, EHUren bilakaerari buruzko ondorioak ateratzeko datu fidagarriak eskaintzen dira erakundearen funtzionamendurako gako diren bederatzi alorretan (informazio xeheagoa nahi izanez gero, 20 adierazle horietako bakoitzaren fitxak kontsulta daitezke). Azterlan osoa eskuratzeko, EHUren Gizarte Kontseiluaren webgunera jo daiteke (www.gizartekontseilua.eus).
Azterlanaren ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmenduko genituzke.
- Finantzaketaren eta gastuen alorrean, unibertsitate-jardunaren finantzaketa-maila handiari eutsi izana nabarmendu behar da, administrazio autonomikoak egindako transferentzia korronteen bidez (krisiaren aurreko mailez azpitik, hala ere); horri esker, ikasleko gastu-ratio handia izaten jarraitzen da, Estatuko unibertsitate publikoen batezbestekoarekin alderatuta.
- Prestakuntzaren esparruan lortutako emaitzen adierazleetan ikusten den hobekuntza da ondoriorik nabarmenenetako bat. Arrakasta- eta errendimendu-tasek bilakaera positiboa izan dute epe laburrean eta luzean. Eskola-uztearen tasak, berriz, egonkor jarraitzen du. Enpresetan borondatezko praktikak egiteko tasak goranzko joerari eusten dio, eta koherentzia gordetzen du unibertsitatearen eta inguruneko errealitate ekonomiko eta profesionalaren arteko lotura handiagoa sustatzeko estrategiarekin.
- EHU da lehendabiziko aukera nagusia erabat; halere, estaldura-mailarekin lotutako adierazleek erakusten dute kuota erlatiboa apur bat galdu egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrez aurreko unibertsitate guztien artetik, bai gradu-ikasketetan, bai master-ikasketetan.
- EHUn graduatutako pertsonak laneratzeari dagokionez, eskura ditugun azken datuak 2013ko promozioarekin lotutakoak dira, eta emaitza positiboagoak ageri dituzte. Nolanahi ere, ikasketak amaitu ostean lehendabiziko enplegua topatzeko denborak egonkor jarraitzen du.
- Ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoaren alorrean, emaitza berrienek hobekuntza nabariak erakutsi gabe jarraitzen dute.
- Nazioartekotze-adierazleei dagokienez, berriz, gradu-ikasketetan atzerriko ikasleen kaptazio handiagoa suma daiteke.
- Kalitateari eta izen onari erreparatuta, EHUren tituluen ehuneko handi batek berritu du egiaztapena. Bestetik, lehiako deialdi publikoetan ikertzen enplegatutako pertsonen ratioak aurrez aurreko unibertsitate publikoen batezbestekoa gainditu egiten du, eta igo egin da azken urtean.
- Hizkuntza normalizatzeri dagokionez, graduko eta lehen eta bigarren zikloko euskarazko kredituek egonkor jarraitzen dute azken urtean.
- Gizarte-erantzukizunarekin loturik, emakumezko irakasle eta ikertzaile doktoreen tasak hobekuntza esanguratsua izan du eta aurrerabideak ageri ditu berdintasunari dagokionez; gradu-ikasketetan eta lehen eta bigarren zikloetan matrikulatutako emakumeen kopuruak, aldiz, apenas ageri du aldaketarik, eta matrikulatutako emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino.
Azkenik, osoko bilkura berean, Gizarte Kontseiluak hainbat aurrekontu-aldaketa onartu ditu unibertsitateak hala eskatuta: Gizarte Kontseiluaren aurrekontuen kitapena 2017ko abenduaren 31n eta EHUko irakasleen eta ikertzaileen osagarriak esleitzeari aurkeztutako hainbat errekurtso.
199.- Osoko Bilkura 20.12.17
Posted by consejosocialupvehu in Plenos-2017.add a comment
Gai zerrenda hauxe izango da:
- 2017ko urriaren 25ean burututako ehun eta laurogeita hamazortzigarren saioko aktaren irakurketa eta, hala badagokio, onespena.
- UPV/EHUren 2014 eta 2015ko Fiskalizazio Txostena. HKEE-ko Presidentearen azaltzea.
- Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren izenaren aldaketa. Akademi eta Euskara Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion akordio proposamena.
- Ikasketa Osagarriak. Ekonomi eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion akordio proposamena.
- Itsas baliabide biologikoak Erasmus Mundus unibertsitate masterra. Ekonomi eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion akordio proposamena.
- Aurrekontuko aldaketak. Ekonomi eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion akordio proposamena.
- 2016ko deialdiko irakasleen gehigarrizko ordainsari osagarrien esleipenei jarritako berraztertze errekurtsoak. Ekonomi eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion akordio proposamena.
- 2017eko deialdiari dagokion gehigarrizko ordainsari osagarriak (C1 eta C2 tarteak) esleitzeko proposamena. Ekonomi eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion akordio proposamena.
- UPV/EHUk beste erakunde batzuetan duen parte hartzearen txostena: Euskampus.
- Erregu-galderak.
HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK GIZARTE-KONTSEILUARI AURKEZTU DIZKIO UPV/EHU-REN 2014. ETA 2015. URTEETAKO FISKALIZAZIO-TXOSTENAK 20.12.17
Posted by consejosocialupvehu in notasprensa-2017.add a comment
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gaur aurkeztu ditu UPV/EHUko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkuran Euskal Herriko Unibertsitatearen ekonomia- eta finantza-jardueraren 2014. et 2015. urteetako ekitaldietako Fiskalizazio Txostenak. Bi ekitaldi horietan, Epaitegiaren ustez, Unibertsitateak arrazoiz bete zuen bere jarduera arautzen duen legezko araudia.
Txostenen arduradun den Kontseilari Mariano Garcíak egin du azalpena eta José Luis Bilbao Presidentea eta HKEEko Ikuskari Buru Elena Cordero egon dira bertan. Azaldu dutenaren arabera, edozelan ere, bi ekitaldietan, Epaitegiak zenbait urritasun hauteman ditu Langileria Gastuen arloan eta Administrazio Kontratazioaren arloan. 2014ko eta 2015eko urteko kontuen harira, Epaitegiak erantsi du, bi kasuetan, ezin izan dela ondorioztatu Soberakin Espezifikoa arrazoizkoa al den (horren zati bat Gastu Orokorretarako Soberakintzat hartu beharko litzateke), ez eta Funts Bibliografikoetako saldoa arrazoizkoa den ere.
- urtean zegoen finantza-egoerari dagokionez, Epaitegiaren txostenak nabarmentzen du emaitza korrontea mantendu egin dela 2013. urtearekiko, zorpetzea murriztu egin dela, transferentzia zein diru-laguntza bidezko diru-sarrerek behera egin dutela eta, azken ekitaldietan, nabarmen murriztu dela UPV/EHUren inbertsio-ahalmena.
- urtean zegoen finantza-egoerari dagokionez, Epaitegiak adierazi du diru-sarrera korronteak mantendu eta gastu korronteak handitu zirenez, emaitza korronte positiboa murriztu egin zela 2014. urtearekiko eta, era berean, zorpetzeak behera egin zuela bosgarren urtez jarraian.
Transferentzia eta diru-laguntza bidezko diru-sarrerek behera egin dutenez azken ekitaldietan, eta horren ondorioz nabarmen jaitsi denez Unibertsitatearen inbertsio-ahalmena, Epaitegiak ondorioztatu du etorkizunean inbertsioak egin ahal izatea finantzaketa eskuratzeko gaitasunaren araberakoa izango dela (kapitaleko diru-laguntzen bidez edo berriro ere zorpetuz).
Azkenik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak baieztatzen du, 2014. eta 2015. urteetan, zegozkien aurrekontuen likidazioan bete egin zirela finantza-orekako eta -jasangarritasuneko printzipioak.
Ikasketa osagarriak
Kontseiluaren osoko bilkuran, halaber, Ikasketa Osagarrietako 32 ikastaroren matrikula-prezioak baliozkotzea erabaki du:
| Ikastaroa | Zenbatekoa |
| Aho barneko Minaren Diagnostiko Diferentziala (1. edizioa) | 120 euro |
| Landaredia eta Paisaia Iberiar Penintsulan / Vegetation and Landscape of the Iberian Peninsula (6. edizioa) | 249,99 euro |
| Enplegu-bilaketa aktiboa (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Emozioak modu adimentsuan maneiatzea (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Gaitasun sozialak (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Aberaste pertsonala: gogamenaren moldeak (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Ikasketa-teknikak eta lan intelektuala (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Talde-lana eta motibazioa (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Estresa maneiatzea eta errealizazio profesionala (10. edizioa) | 80,01 euro |
| Product Cost Management (1. edizioa) | 255 euro |
| Zientzia Politiko eta Administrazio Zientzietako mintegi partaidetua (3. edizioa) | 20 euro |
| Zientzia Politiko eta Administrazio Zientzietako prestakuntza-mintegi osagarria (3. edizioa) | 10 euro |
| Teoria Politikoko prestakuntza-mintegi osagarria (2. edizioa) | 10 euro |
| Dislexia ulertzea: esparru klinikoan, hezkuntza-esparruan eta esparru pediatrikoan hautemateko eta esku-hartzeko jarraibideak | 120 euro |
| Aktoreen prestakuntza, interpretazioa, sorkuntza eta performance (4. edizioa) | 228 euro |
| Giza kalitatea eta lidergoa (1. edizioa) | 90 euro |
| Telekomunikazio-sare eta -zerbitzuen diseinu eta kudeaketa (4. edizioa) | 225 euro |
| Komunikazio-sistema elektronikoak (4. edizioa) | 225 euro |
| Instalazio termikoak eta fluidoen instalazioak (4. edizioa) | 225 euro |
| Enpresen administrazioa (4. edizioa) | 225 euro |
| Hezkidetzan Esku-Hartzen (3. edizioa) | 500 euro |
| Euskal Zuzenbide Zibil berria: familia- eta oinordetza-alderdiak (2. edizioa) | 250,02 euro |
| Al-Andalusen historia (4. edizioa) | 58,50 euro |
| Testutik interpretaziora (4. edizioa) | 58,50 euro |
| Antzerki-lantegia: antzerkia ozen irakurtzea (4. edizioa) | 58,50 euro |
| Pentsamendu islamikora hurbiltzen: goren unea eta gainbehera (2. edizioa) | 58,50 euro |
| Prentsa-lantegia (4. edizioa) | 58,50 euro |
| Nazioarteko harremanak I (4. edizioa) | 58,50 euro |
| Nazioarteko harremanak II (4. edizioa) | 58,50 euro |
| Erdi Aroko arabiar artea: ondare artistiko eta kulturala idaztea (1. edizioa) | 58,50 euro |
| Antzerki lirikoaren hastapenak: opera eta zarzuela (1. edizioa) | 58,50 euro |
| Forma eta estilo musikalen entzunaldia (1. edizioa) | 58,50 euro |
Atal berean, Osoko Bilkuran ikasketa osagarrien beste 2 ikastaroren matrikula-prezioa ezarri du:
| Prestakuntza-eguneratzea I (4. edizioa) | 202,50 euro |
| Prestakuntza-eguneratzea II (4. edizioa) | 202,50 euro |
Hezkuntza Fakultatea eta Erasmus Mundus masterra
Gizarte Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola Bilboko Hezkuntza Fakultate bihurtzea proposatu dio, Bolonia prozesuarekiko koherentzia handiagoa lortzeko, egungo gradu-titulazioak irakasteko, bigarren zikloko eta masterreko ikasketak zabaltzeko eta hezkuntzara aplikatutako oinarrizko ikerketa-jarduera areagotzeko. Kontseiluak, halaber, Hezkuntza Sailari proposatu dio Itsas Baliabide Biologikoen Erasmus Mundus Unibertsitate Masterra ezartzea.
Beste akordio batzuk
Azkenik, Osoko Bilkurak oniritzia eman die EHUk eskatutako aurrekontu-aldaketei eta aurkeztutako 89 berraztertzeko errekurtso ebatzi ditu, 2016ko deialdiko irakasleentzako ordainsari-osagarri gehigarriak esleitzearen harira.





